Kontzeptua

Berrikuntza pedagogikoa Euskal Herrian

Berrikuntza pedagogikoaren edozein saiakera, egoera jakin bat aldatzeko beharraren ondorioz sortzen da. Euskal Herrian, XX. mendearen hasieran suertatutako hezkuntza aldaketarako planteamendu gehienak, Euskal Herriko hizkuntza eta kultur nortasuna aintzat hartuko zuen alternatiba pedagogikoa bilatzen zuten sektoreetatik etorri ziren. Moyano Espainiar Hezkuntza Legearen gaineko kritika etengabea izan zen XIX. mendearen bigarren erdi aldean, bai foruen urraketatzat jotzen zuten diputatu foralen aldetik, baita gazteleraren zabalpena eta euskararen zokoratzea kezkaz ikusten zuten kulturgile nahiz intelektual euskaltzaleen aldetik ere.

1918tik aurrera antolatutako Eusko Ikaskuntzaren jardunaldiak izan ziren aurreko hamarkadetan sortutako ekimen eta ideia ezberdinen nahiz hezkuntza berrikuntzarako desiren lehenengo bilgune aipagarria. Lehenengo saioa Oñatin burutu zen eta pedagogiaren gaineko gai ugari landu ziren bertan. Hezkuntza sistemaren inguruko aldaketa garrantzitsuak proposatu ziren jardunaldi haien ondorio gisa:

"haurren zein umeen eskubidea delako euskarak oinarrizko hizkuntza izan behar du; euskal hiztunak diren umeei euskarazko irakaskuntza eman behar zaie, gaztelera edo frantsesa bigarren urrats batetan irakatsiz; gaztelaniadunei gazteleraz, euskara bigarren urrats batean irakatsiz; udalerri bakoitzak bere irakasleria aukeratzeko eskumena izango du (...); ikastolen sorrera; eskolako eraztunaren salaketa; lehen hezkuntzako irakaskuntzaren autonomia..."(Estornés, 1983, 192 or.).

Planteamendu hauen oinarrian zegoen pentsamenduak, hezkuntza politika espainiarrak sortutako arazoei eta, Euskal Herriaren kasuan, gazteleraren eta frantsesaren alfabetatzeak zekarren euskararen galerari irtenbidea ematea zuen helburu. Maria de Maeztuk argiro azaltzen du euskaldun umeen egoera: "ulergaitzak diren irakaslearen hitzak entzuten, emozio izpi txiki bat edo bizitza intelektualari erreferentzia egingo dion atomo bati sarrera utziko dion zirrikiturik gabe. Eskola hauetan, irakasleak eta ikasleak ez diote elkarri jaramonik egiten; urte luzetan zehar elkarrekin bizi dira, baina ez dira elkarrekiko komunikazioan jarri oraindik". Eduardo Landeta edo Luis Eleizaldek ere bat egiten zuten Maria de Maezturen baieztapenekin, pedagogia garaikideari zegozkion ekarpenak gehituz. Eskola sistemaren ezaugarri behinenak kritikatu zituzten: buruz ikasi beharra, liburuetan oinarritzea eta haurraren garapenari zein inguruneari ez erreparatzea. Euskal eremuetan egoera okerragoa zela baieztatu zuten, euskal hiztunen egoera kontuan hartuz.

Eusko Ikaskuntzaren kongresuetan elebitasunaren afera, sustrai politiko argia duena, jorratu egin zen, baita pedagogia mugimenduan ere. Izan ere, beharrezkotzat ikusten zen haurra bere ama hizkuntzan heztea erdi maila batera arte eta hortik aurrera bigarren hizkuntza bat bereganatzea, ikaslearen garapen psikolinguistikoa hobetze bidean. Espero bezala, estatuko sistemak ez zuen hau guztia onartuko, zeren eta, hizkuntzaren homogeneizazioa tankera napoleonikoan gauzatuko zen estatu-nazio liberala eraikitzeko estrategikoa baitzen. Horregatik, Euskal Herriko irakasle eta agintari kulturalak, eskola eta pedagogi alternatibak bilatzen hasi ziren antzeko hizkuntza arazoak zituzten europar herrialdeetan.

Orain arte aipatutako ideiak eta kezkak eskola ekimenetan gauzatzen joan ziren, gerra zibila amaitu arte. Esperientzia hauen zabalera koantitaboa txikia izan zen baina kualititiboki esanguratsua eta izaera askotarikoa gainera: ekimen batzuk Aldundien eskutik jaio ziren (auzo zein herri eskolak), beste batzuk udalerrien ekimen bidez eta beste batzuk ekimen pribatuaren bidez. Norabide ezberdina hartu zuten arren, kontuan hartzekoa da guztiek kontrako indar berberak jasan zituztela (ekonomikoak, ideologikoak, politikoak...).

Hauen guztien gaineko irakurketa egitea nahiko luzea izan daitekeen arren, 1933an abian jarritako Euzko Ikastola Batza proiektuari erreferentzia egingo diogu, garaiko pentsamendu pedagogikoak eskola proiektu erreal batean izandako aplikazioa ikustea ahalbidetzen baitigu. EIBk metodo orokor eta metodologia aktiboaren alde egiten zuen apustua, ikaslea eta bere ingurunea aintzat hartuz, aurretik egondako formazio esperientzia eta bilaketa teorikoaren ondorio dira. Julia Fernandez Zabaleta, Julene Azpeitia eta Aita Alzok Montessoriren pedagogiaren gainean zuten jakituria eta Julenek berak Decrolyren gainean zuena erabakigarriak izan ziren. Korronte hauetan espazioaren antolaketak berebiziko garrantzia du eta umeari mugitzeko askatasuna eman behar dio. Ondorioz, ikasgela bakoitzaren erdian mahai borobil handi bat egon ohi zen (ikasleak honen inguruan esertzen zirelarik) eta ingurumenarekin sortzen zen lotura ere garrantzitsua zen oso; natura edo geografiarekin erlazionatutako kontzeptuak ikasteko egiten ziren irteerak ugariak ziren eta testuliburuak ez erabiltzea deliberatu zuten, hain justu ikaskuntza errealitate eta bizitasunetik ahalik eta gertuen mantentzeko.