Dantza

Azeri-dantza

Hamabost neska-mutilek, alkandora edo kamiseta zuriekin eta galtza mahoi edo bakero urdinarekin, maskuri bana eskuan hartuta eta soka luze bi isatsak dituena helduta, herriko kaskoen zehar ibiltzen dira, jendearen aurrean azaltzen eta desagertzen, maskuriko golpeak banatzen.

Beraiekin batera dantzari bat joaten da, honek bere burua azeriaren buru eta buztanarekin tapatuta. Honen presentzia 1988 urtekoa da, Luis Telleriak asmatuta eta diseinatua. Gaur egun, azeri-dantza izena maskuri-dantza baino gehiago erabili izatea horrekin lotuko nuke.

Azeria bere kontura ibiltzen da eta gaiztakeri ezberdinak egiten ditu: balkoi batera igo neska bati musu edo besarkada emateko, edo irina eta ura bota inguruan daudenei.... Maskuri bat darama baita ere eta jendeari jotzen dio baina koadrilakoek baino gutxiago eta ez hain indartsu.

Inauteriekin duen loturarengatik ulertzen da bai azeriaren jokaera bai eta jendearen onarpena ere .

Garai batean dantzariek jangarri edo beste gauza txikiak lapurtzen zituzten eta joera horrek, azerien parekoa, dantza bera azeriarekin identifikatzera eraman du eta, agian, hortik bere izena.



Denak txistulari talde baten laguntzarekin ibiltzen dira, eta inauterietan baldin bada, hauek ere mozorrotuak joango dira. Txistulariek festarena den melodia jotzen dute denbora guztian. Musika abaila ezberdinarekin jotzen dute, erritmo azkarra koadrila gertu dagoela adierazteko eta mantsoa urruti dabilela esateko.

Azeri-dantzako taldea eta jendearen artean ematen den jokoa, inauteriaren osagarri bat da.

Hernaniko kasko zaharreko etxeen egitura arkitektonikoak, kale batetik bestera pasatzea edota atari batean desagertu eta bost pa sei berago edo gorago azaltzea ahalbideratzen du.

Orain dela urte gutxi arte, dantzariak azaltzen zirenean jendeak korrika alde egiten zuen kolpeak ez jasotzeko. Azkeneko boladan, ordea, gazte batzuk elkarrekin helduta, multzoa osatuz, kolpeak jasatzeko prest azaltzen dira eta modu batean azeri-dantzako koadrilak duen botere bakarra eta absolutua, desafiatzen dute. Partehartzaile ezberdinak duten protagonismoa berdindu egiten da. Denok protagonista eta beharrezko garela aldarrikatuz.

Ordu eta erdi kalean zehar ibili ondoren, herriko plazan, dantzariek, azeria buru, azeri-dantza dantzatzen dute eta ondoren maskuri gainean salto eginda, lehertuz, festari bukaera ematen zaio.