Kontzeptua

Bigarren Hezkuntzaren sorrera eta garapena Euskal Herrian

Hurrengo lerroetan euskal probintzietako institutuen sorrera eta garapenari buruzko zehaztasunak ezagutu ahal izango ditugu; gogoratu behar dugu bai Arabakoa, bai Bizkaikoa eta baita Gipuzkoakoa ere, Valladolideko unibertsitate-barrutiaren menpe agertzen zirela. Batez besteko ikasle kopurua aztertuz, Valladolideko Institutuaren atzetik, Bizkaikoa zen ikasle gehien erakusten zituena; Arabakoa, ordea, Palentziako Institutuaren antzera, unibertsitate-barrutian ikasle gutxien erakusten zituena zen.

Arabako Institutuaren sorrera 1842 urtean gertatu bazen ere, horren aurrekariak urtebete lehenago topatzen ditugu, Gasteizko Udaletxeak sortutako Humanitate eta Merkataritza Eskola batzuetan. Eskola horiek 1842ko irailaren 13ko Errege Agindu baten ondorioz desagertu ziren; agindu horrek unibertsitate txikien desagerpena ere ekarri zuen (guda karlistaren ondorioz Oñatiko Unibertsitatea Gasteizera aldatu zen), eta baita institutuen sorrera ere.

Beraz, Arabako Institutua Gobernuaren aginduz sortu zen, hezkuntza arloarekin loturiko lege proiektuekin bat eginez; institutua martxan jartzeko, Gobernuko ordezkariak, Arabako Buruzagiak eta Udaletxeko eta Diputazioko ordezkariek osaturiko Batzordea izendatu zen. Batzordeak harturiko lehenengo akordioetako bat ikastegiaren izena izan zen: "Instituto Alavés". Lehenengo Zuzendaria ordurako Oñatin kendutako Unibertsitatearen Errektorea izan zen, irakasle asko ere bertatik etorriak zirelarik.

1850 urtean institutuak egoera zail bati aurre egin behar izan zion: irailaren 8ko Errege Dekretuak Arabako Institutua ixtea agindu zuen; dekretuan adierazitakoak, Arabako Institutua ez ezik, Baeza, Cuenca, Guadalajara, Oñati, Orihuela, Tutera eta Tuy-koa ere egoera berean kokatzen zituen, beren ateak ixteko beharrean hain zuzen ere. Arabako Institutuaren kasuan, Pedro de Egaña diputatuaren esku hartzea erabakigarria izan zen, hamar egunetan Ministerioren erabakia aldatzea lortuz eta institutuak lehen mailako kategoria eskuratzea ahalbideratuz; 1851 eta 1855 urte bitarteko epean instituturako egoitza berria eraiki zuten, 1856an inaugurazioa eginez.

1859an institutuaren izendapena aldatu zuten, "Gasteizko Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala" izatera pasatuz; izen hau 1901 urtera arte mantendu zen, urte horretan Romanonesek egindako erreformaren ondorioz "Institutu Orokorra eta Teknikoa" izena hartuz.

Bilboko kasuan garbi antzeman zitekeen udal eta probintzial korporazioen interesak non kokatzen ziren: merkatal burgesia nagusi zen eta beharrezkoa zen Nautika, Industria eta Komertzio arloetan etorkizuneko langileak trebatuko zituzten ikastegiak sortzea. Irakaskuntza teknikoen nagusitasuna, Bigarren Hezkuntzako ikasketekin alderatuz, oso markatua zen. 1840 urtetik aurreikusita bazegoen ere, 1845 urtean hasi zen eraikitzen Bizkaiko Ikastetxe Orokorra. Pidal Planaren disposizioak jarraituz, 1847ko uztailaren 7an Bizkaiko Institutu Probintzialaren kategoria eskuratu zuen.

1851eko Errege Aginduak Nautika eta Komertzio eskolen berrantolaketa ekarri zuen; Bizkaiko Institutuak ospe handia hartu zuen, Gil de Zaratek berak 1855ean ikastegiaren kalitatea goraipatu zuela eta Europako ikastegirik onenen parean kokatu zuela. Institutuak izaera zientifiko eta industrialaren alde apustu egin zuen: lehen aipaturiko Komertzio eta Nautikaz gain, Matematika, Fisika eta Kimika katedrak ere nagusitu ziren.

1888an, Diputazioak bultzatuta, Euskarako katedra ezarri zen; horren titularitatea Resurrección María de Azkueren esku geratu zen, ohore hori eskuratzeko Miguel de Unamuno edo Sabino Arana bezalako pertsonaiekin lehian sartu behar izan zuena. Aipatzekoa da irakasgai hori ez zela Gobernuak diseinatutako curriculumean kokatzen, irakasgai berezien arloan kokatzen zela baizik.

Gipuzkoako kasuan, Bigarren Hezkuntzako garapenaz hitz egiteak derrigorrez Bergara aipatzera eramaten gaitu, hemen sortu baitzen Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala. Azpimarratu behar da Bergara izan zela "Real Sociedad Bascongada de Amigos del País (RSBAP)" erakundearen sorlekua. Instituaren sorrera gertatu baino lehen, Bergaran kokaturiko ikastegiak etapa eta izen desberdinak erakutsi zituen, hala nola "Real Seminario de Nobles", "Real Seminario Patriótico Vascongado", "Liceo Vascongado" eta Bigarren Hezkuntzako Unibertsitatea.

1845 urtean, Pidal Planak ezarritakoaren arabera, ikastegian Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako Goi Mailako Institutua sortu zen, bereziki distiratsua izan zen garai bati hasiera emanez; gertaera nagusien artean, aipatzekoa da 1850ean, agertutako Errege Dekretu bati jarraituz, Industria Eskola sortu zela. Hilabete batzuk beranduago, 1851ko martxoaren 24an argitaratutako Errege Aginduaren ondorioz, aipatutako Industria Eskolak eta Bigarren Hezkuntzako Institutuak bat egin zuten, "Real Seminario Científico Industrial" izeneko ikastegia sortuz.

Adierazitako gertakari esanguratsuen ildotik, beharrezkoa da 1872 eta 1873 urteak ere kontuan hartzea; garai horretan guda karlistak gogor zigortu zuen probintzia, baina Bergara izan zen bereziki zigortua izan zen hiribildu horietakoa. Zalantzarik gabe, une kritiko baten aurrean gaude, gudaren gorabeherek saihestu baitzuten irakas zereginak normaltasunez garatu ahal izatea. Horren ondorioz, ikastegiak bere irakas zeregina bertan behera utzi behar izan zuen, behin behineko moduan Donostiara mugituz. 1854tik aurrera Donostia Gipuzkoako hiriburua zen, eta 1863an harresien suntsitzea gertatu ondoren, gero eta protagonismo handiagoa erakutsi zuen probintzia egituran.

Gipuzkoako Institutuarekin jarraituz, hasiera batean behin behinekoa izan behar zuena behin betiko bihurtu zen, ikastegia Donostian geratu baitzen betirako; 1880ko otsailaren 29an argitaraturiko Errege Aginduak garbi ezarri zuen jatorriz Bergaran sortutako ikastegiak Donostian geratu behar zela behin betiko. Adierazi denez, ordurako Gipuzkoako hiriburuak letargian egoteari utzia zion eta goranzko bidean murgildurik agertzen zitzaigun. Azkenik, 1901an Gipuzkoako Institutuak ere, Romanonesen erreforman jasotakoari jarraituz, "Institutu Orokor eta Teknikoa" izendapena hartu zuen.