Kontzeptua

Azti, Aztru, Aztua

Magoa, igarlea. Horrela deritze etorkizuna igarri eta magia praktikatzen duten pertsonei. Gauzen gainean eragitea dute helburu, hainbat baliabide erabiliz: objektu materialak, irudiak, keinuak, sinboloak edo izenak.

Aztikeria Euskal Herrian modu askotara ezagutu edo praktikatzen da, eta horrela ikus daiteke jarraian aipatuko ditugun kasuetan.

Euskal Herriko txoko ugaritan, argia giza arimaren izenetako eta sinboloetako bat da. Gaur egun ere sinesmen zabaldua da hildakoen arima argi formarekin azaltzen dela. Eta, oraindik ere gure etxeetan eta elizetan egin ohi dugun bezala, horren adierazle den kandelarekin (argizari edo argizai ere deitua -"arimen zaindari?"), horri eragin edo argia ematen zaio. Kandela arimaren eta bizitzaren sinboloa da, eta indar magiko baten bidez, hildakoen arimei argia ematen die hilondoko bizitzan. Horrez gain, pertsona baten bizitza kontsumitzeko ere erabil daiteke. Horrela, kandelen bitartez, hain zuzen ere, Leitzako etxe batean (kasu tipiko bat aipatzearren) auzoko lapur bat identifikatu eta zigortu nahi izan zuten, barkillo (zilarrezko platera) bat lapurtu zielakoan. Lapurra irudikatzen zuen kandela bat piztu zuten, argizaria kontsumitu ahala lapurraren bizitza ere itzaliko zela pentsatuz. Kasu horretan, ez zen auzoko inor hil, ez baitzen lapurretarik gertatu. Hala ere, barkilloaren jabearen sagarrondoetako bat lehortu zen, eta bertan aurkitu zuten ontzi preziatua, zuhaitzaren zulo batean. Beste batzuetan, irain baten mendeku hartzeko, kandela bat bihurritu eta erretzen da, iraina egin zuena bihurrituta eta kontsumituta geratuko delakoan.

Horrez bestalde, moneta ere erabiltzen dute aztiek batzuetan, pertsonak zigortzeko. Moneta bihurritzen edo tolesten dute, eta sutara edo elizako atabakara bota, gorroto duten pertsonak sufritu dezan eta hil egin dadin. Bihotzeko gaixotasunak sendatzeko, aztiak oilar bat sakrifikatzen du, eta bihotza lurperatu, ustel dadin. Horrela, bihotza gaixoa sendatuko dela espero du. Ubelak, distentsioak... sendatzeko, aztiak zauriaren gainean arropa bat jartzen du (mediak edo galtzerdiak, lesioa hanka batean bada), eta orratzarekin eta hariarekin arropan gezurrezko jostura bat egiten du, zauritutako muskuluak josi edo elkartuko direlakoan.

Solstizioetako suetan, neguan zein udan, urte zaharra edo iraganeko tutoreak irudikatzen dituzten belarrak, larruak edo panpinak erretzen dira, erretzerakoan uztak kaltetu eta abereak gaixotzen dituzten izpiritu txarrak joango direlakoan.

Beste magia-modu bat euria artifizialki sortzea da. Horretarako, santu bat zipriztintzen da, landetan euri naturala lortzeko asmoz. Harriabar mehatxua dakarren ekaitz-hodeia urruntzeko, aztiak uztaibedarrarekin ("ortzadar-belarra" - rumex cripus) hodeiari nora joan behar duen adierazten dio. Tximista ez dadin etxean erori edo kontrako norabidean joan dadin, atarian aizkora (tximistaren sinboloa) jartzen da ahoa gora begira duela.

Antzekotasuna ez da objektuei izaera magikoa ematen dien gauza bakarra, bestelako baldintza eta ezaugarri batzuk ere eman daitezke. Aztiaren ustetan, objektu batetik banandutako parte batek edo norbaitekin kontaktuan egon den edo norbaitena izan den gauza batek pertsona edo objektu hori irudikatzen du. Horregatik, aztiak gauza edo objektu horri egiten diona (asmoa ekintzari lotzen zaio) horrekin erlazionatutako subjektuari (pertsona, animalia edo gauza) ere gertatuko zaio. Esaterako, behi bati herpesa sendatzeko, gorosti eta ipuru adar berdeekin ukitzen dute. Adarrak lehortzean, behia sendatzen da. Iuskadiko edo Iuskimendiko (eguzkiaren mendia) haitzulo batean, bada estalagmita bat, eta harri bihurtutako santua dela sinetsi ohi da. Ekzema bat dutenek zapi batekin estalagmita ukitzen dute, eta, gero, gaixo dagoen partea. Ondoren, zapia haitzuloko arroketan uzten dute. Gaixotasuna zapiarekin batera desagertzen da. Infartuak eta garatxoak sendatzeko ere, kontaktua erabili ohi da.

Gorputzean infartuak dituenak, eskuan gatz ale bat hartzen du, eta alearekin gaixo dagoen aldea igurtzi, gurutzeak eginez. Bitartean, honako formula hau esaten du: "Gainguillak (infartuak) dira bederatzi; bederatziak zortzi; zortziak zazpi; zazpiak sei; seiak bost; bostak lau; lauak iru; iruak bi; biak bat; gainguillak egin dezala zirt-zart". Azken hitz horiek esaterakoan, gatz alea sutara botatzen du, eta alea berehalakoan txinpartaka hasten da, zirt zart egiten du. Prozesu bera errepikatzen du behin eta berriz, bederatzigarren alea sutara botatzen duen arte. Bederatzi egunez egin behar du, bederatzi alerekin aldi bakoitzean. Aztiaren ustez, horrela infartuak eta garatxoak sendatuko ditu. Gatzaren ordez, gari aleak, ipuru baiak, ihiak... ere erabil daitezke. Aitzitik, horiek ez dira sutara botatzen, lurperatu baizik: usteltzerakoan, gaixotasuna desagertuko dela espero dute.

Gauzen izena horien irudikapena dela sinetsi ohi da, eta esaerak adierazten duen bezala, izenek eta gauzek lotura estua dute: "izena duen guztia omen da; izengaberik ez omen". Horregatik, aztiak izenak erabiltzen ditu. Horrela, izendatutako gauza atzemango du, edonon dagoela ere. Horixe bera da biraoaren kasua (araoa edo jeinu gaiztoa): madarikazioa izen batekin erabiltzen denean, izendatutako pertsonaren edo objektuaren gainean zorigaitza, gaixotasunak edo deabrua proiektatzen ditu. Biraoarekin kaltetu nahi duen pertsonaren izena ez dakienean ere, aztiak madarikazioa zehaztasunez bota dezake. Horretarako, madarikazioaren formula egun osoan etengabean errepikatu behar du, eguneko uneren batean biraoak helburua joko baitu. Hona hemen madarikazio baten adibidea: "etsaiak (deabruak) artuko al au". Deabru edo izpiritu gaizto horri gaixto, mamu edo galtzagorri ere deitu ohi zaio, eta biraoa dela medio, pertsona baten barnean sartzen da.

Ildo bera jarraitzen dute Erdi Aroko dokumentuetan agertu ohi diren madarikazioak. Horrela, Antso Jakituna nafar erregeak 1165ean Laguardiako hiribilduari foruak eman zizkionean, esleipen-gutunean hitz hauek idatzi zituen:

"Que esta Carta, é estos fueros, é Costumbres quisieren desrromper, o quebrantar sea maldito, e apartado de Dios, que es Padre, e fixo, e Espíritu Santo, e de Santa María, e de nuestro Señor Jesu-Christo, et sit en la maldición de los Angeles, e de los Arcangeles, e de los Patriarcas, e de los Profetas, e de los apóstoles, e de los Evangelistas, e de los Mártires, e de los Confesores, e de las Vírgenes, e de todos los Esleitos de Dios, e sea danado, como judas traidor, en el infierno de fivo et perezca assi como perecieron Sodoma e Gomorra, vean los sus días pocos, e su muger sea fuida, e sus Fixos huerfanos sea destruido de el libro de los que viven en buena vida e no fagan commemoración de el de aquí adelante Amen, e sobre aquesta maldicion Pecha al Señor Rey diez mil maravedis".