Musikakoak

Alki-dantza

Joku-dantza deitzen diren horietako bat da, izen ezberdinez ezagutzen bada ere, hala nola, Alki-dantza, Katadera-dantza, Katedra-dantza, Kadira-dantza, Silla-dantza, Atxuri-dantza, Atxuri beltza, Zikiro-dantza edo Zikiro-beltza.

Nafarroako mendialdean oso hedatua egon den dantza izan da eta honela, Baztan, Lekunberri, Eugi, Etxarri Larraun, Betelu, Azpirotz, Amaiur, Lantz, Oskotz, Lesaka, Alkotz, Latasa, Loizu, Biskarreta, Esnotz, Zilbeti, Luzaide, Olkotz, Donibane Garazi, Sara, Azkaine eta abarretan aurki ditzakegu dantza honen aldaera musikalak. Baina hobekien mantendu den dantza mota hau Ultzama, Baztan, Erro eta Aezkoako bailaretako zonaldeetan izan da. Izenaz landa, nabarmen gutxiko ezberdintasunaz dantzatu izan da.

Gainontzeko joku-dantzekin gertatzen den moduan, Alki-dantza lagunarteko giroan dantzatua izan da, beti ere dibertitzeko xedearekin; eta bere bizi-giro naturala plaza, taberna, artoxuritzea, matatxerria edo bazkalondoa izan da. Gaur egun, aulki-dantza gure errepertorio koreografikoaren ale bat da, baina ez dugu erraz ikusiko bere giro tradizionalean.



Baztango Irri-dantzen barruan kokaturiko Aulki-dantza da ezagunena, egun. Dantza egiteko, aulkiak ilaran paratzen dira horien artean espazioa utziz. Bi zatiz osatuta dago: lehengo batean, dantzariek aulkien inguruan erlojuz kontrako buelta erdia ematen dute motelki. Errepikapenean hasierako punturaino itzultzen dira.

Bigarren aldean, erritmo animatuago batean, aulkien inguruan, sigi-saga eginez dantza egin behar da. Parte hartzen dutenek aulkiak saihesten dituzte eta azken dantzaria azken aulkira ailegatu baino lehen, azkenaurreko aulkia inguratzen du dantzarien lehen postua bereganatuz. Horrela hirugarren dantzariak lehenengoarekin talka egitea ekiditen du.

Baina dantza musikaren erritmoa jarraituz egiten da (6/8, 3/8 edo 2/4 erritmoetan jasoa izan da), musika geroz eta arinago jotzen delarik. Momentu batean dantzaezina bihurtzen da eta horrek dantzariengan mugimendu deskonpasatuak egitera behartzen du, ikusleengan barre algara sortuz. Horren ondorioz, kasu gehienetan dantzariek hutsak egiten dituzte. Orokorrean, kanporatua izan dena erronda bat ordaindu behar edo kaudimen bat bete behar izaten zuen.

Hiru dantzari baino gehiago baldin bazegoen, normalean hirunako taldeak egiten ziren. Baina, adibidez, Esnotzen (Martínez, 1991) bost edo sei dantzaritarako katadera-dantza baten lekukotza jaso izan da, koreografiarik gabe, baina.

Zilbeti-n joko dantza hau hiru aulkirekin dantzatzen zen eta bi atal zituen, bat geldiagoa eta bestea azkarragoa. Plazako dantza zen, baina, batez ere, tabernako dantza. Hirunaka jartzen ziren eta edozein musika tresnekin dantza zitekeen. Ohikoa zen parte hartzaileek txapela beti bezala, eskuan eramatea eta galtzen zuenak erronda bat ordaindu behar izatea.

Dantza hau dantzatzeko era Nafarroako bailara ezberdinetan berdintsua zen.

Hasierako lerroetan aipatzen diren dantza izenetan, batzuek dantzaren elementu garrantzitsutzat hartzen den aulkiari erreparatzen diote, bana beste batzuetan zikiro edo atxuri hitzekin izendatzen da dantza. Azken kasu hauetan izena musika sustengatzen duen kantan oinarritzen da. Izan ere, kasu askotan kanta hau kantatzen zen dantza egiteko tenorean, bai soinujolerik ez zegoelako, bai ohitura edo apeta hori zelako. Hauek dira, adibide gisa, jasotako bertso batzuk:

Zikiro beltza ona dut bañan
obea buztan zuria.

Dantzan ikasi nai duenak
nere oinari begira.

Zertan ari aiz bakar dantzatzen,
agertzen gorputz erdia?
Su illun orrek argitzen badik
agiriko aiz guzia. (Betelu)

Atxuri beltxa ona da baño
Obeago da txurie;
Dantzan ikasi nai duen orrek
Nere oñetara begira
Rai, rai, rai,... (Etxarri Larraun)

Baztango folklore aberatsean Alki dantzaren esparruan sailka daiteke beste dantza bat aurki dezakegu: Zartain-dantza delakoa. Dantza honetan bi dira tresna nagusiak: aulkiak eta zartagina, alegia. Baina ez da sekulan jaso Alki-dantza izenarekin eta bai Zartaginari erreparatzen dion izenakin. Herriaren fokua horretan dago.

Dantza egiteko aulkiak borobilean paratu behar dira, dantzari adina baino bat gutxiago. Dantzariak, musikaren erritmoarekin eta aulkien kanpoko aldetik, hasten dira ibiltzen edo dantzatzen zartagina eramaten duenak esertzeko agindua ematen duen arte. Esertzen ez denari aurpegia zartaginaren ipurdiarekin zikintzen zaio edo musukatu beharko du.