Kontzeptua

Bigarren Hezkuntzaren sorrera eta garapena Euskal Herrian

Beren jatorrian, Bigarren Hezkuntzako ikasketak klase sozial ertainei begira jaio ziren, horien artean, intelektualak, funtzionarioak, militarrak eta teknikoak kontsideratzen zirela. Ikasketa plan desberdinetan zehar aspektu hori aldakorra izan bada ere, egiaztatzen da Bigarren Hezkuntza nagusiki 10 eta 17 urte bitarteko mutilentzako ikasketa maila dela, neskak kanpoan geratuz. XIX. mendeko azken bi hamarkadetan, familia ertainetako alabak ikasketa horiek egiteko eskubidea aldarrikatzen hasi baziren ere, 1910ean egindako Errege Agindu batek baimendu zuen emakumearen matrikulazioa Bigarren Hezkuntza ofizialean. Hortik aurrera emakumea modu progresiboan sartu zen hezkuntza maila horretan, ondoko datuek erakusten diguten moduan:

  1. 1914-15ean emakumeen %3a matrikulatzen zen.
  2. 1927-28an %13aren matrikulazioa.
  3. 1939an, Guda Zibila amaitu ostean, hezkidetza planteamendua debekatu zen.
  4. 70. hamarkadan gizon eta emakumeen matrikulazioa parekatu egin zen.

Aipatu den moduan, Bigarren Hezkuntza klase pribilegiatuen formaziorako bidea kontsideratu zen, burgesia eta klase popularren arteko muga markatzen zuena, eta maila sozialaren adierazle bihurtzen zena; populazioaren gutxiengo bat izaten zen Bigarren Hezkuntzarako bidea hartzen zuena: XIX. mendeko erdialdean, 10-15 urte bitarteko populazioaren %3-6ak jorratzen zuen Bigarren Hezkuntza , apaiztegiak eta lanbide-heziketaren ikastegiak ere barne hartuz; adibide zehatzagoa jartzeko, Gipuzkoan 1860 eta 1901 urte bitarteko epean, bakarrik %0,20 inguruk egiten zituen Bigarren Hezkuntzako ikasketak, Espainiako batez bestekoaren gainetik kokatuz, beheko taulan ikus dezakegun eran:

100.000 biztanleko Bigarren Hezkuntzako ikasleria Gipuzkoan eta Espainian
Iturria: OSTOLAZA ESNAL, M. Entre Religión y Modernidad. Los colegios de las Congregaciones Religiosas en la construcción de la sociedad guipuzcoana contemporánea, 1876-1931. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000.
IkasturteakGipuzkoaEspainia
1860-61168131
1878-79171189
1900-01238173

Beraz, eskainitako ehunekoa kontuan hartuz, argi geratzen da jarraipen baxuko ikasketak zirela; Gipuzkoako kasuan, 1860 urteko matrikulazio datuei erreparatuz, 10 eta 14 urte bitarteko umeen %1,5a zegoen matrikulatuta Bigarren Hezkuntzako ikasketetan, %2,3ra igoz aplikazio ikasketen datuak ere kontuan hartzen baditugu. Azkeneko datu hauek Gipuzkoako egoeraren berri eskaintzen digute, baina garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herriko orokortasunari ere erreparatzea; beheko taulak 1864 eta 1894 urte bitarteko epean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan edukitako matrikulazio datuen berri eskaintzen digu:

Valladolideko Unibertsitate-Barrutian matrikulatutako ikasleria. 1864-1894
Iturria: geuk egindako taula; matrikulatutako ikasle kopuru osoa erakusten du, ikastetxe pribatuen eta etxeko heziketaren matrikulazio datuak ere barne hartuz.
Probintziak1864187818891890189118921894
Araba385164239222259285265
Bizkaia610581717664715760776
Gipuzkoa312291471544595590600
Totala1.3071.0361.4271.4301.5691.6351.641