Jaialdiak-Ekimenak

Antzuolako Mairuaren Alardea

Alardeari buruzko aipamen zaharrena 1539koa da, hain zuzen Antzuolak Bergaran ez baina herrian bertan egiteko eskubidearena: udalerri ez ziren beste tokietan bezala, eginbehar militarretik harago, herri-nortasunaren adierazle. Alabaina, ez dago garbi haietatik eratorri ote zen zuzenean jaietako desfile folklorikoa, behin zentzu militarra galduta. Gutxienez 1881etik aurrera, alarde hitzez ezagututako armadunen konpainia batez gain, beste armadunen konpainia bat, diskurtsoa egin zuen kapitaina, dantzariak, bi kanoi, torero-koadrila bat eta mairu presoarena egiten zuen katez lotutako durbantedun soldadu bat ere gehitua zitzaizkion desfileari.

Zezenketarien agerpenaz gain, halaxe iraun du, funtsean, Mairuaren Alardeak gaur egun arte. Harekiko pertzepzioa, berriz, aldatu egin da urteen poderioz, batez ere Trantsizioaz geroztik. Antzuolarren partaidetza historikoa borroka hartan zalantzan jarri da, eta harekin batera, ospakizun osoa. Kezka, berriz, ez da akademikoa izan, dokumentatzerik ez dagoen gertakizuna delakoan, herritar balioen bilakabidea baizik: borrokaren ospakizunari darizkion balioak kuestionatuta -frankismoaren oso gustuko kristautasuna, espainoltasuna, mairuarekiko mespretxua edota militarismoa- , ospakizuna bera kuestionatu da. Intsumiso asko zegoen herrian eite militar handiko jaia ez zitzaion erakargarri gazteriari. Antzuolar komunitate-kohesioa ahuldu ahala ere (lo egiteko herria, kanpotarren proportzioa handitzea eta asteburuak kanpoan pasatzeko joera...) jaiak indarra galdu du: data finko bat ez izatea da horren adierazgarri. Hortaz, Trantsizio garaiko aldaketak eginagatik ere, jaiaren gainbehera nabaria izan da.