Pintoreak

Balenciaga Altuna, Narciso

"Balenciagaren pintura-mota, agian hala nahita edo agian artea azaleratzeko bere modu apalaren adierazgarri delako, inpresionista eta espresionista da. Horrez gain, bere obra bizitasun handi batez hornitzen da.

Kolore epelak eta kolore hotzak neurririk gabe. Bigarren multzoan barneratzen dira Orio herriaren bi paisaiak eta lehen multzoan kokatzen da Getariako portu zaharra ageri duena. Azken horretan, bikain tonatutako pasta epelez gaineztatuta, distirak bikain kualifikatutako efektu bizia sortzen du, non gorriak eta horiak era harmoniatsuan nahasten diren eta masen oreka perfektua den. Hemen, aldi berean, inpresioa eta espresioa nahasten dira, dohain goresgarriak, artista berrientzat gidoi nagusi gisa baliagarri diruditenak. Balenciagaren azken mihise hori Arte Modernoko Museoak eskuratu zuen. Txalogarri deritzogu horri, izan ere, bada garaia arte moderno nazionalaren barnean duina eta aintzat hartzeko modukoa dena ofizialki aitor dadin"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Rafael Lopez Izquierdo, La Nación, Madril, 1933-04-01.


"Hiri-paisaia batzuk, esate baterako, Orio edo Guetaria, ederrak dira lehen begi kolpean eta, ondoren, zehaztasun gehiagoz erreparatuta, egiazko gozamena sorrarazten dute, bikain prestatutako jaki baten parekoa; hondoan agertzen diren irudi ñimiñoak, karelean bermatuta, esekitako arropek arrosaz apaindutako fatxada, isla motelez ageri den itsasadarra... Beste olio batzuk ez dira horren erraz barneratzen, tonu bioleta edo itzaltsuz tartekaturik, eduki gupidagabea ageri da horietan, garratza. Esate baterako, herriko plaza ageri duen hori, non jendetza pilatuta, gozatzen ari den halako dantza makabro bat interpretatuz. Festak edo bilera-lekuak, herrikoi dena, ez dago Regoyosen kutsu bakun eta samurrez interpretatua, nahiz eta ekidinezina den autore hori gogora ekartzea; ez da Zubiaurreren erlijiozkotasuna antzematen, ezta Jose Arrueren karikaturazko folklorismoa ere: Alemaniako espresionismotik gertuago daude horiek, Ensorretik Kirchnerrera, maskara edo lumatze modura egituratzen den giza miseria mingarria ikusteko zuten modu gordina gogora ekarriz. Pinturarekin maitemindutako gazte ilusionatuaren bi auto-erretratuei so, artearen atze-oihal ilunean barneratzen den gizona datorkigu burura bat-batean. Pinturari egindako maitasunezko aitorpen batetik (eskua, paleta, artistaren zapia), ukabilkada jaso eta bere burua isolatzen duen pintore etsitu eta sufritura pasatzen gara.

Uste dut Balenciagak ezagutzen zituela Regoyosen inpresionismo bakunaren eta Zuloagaren (bere babesle izan zen Zuloagaren) tremendismo hanpatuaren artean ezarritako mugak Agian horregatik, berak beste jomuga batzuk bistaratzen zituen: alde batetik, euskal motiboaren desmitifikazioa; eta bestetik, gaitik haratago dagoen pintura. Orbana, formaren materialtasunik eza, argiak eragindako disoluzioa edota etereoa denaren zatiketa elkarren ondoan ageri dira, eraikitako bolumenaren eta formaren aurka eta kontrajarrita, zeintzuk Cezanneren eran betikoturik ageri diren, edo hobeki esanda, Cezanne omenduz (...) Beste alde batetik, errituzko erroskilen zuriak edota zementuzko fabrikan nagusitzen den grisak, egunerokotasunaren garrantzia, zapalketa sentitzeko modua agertzen digute, inguratzen gaituenarekin laketutako begirada batetik. Balenciagak maite duena pintura da, eta badaki aurrera egiteko edota hobetzeko abagunerik eskaintzen ez dion mundu txiki horretatik atera behar duela"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adelina Moya, La Voz de Euskadi, 1983-06-16.