Zerbitzuak

BILBOKO UDALAREN AURREZKI KUTXA ETA BAHITETXEA (1907-1989)

Aurrezki-kutxetan aspaldian zerbait mantendu bada, gizarte-lanak izan dira. Demokraziaren etorrerak eta Ongizate Estatuaren hasierak XX. mendearen lehen herenean hasitako lan horietako batzuen helburuak aldatu zituzten. Ongintzako obrek urte askotan iraun zuten; esate baterako, 1949an egoitza berria inauguratu zenean, hainbat dohaintza eman zizkieten hiriburuko parrokoei beren parrokietako behartsuei laguntzeko.

1955ean, Bahitetxeak beharrezko izaten jarraitzen zuen, eta Kutxatik diru-laguntzak jasotzen jarraitzen zuen; hasierako lanarekin Sukarrietako Koloniak bere horretan jarraitzen zuen, baita Centro de Asistencia a la Mujer y al Niñok, Montepío de la Mujer que Trabaja izeneko erakundearen ordezkoak; Beneficencia Domiciliaria y la Gota de Lechek; Residencia Femenina Villa de Bilbaok; Casa del Niño de Bermeok, Sala-Cuna de San Antonio ere. 1949an, San Frantzisko auzoan Bernardino de Garizar haurtzaindegia ireki zen, eredua Bermeokoa izanik eta Hogar de Retiro y Recreo (“Erretiro eta Olgeta Etxea”). Hezkuntzaren eta kulturaren arloan ere iraun zuten aurreko ekimenek: Liburutegi ibiltariak, ikasleentzako bekak eta eskolako zinema. Osasun arloan garrantzi handiagoa hartu zuten Eliseo Migoya Kardiologia Institutuari egindako ekarpenek. Eraikin horretan ere bularreko haurren klinika zegoen.

Irabazien hazkundeak Kutxa honen gizarte-ekintza garrantzitsuan inbertitutako diruaren ehunekoak handitzea ekarri zuen, baita denboran zehar izandako inflazioa kontuan hartuta ere. 1941ean, 776.720,46 pezeta inbertitu ziren; 1950ean, 2.695.606,76; 1970ean, 10.517.282; 1980an, 684.402.700; eta 1989an, 11.400 milioi pezeta. Azken urte honetan, Kutxa honetako Ongintzako Gizarte Ekintza arlo hauetan banatzen zen: Laguntza, Kultura, Irakaskuntza, Osasuna, Ikerketa, Eraikuntza Berriak, aspaldi sortutako erakundeak bizirik iraunaraziz.