Zinekoak

Bandera beltza

Altube produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1986an, eta Pedro Oleak zuzendu. Euskal zinemaren barruko bere bigarren film luzean, Oleak pirata moderno batzuei buruzko kontakizun garratza idatzi zuen, Rafael Castellanorekin batera.

Begoña neska gazteak (Virginia Mataixek antzeztua) ontzijabe garrantzitsu batengana (Carlos Lucena) jotzen du, aitarentzat (Alfredo Landak jokatua) lana eskatzeko, eta ontzijabeak baietz erantzuten dio. Begoñaren aita ontzitako kapitaina da. Lanik gabe dago, eta depresioak jota, emaztea hil zitzaionetik. Ontzijabeak "Urkia" merkantzia-ontziaren agintea ematen dio. Horrek ehiza-eskopetak eraman behar omen ditu Afrikako herri batera. Baina tripulazioa Afrikara heltzen denean, ikusten da ontziak gerrako armak zeramatzala benetan. Kapitainari heriotza-zigorra ezartzen diote, indultua jasotzen du gero, eta hil egiten dute azkenean. Horko gerrillari batzuek, ustez. Bilbon, ordea, Begoñak tripulazioko kide bat (Imanol Arias) ezagutzen du, eta hartaz maitemintzen da. Haren laguntzaz, aurkitzen du ontzijabea dagoela kontrabandoaren aferaren eta aitaren hilketaren atzean, eta mendekatu egiten da hartaz, garraztasunez eta umore beltzez betetako amaiera batean.

Estreinatu zenean, harrera hotza izan zuen filmak. Gehienbat, produkzio-etxearen erruz, pirata- eta abentura-filmtzat saldu baitzuen produktua, nahiz eta Olearen lanak ez duen inongo zerikusirik mundu alai horrekin. Aitzitik, Bandera negra film tristagarri eta krepuskularra da. Pertsonaia positiboak biktima hutsak dira, eta txotxongiloak bezala darabiltzate ustelkeria-lan ilun batean. Ginean filmatutako kanpoalde argi eta diafano horiek berek ere ez dakarkiote argirik kontakizun triste eta ezkorrari. Hauek dira filmaren lorpen nagusiak: Bilboko gaizkile-auzoen deskribapen aparta, galtzaile batzuen erretratu hunkigarria, eta jadanik aipatu dugun amaiera, zeina ironia karga fin batekin erabaki baita.

  • Angulo, Jesús: "Un cineasta llamado Pedro Olea", Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1993, 159 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.