Jaialdiak-Ekimenak

Antzuolako Mairuaren Alardea

Osagai nagusia errege mairua protagonista duen antzezpena denez, aurreko eta ondorengo elementuak hari estu loturik daude: armadunen desfilea herriko kaleetan, musikariak aurretik, fusildunak ondoren eta artilleriakoak atzean doazela, zaintzapean eramandako errege mairua eta guzti; mairuei borrokan kendu omen zitzaien bandera; kapitainaren diskurtsoa, Antzuolako armarria eta bandera azaltzen dituena; errege mairuaren eta kapitainaren arteko solasaldi antzeztua, mairuaren askapenaz burutzen dena; mairuen aurka antzuolarren egitandiak ez ezik euskal foruak kantatzen dituzten Iparragirreren bertsoak, eta kanoi eta fusilen ohorezko deskargak.

Ekitaldi folklorikoari justifikazio historikoa diskurtsoak ematen dionez, pertzepzio historikoa aldatu ahala diskurtsoa ere aldatu da: Trantsizioan, erdarazko azalpen handi-manditik euskarazko bertsio labur eta soilagora, 2009an berriro aldatuta. Iparragirreren bertsoak 1978an txertatu ziren koreografian. 1980ko hamarkadan Alardeari, hots, armadunen desfileari, garrantzi gehixeago eskaini zaio janzkeran, musikan... beste euskal alardeen antzera. Alegia, frankismoaren ondoren eite belizista apaldu eta euskal kutsua areagotu zaio ekitaldiari. Halaber, mairuarekiko antzezpena ere gozatu, leundu egin da: astotik zaldira, arlote janztetik dotore janztera, aurpegiaren beltz zikina beltzaran bihurtzea, kapitainaren aurrean menpekotasun itxuratik (durbantea lurrera botatzea, ihes keinuak, belauniko, burumakur...) parekideen arteko solasera (2009tik euskaraz eta arabieraz erantzun, adibidez), eta abar.