Monarkia eta noblezia

Bonaparte, Napoleon

Napoleon Bonapartek, iraultzan hasitako ideia politikoak sendotzeaz gain, berrantolaketa plana gauzatu nahi izan zuen, euskal lurraldeak ere barne hartzen zituen plana alegia. Penintsulako euskal probintziak sartu ziren aurretik ere Konbentzio Gerraren garaian Frantzia berrantolatzeko egindako plan batzuetan. Hala eta guztiz ere, euskal probintzietako, eta, oro har, Espainiako lurraldeko politika eta administrazioa berrantolatzeko plan horiek hurrengo urteetan zehar mugatu ziren.

Frantziarrek eraso baino lehenago Godoyk Napoleonekin egindako negoziazioetan, enperadoreak azaldu zuen Pasaiako Portua beretu nahi zuela. Napoleonen hurbileko pertsona batzuek azaldu zioten balio estrategiko eta potentzial logistiko handia zuela. Balidoak ezezko biribila eman zion, baina ondorengo urteetan, portu horretan esku hartzeko plan bat egiten hasi ziren enperadorearen ingeniariak, eta franko-kopuru jakin bat erabiltzen zuten urtero proiektu horretarako. 1807an, Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta euskal probintziak espainiar erresumatik bereiztea eta lurralde horiek beretzea proposatu zuen. "Pirinioez Haraindiko Herrialde" izango zen mugaketa sortu berri horren izena.

Ordenamendu-proiektuak harago joan ziren. 1808. urtearen hasieran, Joseph Dominique Garat abokatu eta politikari frantziarrak, iraultzan zehar bi aldiz justizia-ministro izan zenak, proposamen bat egin zion Napoleoni: hegoaldeko hiru euskal probintziek, iparraldeko bik eta Nafarroako erresumak osatutako entitate bat sortzea. "Fenizia Berri" izango zen entitate horren izena.

Beste alde batetik, Baionako Konstituzioan ez zen aipatu euskal probintziak bateratzeko proiektua, baina bai euskal foruen estatus berezia. Horiek lehenengo Gorte Nagusien deialdian aztertuko zirela erabaki zen, baina, gerra-egoera zela eta, ezin izan ziren gorteak bildu.

1808ko uztailean Frantziar armada Bailenen garaitua izan ostean, euskal probintzietan lehenengo altxamendu-ahaleginak egin ziren frantsesen kontra, baina matxinadei eutsi zieten haiek, eta modu iraunkorrean okupatu zituzten euskal probintziak.

1810eko otsailaren 8ko dekretuaren bidez, lau gobernutan antolatu zen "Pirinioez Haraindiko Herrialdea": Kataluniako gobernua, Aragoiko gobernua, Nafarroakoa eta Bizkaiko gobernua, euskal probintziek osatzen zutena. Lurralde horiek bere inperioan sartzeko ideiarekin jarraitzen zuen Napoleonek, eta, horrek haren anaia Joseri eragiten zion galeraren ordainetan, Portugal eskaini zion. Lurralde horiek beretzeko asmoa mantentzen zuenez enperadoreak, euskal probintzien berezitasun politikoak eta administratiboak azpimarratzen zituen azterketa bat egin zuen.

1811n, Fenizia Berria eratzeko proiektua aurkeztu zion Garatek Bassanori, enperadorearen kanpo-harremanetarako ministroari. Alabaina, une horretan Napoleon buru-belarri sartuta zegoen Errusiako kanpaina militarrean, eta 1812an zaildu egin zen Espainiako gerra. Espainiar tropak eta ingelesen eta portugaldarren armada posizioak irabazten joan ziren Jose I.aren armadaren kontra, eta, azkenik, errege hura eta frantsesak kanporatzea lortu zuten 1813an.