Kontzeptua

Birao

Madarikazioari birao edo sakre deritzo. Horrez gain, pertsona edo animalia baten izena erabiliz madarikazioa botatzen denean, animalia edo pertsona horretaz jabetzen den izaki edo jeinua ere izan daiteke. Aitzina, madarikazio batek heriotza eragin zezakeela sinetsi ohi zuten. Biraoak pertsonen gorputzean gaixto izeneko izpiritu txarrak sartzen zituela uste zuten (Donoztiri - Nafarroa Beherea).

Herri batzuetan, egunak madarikazioak botatzeko une zehatz bat zuela sinetsi ohi zuten, eta une horretan esandako biraoa erabat eraginkorra zela. Donoztiriko nire informatzaileak honako legenda hau kontatu zidan: herri hartako bizilagun batek lapurreta baten mendekua hartu nahi zuen, lapurrari hondamendia eta heriotza eraginez. Hortaz, egun oso batez madarikazioa behin eta berriz errepikatu zuen. Bizilagun hark ziurtatzen zuen deabruak lapurra hartu zuela, madarikazio horren ondorioz, eta, horregatik, leiho batetik bere burua bota, eta suizidatu egin zela. Sineskera herrikoien arabera, jeinuek botatako madarikazioak beti betetzen dira (Eusko-Folklore, 1922, 7. zk).

Batzuetan, madarikazioa objektu baten bidez gauzatzen da. Horrela, santu bati moneta bihurritu bat eskaintzea norbaiti gaizkia nahi izateko modu bat da. Behinola, Aizkorriko Gurutzera erromesaldia egitera zihoazen Ormaiztegiko herritar batzuk bat batean mugitu ezinik gelditu omen ziren, Segura eta Zegama artean. Harrituta, erromesetako batek besteari galdetu zion: - "Gauza txarren bat daramazu?" -"Moneta bihurritua daramat Aizkorriko baselizara, nire txakurra hil zuenari gorputza bihurritu ziezaion", erantzun zion besteak. Moneta konpondu, eta ibiltzen jarraitu ahal izan zuten.