Kontzeptua

Dantza lotua - Lotua

Argi dago dantza izan dela gizakia munduratu zenetik adierazpide nagusienetako bat. Halaber, argi dago egun egunerokotzat eta, beraz, naturaltzat jotzen ditugun elementuak ez direla historian zehar beti hala hauteman.

Garaiotan oso arrunta da inolako araurik gabe dantzatzen den bakarkako dantza eta XX. mendeko iraultza sexualaren ostean ez da halako zalapartarik sortzen bikoteka dantzatutako dantzak ikustean. Izan ere, dantza-areto eta musika-bideoklip askotan ohikoa da mugimendu erabat sexiak eginez erakarpen modura agertzen diren dantzari profesionalak. Hori, duela berrogeita hamar urte, pentsaezina zen, zalantzarik gabe.

Edozelan ere, bikoteka dantzatzea egunerokotasuneko ekintza da oraindik ere gure gizartean: intimitate eta independentziarako unea da, bi gorputzen arteko sintonia bilakatzeko unea. Hala, une hori lagungarri izan daiteke harreman bat finkatu, mantendu eta sendotzeko, baina, era berean, une hori ekintza bakan horretan gera daiteke, hots, dantza egiteak eragiten duen plazer soilean. Hala ere, iraganeko momentu jakin batzuetan, Baskonian dantza borroka moral, sozial eta politikoen akuilu izan zen. Jose Maria Satrustegi apaiza oso ezaguna izan zen bere jarrera euskaltzalea zela-eta. Hark zera idatzi zuen 1981ean (123. or.): "mende honetako bigarren erdialdera arte kontzientziak asaldatu dituen liskar sakonen historia da" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Halaxe da, Elizak ezmoraltasunerako akuilu modura hauteman zuen dantza hasiera batetik. Baskoniari dagokionez, dantzari buruzko lehen deskribapenak XVII. mendean agertu ziren, sorginkeriei buruzko prozesuen inguruan. Bertsio orgiastikoak deskribatzen dira horietan, ziur asko, fantasia askoz hornituak. Baina, horiekin batera, guregana iritsi diren dantza-mugimenduen deskribapenak jasotzen dira, esate baterako, ipurkadena. Pierre de Lancre sorgin-ehiztaria izan zen, ildo horretatik, ordezkari nagusia. Hark euskal dantzak deabrukeria modura deskribatzeko ahalegina egin zuen Frantziako gorteko dantza zintzoak aldarrikatuz, izan ere, bigarrenak, bere ustez, askoz ere zintzoagoak ziren.

Jarrera hori aski areagotu zen XVIII. mendean. Mende hartan, hala elizako agintariek, nola agintari zibilek hainbat debeku eta murriztapen ezarri zituzten euskal dantzen inguruan, baita gizonek bakarka dantzatzekoak ziren dantzen inguruan ere (Bidador, 2005; Sanchez Ekiza, 1999). Testuinguru horretan, hainbat egile jarrera hori iraultzen saiatu ziren, esate baterako, Aita Larramendi (1882) eta, batez ere, Juan Ignacio de Iztueta (1824). Horrela, euskal dantzaren zintzotasuna goraipatu zuten atzerriko dantza zantarren aldean. Bereziki XVIII. mendearen amaieran Baskoniara iristen ari ziren dantzen aurka azaldu ziren, esate baterako, kontradantzaren eta balsaren aurka (Sanchez Ekiza 1997).

Horrela, XIX. mendean ahalbidetu ziren lehen aldiz bikoteko intimitate eta independentzia uneak, orduan zilegitu zen, balsaren, polkaren, mazurkaren, ezkotixaren eta habaneraren eskutik, harreman bat finkatzeko, mantentzeko eta sendotzeko lagungarri datekeen bi gorputzen arteko sintoniaren bilaketa. Dantza horiek kontradantzatik eratortzen dira eta hura bezala bikotean dantzatzeko sortuak baziren ere, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa. Aurretik kontaktu fisikoa askoz ere mugatuagoa zen. Horrela, soka-dantzan zapirik gabe gertatzen ziren eskuen arteko ukituak ezmoral eta bekatuzkoak ziren, eta baita, festaren amaieran ematen ziren kolpe eta ezkutuko ukituak ere, nahiz eta horiek bortizkeriatik gehiago zuten ferekatik baino.

Dena den, dantza horiek oso ezagunak izan ziren Baskonian, ezbairik gabe. Pedro de Madrazo arte-kritikariaren (garaiko pintoreen familia ospetsuko kidea) aipu pare bat ekarriko ditugu hona, izan ere, 1886an argitaratutako aipu horiek argigarriak dira oso (aipua Villafranca Belzunegui 1999:393-4):

"Penintsulako jota eta fandango, Ingalaterrako kontradantza eta Frantziako rigodoi bukaezinekin batera, probintziar eta nafarrek, ezustean, beste hainbat dantza jaso dituzte, esaterako, dantza arinak, polkak, galopak, ezkotixak eta askotariko dantza aglutinatzaileak, egiazko kultura sozialaren laido modura [...] Ah! Euskaldun koitaduak, zortziko onest eta galantaren, aurresku sotilaren eta ezpatadantza kementsuaren sortzaileek dantza satsu horiek hartu dituzte lege oneko opari modura eta, gaur egun, han-hemen dantzatzen dituzte gortean onartuak izan direla ikusi dutelako, gorteko jende hori zer-nolakoa den ohartu gabe! Zeruak nahi beza Madrileko pandemonium horretako moda guztiak bereganatzeko joera iluna senda dadila!"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adibide batera, Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899), Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek, 2/4 erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Neurri txikiagoan bada ere, antzeko zerbait esan daiteke gehien ezagutzen den errepertorioari buruz, hain zuzen, txistularien errepertorioari buruz. Bertan, balsak eta habanerak agertzen ziren batez ere (Sanchez Ekiza 2005:153-4).

Dantza horien guztien artean, ziurrenera, balsa izan zen Baskonian gehien hedatu zena. Hala, baltseo hitza lotuaren sinonimo gisa erabili izan da. Argi dago baltsatu hitzak euskaraz, alde batetik, "nahastu" esan nahi duela eta, beste alde batetik, "lokaztu", biak ere oso egokiak kasu honetarako.

Dena den, hala kultura arloan, nola politika arloan garatutako mugimendu euskaltzalea izan zen, euskal dantza solte eta zintzoaren eta Espainiako dantza lotuaren arteko bereizketa funtsezko bilakatu zuena. Zaila da Sabino Aranak berak baino hobeto adieraztea (1895:267):

"Ikus ezazue elizako agintarien eta agintari zibilen begiradapean egiten den dantza bizkaitarra, eta ikusiko duzue nola alaitzen den arima txistuaren, albokaren eta dultzainaren soinuan, eta xalotasun sinpleena eta poztasun zoroena batasun liluragarrian nola batzen diren ikusiz; bistatu dantza espainiar bat, eta sexuen arteko besarkada arin, nardagarri eta zinikoak ez badizue goragalerik ematen, ziur egon zaitezkete zuen sabela sendo duzuenaz"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ikus daitekeenez, bereizketa hori musika-tresnetara ere hedatzen da: esate baterako, akordeoia ez zen euskal musika-tresnatzat hartu; alde batetik, Parisetik iritsi berria zelako eta, bestetik, dantza lotuarekin lotzen zelako. Hori zela eta, besteak beste, Lore Jokoen musika-lehiaketatik at geratu zen, non derrigorrezko txistuarekin batera, gaita eta alboka agertu ziren. Txistulari aldizkaria, Txistularien Elkarteko organoa, 1927an sortu zen. Jakina, hartako orrialdetan dantza lotuak ez ziren agertzen; hala, aldizkari hartan txistulariei aholku ematen zitzaien "txistuarekin, "tangoak", "habanerak", "fostroteak" eta halako gauzarik jo ez zitzaten, horiek ez baitira txistularienak, ez kristauenak, ezta euskaldunenak ere". (Txistulari, 5. zenb. [1928], 15. or.)

Argi dago gerraosteko giroan, nortasun kristau horri esker, euskal kulturako pertsona jakin batzuek eta bertako kultura tradizionaleko pertsona bakan batzuek espazio bat bereganatu zutela Espainiako nazionalismo eta katolizismoko bizitza kulturalean eta baita eguneroko bizimoduan ere. XX. mendeko bigarren erdian, ordea, aldaketa sozial, politiko eta ekonomiko azkarrak gertatu ziren eta, aldi berean, musikaren inguruan ere aldaketa oso azkarra gertatu zen (Sanchez Ekiza prentsan eta 2009). Modu horretan, aipatu errepertorioko dantzak alboratu egin ziren eta eragin anglosaxoidun erritmoak baitaratu ziren, normalean bakarka dantzatzen zirenak eta, orokorrean, mendebaldean nagusi zirenak.

Hainbat lekutan gertatu bezala, urte batzuk lehenago nazioarteko, atzerriko eta kulturaren aurkako modura hautematen ziren dantza lotuak, iraganeko erlikia, ia ondare, bilakatu ziren, berreskuratu eta garai berrietara egokitu beharrekoak. Dantza misto modura dohain handiko dantzak ziren. Dohain horiek eskasak izan dira tradizionalki euskal taldeetan. Bada, dohain horri eta antzina indar handia zuten alderdi moral etnikoen garrantzia ia ezdeusari esker, halako dantzak egonkortu egin ziren Baskonian. 1967-1968 inguruan abiatu zen prozesua. Hala, urte horietan kontra-iantzak berreskuratu ziren Luzaiden. Berreskuratu diogu, izan ere, Iparralde osoan gertatu bezala, Behe Nafarroan aipagai ditugun dantzak normaltasun osoz dantzatzen baitziren II. Mundu Gerrara arte. Hala ere, Miguel Angel Sagasetaren arabera (1977:131), liburua idatzi zuen garaian bederen, bolanteek blusa beltza janzten zuten gainetik kontradantzak dantzatzeko. Ohitura horrekin zera adierazten zen, "dantza erdi atzerritarra zela, eta jauziak eta kontradantzak gauza arras ezberdinak zirela". Gaur egun, gainera, bals, polka, mazurka, habanera, ezkotix eta, are, pasodobleren batez osatutako errepertorioak garrantzi handia du zalantzarik gabe, besteak beste, gaita-jotzaile eta trikitilariek jotako musikan.

Horrenbestez, gaur egun, inork ez luke dantza lotu horietan euskal nortasunaren elementurik ikusiko; dena den, ezinezkoa da Herrialdean historikoki izan duten garrantzia ez aitortzea, alde batetik, dantzatu egiten direlako eta, batez ere, gatazka sozial, nortasunezko eta politikoen sorburu izan delako.