Lehenengo urteetan, estatutuen arabera, lortutako mozkinen ehuneko berrogeita hamarra erreserba-funtserako zen, eta gizarte- eta ongintza-jardueretarako onura horien, gutxienez, ehuneko hogeita bost erabiltzen zen. Honela, Kutxaren goiburua zenari, Ongia egin, erantzuten zitzaion. Gainerakoen helburua langileen Pentsio Kutxari, inposatzaileei emandako sariei, aurrezkiaren propagandari eta Bahitetxeak eginiko doako ekimenei erantzutea zen.
1920an, Espainian funtzionatu zuen lehen Adin Txikikoen Auzitegia inauguratu zuten Bilbon. Gabriel Mª de Ybarra y de la Revillak (1875-1951) bultzatua. Pertsona berak berrezteko etxe bat edo erreformatorio bat sortu zuen. Zentro horren proiektuan eta sostenguan, Kutxak ere parte hartu zuen.
1925ean, Aurrezkiaren Eguna ospatzen hasi zen, eta sariak dirutan ematen zitzaizkien behartsuenei. Horrez gain, Bahitetxeak doako bahi kentzeak egien zituen. Urte bereko abuztuaren 13an, Sukarrietan, Preventorio Escolar de Nuestra Señora de Begoña (“Begoñako Ama Birjinaren prebentzio Eskola”) zabaldu zen. Hasieran, beraiek edo familia eskola-libretaren edo arruntaren jabe ziren bederatzi urtetik gorako eta hamahiru urtetik beherako osasun-arazoak zituzten haurrak hartzen zituen, Han hiru edo sei hilabetez egon zitezkeen, erakundeko medikuak beharrezkotzat jotzen zuenaren arabera.
1926an Instituto de Segunda Enseñanza y Escuela Superior de Comercio Alfonso XIII (“Alfontso XIII.a Bigarren Hezkuntzako Institutua eta Merkataritzako Goi Mailako Eskola”) inauguratu zen. Eraikina Kutxak ordaindu zuen. Erregeak eta zenbait ministrok parte hartu zuten eraikin horren inaugurazio ekitaldia aprobetxatuz, 15.000 pezetako urteko saria ezarri zen, aita hil edo lan istripu baten ondorioz, lanerako ezgaitua zuen langile-familia bati etxebizitza erosten laguntzeko.
Eskola Liburutegi Zirkulatzaileen Zerbitzua, eskatzen zuten eskola guztiei txandaka ematen zitzaiena. Eskolako zinema, filmak eskoletan proiektatzeko programa. Eskola-aurreztea ezarrita zuten ikastetxeetako ikasle gailenei ematen zitzaizkien bekak eta ikasketa-pentsioak. Gizarte-ekintza hori urteetan zehar mantendu da, bigarren hezkuntzako, unibertsitateko eta beste lanbide-ikasketetakok ikasleak sartuz.
Montepío de la Mujer que Trabaja (“Lan egiten duen emakumearen montepioa”). Kutxa honen gizarte-lan garrantzitsuenetako bat izan zen, 1924an helburu mutualistekin sortua. Hileko kuota txiki bat ordaintzeak laguntza bazkideari eta bere familiari laguntza mediko-farmazeutikoa jasotzeko eskubidea ematen zien, erditzeko laguntza ere ematen zuena. Hasieran, kontsultategi txiki bat ireki zen, eta, gero, Clínica Maternal y Operatoria (“Amatasun eta Ebakuntza Klinika”) zabaldu zen Etxaniz plazan (1927ko abendua), bere garaiko baliabiderik aurreratuenez hornitua. Urte berean bi mila mutualista zituen, Montepioko burua Asunción Barandiarán de Moyua eta Junta de Damas (“Andre Batzordea”) zen, Santa Anaren Karitateko Ahizpen ardurapean. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialean probatutako ideia bat zen (ikus GIPUZKOAKO AURREZKI KUTXA PROBINTZIALA), amatasun-sorospena ezartzen zen unean iristen zena (1922-1931) amatasun-asegurua ezartzeari buruz eztabaidatzen zenean eta 1931n gauzatu zena.
Elkarri Sorospena emateko Elkartea bat izan zela esan daiteke, eta, aipatutako zerbitzuez gain, ezkontza-sorospena eta hileta-sorospenak ere eman zituen. Eskubide guztiak zituzten kideek eguneko laguntza izaten zuten gaixotasunagatik edo derrigorrezko atsedenaldian erdituz gero (erditu baino hilabete lehenago eta beste bat geroago). Etxea eta familia zaintzeko indarrik ez bazuten, beste emakume baten etxez etxeko laguntza jasotzeko eskubidea ere izaten zuten. Montepioa Kutxako funtsen bidez, mutualisten kuotekin, dohaintzekin eta legatuekin sostengatzen zen, gehi ordainketa-zerbitzuen bidez lortutakoarekin. 14 eta 40 urte bitarteko emakumeak onartzen ziren
Montepio hori, gero, Centro de Asistencia a la Mujer y el Niño (“Emakumearen eta Haurraren Laguntzarako Zentroa”) bihurtuko zen, eta, Euskal Herriko beste gizarte-lan batzuekin gertatu zen bezala, Estatuak eta gero Erkidego Autonomoek emandako osasun-hedapenaren ondorioz, lan horiek galdu egin zituzten jatorrizko helburuak, eta sektore publikora pasatu ziren.
Haurtzaintza eta La Gota de leche (“Esne-tanta”) (1907an sortua) Udalaren mendeko zerbitzuak izan ziren, eta 1928an Kutxaren gizarte-lan bihurtu ziren. Urtebete geroago, Instituto Anticanceroso de Vizcayarekin (“Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Institutua”) (1929) lankidetzan aritu zen.
La Casa de Familia o Residencia .Villa Bilbao (“Bilbo hiria Familia Etxea edo Egoitza”) 1930ean ireki zen Kutxaren babesarekin. Santa Anako Karitateko Ahizpek zaintzen zuten, eta helburua beren lokaletan emakumeei etxebizitza apaingarri, zintzo eta babeslea ematea zen, edozein egoeratan zeudela ere, eta, batez ere, ikasketak, enplegua eta lanbidea zirela-eta beren bizilekutik aparte bizi behar zuten gazteei. (Aipu luze hori 1930ean Caja Trabajo aldizkarian agertu zen iragarkian bezala utzi dut, garai hartan emakumeekiko zegoen pentsamoldearen isla delako). Etxe honetan mantenu osoko erregimenean zeuden eta, beraz, eguneko 4 pezetaren truke. Zalantzarik gabe, eskaera handiko misio soziala betetzen zuen, izan ere, irekitzean 23 plaza besterik ez zituen eta, handik gutxira, eraikina handitu behar izan zen eskatzaileei 50 plaza eskaintzeko
1932an Bermeoko Casa del Niño (“Umearen Etxea”) izeneko haurtzaindegia zabaldu zen. Haurtzaindegi horrek kontserba-fabriketan edo arrantza-sektorean lan egiten zuten emakumeen seme-alabak zaintzen zituen. Gerran, Ospitale bihurtu zuten, baina amaitu zenean lehenera itzuli zen. Antzeko helburuak zituen Bilboko Urazurrutia auzoan zabaldu zen Sala-cuna San Antonio (“San Antonio sehaska-gela”) haurtzaindegia eta amatasun-eskola.
Kutxa honek aurreikuspen-adarrik ez zuen arren, hori probintzietako kutxen berezko jarduera izan zen, Caja de Ahorros Vizcaínarekin (“Bizkaiko Aurrezki Kutxa) eta Instituto Nacional de Previsiónn (“Aurreikuspen Institutu Nazionala”) lankidetzan aritu zen Homenajes a la Vejez (“Zahartzaroari Omenaldiak”) eta Homenajes a la Vejez del Marino (“Itsasgizonaren Zahartzaroari Omenaldiak”) mantentzeko. Beste gizarte-lan batzuk Bilboko eta Bermeoko haurtzaindegiak eta Certámenes de Trabajo (“Lan-lehiaketak”) izan ziren.
