Kulturalak

Beti Jai Alai Dantzari Taldea

XVII. eta XVIII. gizaldietan zehar Bilbo hiriko jai-ospakizunik garrantzitsuenak eta arranditsuenak Gorpuzti-egunaren ingurukoak ziren, prozesioa bera jaiaren atal funtsezkoa zela, noski. Jai honen antolakuntzako ardura hartzen zuen Sakramentu Txit Santuaren Kofradiaren kontu liburuetan arakatuta, Iñaki Irigoienek atera ditu argitasun guztiak.

Prozesioaren osagarriak asko ziren: eleiz-agintari bere musika-kapera eta guzti, herri-agintariak.... Baina prozesioan ezin dira falta erraldoiak, nanoak, rabiak, dragoia... eta dantzariak. [Gaur egun Oinati eta Lapurdiko herrietako Besta Berri jaietan ikusi daitezke ospakizun honen zantzuak, hala nola Heleta, Bidarrai...].

Bilboko Gorpuzti eguneko prozesioko dantzak birsortzeko ahaleginaren emaitza da azkenik burutu duena Beti Jai Alai taldeak. Jose Luis Fraile Iruñeko Gaitari taldekoak ondutako doinuei, taldeak koreografia aproposa erantsi die, Euskal Herrian dauden ereduei jarraiki.