Kulturalak

Beti Jai Alai Dantzari Taldea

Agirien arabera, taldea sortu 1968ko apirilean sortu zen, naiz eta lehenagotik jardun. Bere lehenengo agerraldia 1968ko apirilaren 21ean izan zen, Bilboko Kirol Udal Pabiloian ospatutako jaialdi batean. Beti Jai Alairen aita-pontekotza Dindirri taldeak egin zuen, eta jaialdian parte hartu zuten soinulari hain klasikoak nola Salba Ugarte, Txilibrin eta Balbino Ojanguren trikitilariak; Txistulari Udal Banda (Boni Fernandezen batutaren agindupera); Argoitia anaia-arreba kantariak; San Anton Orfeoia eta Errekaldeberriko Arraizpe Korala; eta Amaia, Gazteak Alai eta Goi Alde dantzari taldeak; Txistulari aldizkariaren 1968ko 54 alean (apiril-maiatza-ekaina) jasotzen den bezala.

1993 urtean Beti Jai Alaik bere sorreraren 25 urteurrena ospatu zuen; ospakizunetako egitaraua osatzeko, gonbitaz Perm-eko talde errusiarra (Ural mendietan) ekarri zuelarik. Eta 2008 urtean, 40 urteurrena ospatu zuen, besteak beste Arriaga Antzokian emandako jaialdi batez, Bilboko lau estanpaz osatutako egitarau bat eskainiz:

  1. XVI mendean Bilboko haundikiek egindako Jaia: orduko torneo eta dantzak.
  2. XVII eta XVIII mendetako Gorpuzti eguneko Jaia: dantzari eta erraldoiak parte hartzen duteneko prozesioa.
  3. Bilboko Aratusteak, XIX / XX mendean.
  4. Bilbo eta inguruko elizateetako erromeriak, eta gaur egun Begoñan egiten diren aurresku eta dantzak.

Hasierako konpromezu hari esker, gaur egun (2014 urtean)laurogei kideko talde garatu bat izatera iritxi da Beti Jai Alai; errepertorioa, berriz, aberatsa eta nabarra du, Xibero, Lapurdi, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza, doinu, soinu, kantu eta jantzi zaharrak ageri direlarik bere emankizunetan; dena dala, agerian dago beti taldearen bizkaitar kutsua (Dantzari dantzaren segida osoa, erregelak -gizonezkoen zein emakumezkoena--, Lekeitioko andreen aurreskua, Lekeitioko kaixarranka, Markina-Xemeningo ezpata-dantza, Lanestosako arkudantza...).

Kompromezu hari esker, baita, gaur egun instalazio duin batzuen jabe da taldea -ensaio tokia, erropa gordetzeko tokia, eta bulego/liburutegia--, Masustegiko estratan kokaturiko egoitzan.