Bahitetxeak beste bahitetxe batzuen ereduari jarraitu zion eta Kutxaren beste gizarte-ekintza bihurtu zen (ikus EUSKAL HERRIKO AURREZKI KUTXAK). Aurrezkiaren Egunean 25 pezetatik beherako sorteekin egiten ziren doako bahi berreskuratzeak horren froga onak dira (Gobernuak 1928ko urtarrilaren 4az geroztik eman zuen xedapen hori). Ekonomia apalen bilakaera Bahitetxeak urtero egiten zituen eragiketetan ikus daiteke, zenbat eta bahi gehiago egin, orduan eta behar handiagoa, zenbat eta bahi berreskuratze gehiago orduan eta egoera ekonomiko hobea. Adierazitako epeetan berreskuratzen ez ziren jantziak edo bitxiak enkante publikoan saltzen ziren, eta beste alde batez lortutako dirua saldutako objektuaren jabearen esku geratzen zen, eta kreditua eta sortutako interesak ordaindu ezin izanez gero, Bahitetxearen eskuetan geratzen zen. Urtean egiten ziren enkante kopurua Bahitetxearen arrakastaren froga da, bai eta hara joaten zirenen beharrena ere, batzuetan, bahitutakoa berreskuratzea galarazten baitzien. 1941ean, bahien zenbatekoa 2.499.942 pezetakoa izan zen, eta, 1956an, 6.927.871 pezetakoa. Urteak joan ahala, bizkaitarren bizi maila hobetzeak gero eta sinbolikoagoa egin zuen Bahitetxearen lana.