Monarkia eta noblezia

Bonaparte, Napoleon

Espainian, okupazio frantsesaren kontra altxatu zen herria. Frantziarrak ez zeuden ohituta espainiarren taktika militarrera, hau da, gerrilla-gerrara, eta euren tropetan galera handiak eragiten ari ziren. Hori horrela, Napoleonek penintsulara joan behar izan zuen operazioak zuzentzeko; 1808ko azaroaren hasiera aldera, Napoleonek Bidasoa ibaia gurutzatu zuen. 240.000 bat gizonez osatutako armada zeraman eta egun gutxitan Gasteizera heldu zen. Mesetan behera jarraitu zuen hegoalderantz, eta, une horretatik aurrera, frantziar tropak batailak irabazten hasi ziren ohiko armada espainiarraren eta errefortzu ingelesen kontra. 1809ko urtarrilean, enperadorea, Espainiako egoera kontrolpean zuela pentsatuta, penintsulatik irten zen, Parisera dei egin baitzioten.