Kontzeptua

Bigarren Hezkuntzaren sorrera eta garapena Euskal Herrian

Euskal Herrian garatzen joan ziren ildo ideologikoei erreparatzeak karlismo eta nazionalismoa aztertzera eramaten gaitu, hezkuntza arloan eragin adierazgarriak erakutsi zituzten ideologiak; 1876tik aurrera, Foruen galerarekin, eta batez ere 1900 urtetik aurrera, nazionalismoarekin batera liberalismoa eta sozialismoa ere sendotzen hasi ziren, prozesu industrializatzailearen eraginak garbi erakusten zituen gizartearen panorama ideologikoa osatuz. 1876 eta Bigarren Errepublika bitarteko epean euskal identitatea kulturala izatetik nazionala izatera pasa zen, euskal hizkuntza eta aspektu kultural eta etnikoak oinarritzat hartuz.

Kleroaren eragina ere ezin dugu alde batera utzi, modernizazio prozesuan erabakigarria izan baitzen; Berrezarpenak Elizaren pribilegioak sendotzearekin, erlijioarekiko grina izan zen euskal gizartearen adierazle nagusietakoa, erlijioa ere lehenago aipaturiko euskal identitate horren oinarrietako bat bihurtuz. Hezkuntza berrikuntzarako programa koherentea eskaintzeko zailtasun handiak zituen Estatuarekin konparatuz, Elizaren eraginkortasun maila handia zen arlo horretan. Elizaren ahalegina mentalitate erlijioso kontserbatzailea mantentzearen aldekoa izan zen, baina gizarte hiritar eta industrialen balore berriak kontuan hartzen saiatuz.