Politikariak eta Kargu publikoak

Bujanda Sarasola, Gerardo

1919an Donostian jaiotako gipuzkoar nortasuna.

II. Errepublikan Eusko Gaztediko kide izan zen eta 1936-1939ko gerran errepublikaren eremuan borrokatu zuen, Saseta batailoi nazionalistan hain zuzen ere. Santoñan preso hartu zuten 1937ko abuztuan. Ondoren, lau urte eman zituen hainbat presondegitan, baita Pontejoseko erietxean ere, tifusak jota, eta Madrilen lan bortxatuak egitera behartu zuten, gerra amaitu arte.

1941ean Espainiako kolonia afrikarretara bidali zuten eta bertan 5 urtez egon zen.

Victoriano Luzuriaga enpresan administraria, 1946an Donostiara itzulia, klandestinitatean EAJko buruzagietako bat izan zen Juan Ajuriaguerra, Jesus Solaun eta Jose Maria Lasarte Aranaren kanpo aginduetara. Urte luzez Jon de Igeldo izan zen, Radio Euzkadi de Venezuelara Francoren diktaduran Euskadin gertatzen zenaren hainbat kronika bidaltzen zituen izengoitia.

1977ko eta 1979ko hauteskunde konstituziogileetan Gipuzkoako diputatu izan zen Kongresurako (EAJ). 1979ko maiatzean EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) kide hautatu zuten.

2003ko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 38. edizioan Argizaiola bereizgarria eman zioten, Loiolako Herri Irratia irratiari emandako laguntzagatik.