Dantza

Zartain-dantza

Baztango irri-dantza.

Bere izenak iradokitzen duen eran, dantzak zor dio izena dantzari batek eskuan daraman zartaginari. Baztango irri-dantzen errepertorioan aurki dezakegun dantza da eta, honela, Maurizio Elizaldek 1943. urtean osatu zuen bilduman aurkitzen da. Mauriziok bere aitarengandik jaso zituen kaiera horretan agertzen diren dantzak, baina aurretik Aita Donostiak jaso zuen Maurizioren aitarengandik (Antonio Elizalde txistularia, hain zuzen) dantza honen melodia, 1919. urtean jaso ere. Argitaratu, 1930. urteko Gure Herria aldizkariaren ale batean argitaratu zuen, eta horretan dantzaren ondoko deskripzio hau ematen du (erdaraz):

"Se ponen unas sillas, una menos que el número de bailarines. Estos se ponen en círculo más o menos amplio. Ellos dan unas vueltas bailando. Uno de los que bailan lleva la sartén sobre su hombro. Es éste el que lleva (conduce) la danza y cuyos movimientos deben ser imitados por los demás bailarines. Luego de algunos momentos de danza, aquel que lleva la sartén se sienta, diciendo: "Yarri" (sentarse), lo que todos deben hacer. Pero dado que el número de sillas no se corresponde con el de bailarines (hay una de menos), uno de los bailarines debe permanecer de pie, sin lugar. Aquél debe besar la sartén y es quien la tomará en su vuelta (turno) para dirigir la danza. La cual consiste en unos saltos (se puede hacer saltando o no)".

Melodia 6/8 konpaseko biribilketa bati dagokio.

Aita Donostiak informatzen digun eran, dantzariak aulkiek osatzen duten zirkuluaren barneko aldetik dantzatzen ziren, aulkien eserlekua zirkulu horren barnera begira zegoelarik. Dantzariek egiten duten mugimendua, normalean, erlojuaren orratzen kontrako norabidean da. Baina, batzuetan, zartagina eramaten duen dantzariaren mugimenduak imitatu behar dituztenez gero zentzu hori alda daiteke.

Jokoaren gakoa garaiz esertzen ez denari zikintzean datza. Esana dagoen moduan, zartaginaren eramaileak jarri! oihukatzen duenean (eup! Eta tanbor! oihuak ere botatzen dira) dantzari bakoitzak eseri behar da ondoen dagoen aulkian. Aulkirik gabe gelditzen dena zartagin eramailearengana joango da eta zartaginaren azpia musukatuko du (kedarrez zikina dagoena) eta errepikatzailea baldin bada, aurpegiaren beste alde bat zikinduko zaio.

Alki-dantza sarreran agertzen den moduan, zartain-dantza aulki-dantza izan zitekeen ere bai kadira, katadera edo aulkiekin egiten baita. Honela da, izan ere, Luzaiden. Bertan antzeko dantza bat agertzen da. Koreografia aldetik ez da berdina baina zartagina ere agertzen da. Kasu honetan dantzak Kadera-ddantza (Sagaseta, 2011) izena jasotzen du. Ikus dezagun Sagasetak ematen digun deskripzioa:



"Maria Lapeirek (1918-2004) kontatzen zuen nola biltzen ziren Bidondoko ezkaratzean senide guztiak eta auzokide zenbait, eta nola dantzatzen zuten han, aitatxi xaharrak, Manex Rekartek (1871-1951), zartagina eskuetan, airea kantatzen zien eta jujegoa edo epailegoa egiten zuen bitartean. Norbaitek huts egiten zuenean, kanta isildu eta zartaginari pote do musu emanarazten zion, eta dantzatik kanpo uzten zuen. Haren ekuan, bazterrean beha zegoen bat sartzen zen orduan. Horrela denek parte hartzen zuten." (Sagaseta, 2011)

Hemendik aurrera deskripzioa hiru aulkietako Alki-dantza batena da, zeina, koreografikoki Baztango Katadera-dantzarekin bat datorren.


Partitura ikusi

MIDI entzun


  • ARRARÁS, Fco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona, I y II. Pamplona: Institución Príncipe de Viana, 1987.
  • DONOSTIA, J.A. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • SAGASETA, M.A. Luzaideko Ddantzak. Zamudio: Herritar Berri/Astero, 2011.