Kontzeptua

Mazurka

Mazurka Europako dantza ezagunenetakoa izan zen XIX. mendean. Dirudienez, Poloniako Mazovia zonaldeko landa-dantza jakin batzuetan bilatu behar da haren jatorria.

XVIII. mendeko hasieran hedatu bide zen Alemaniara eta, handik Europa osora. Bikotean egiteko dantza da, balsa, polka eta ezkotixa bezalaxe. Hala, bikotea entitate bakar bat da, gainerako bikoteekiko independentea.

Konpas hirutar eta azkarrekoa da eta ohikoa da azentuak tokiz aldatzea. Horrela, sarritan, teorikori ahulak diren lekuetan agertzen dira azentuak. Polonieraz azentu paroxitonoak dira nagusi eta arrazoi hori eman izan da azentuen leku-aldatzea azaltzeko. Modu horretan, honela idatz daiteke mazurkaren oinarrizko erritmoa:

Partitura

Eta apur bat garatuta, honela idatz daiteke (Downes, datarik gabe):

Partitura

Pentsatzekoa denez, mazurka Baskoniara ere iritsi zen eta bertan ere oso ezaguna izan zen, inolako zalantzarik gabe. Hala ere, lotuan egiteko dantza zenez, arazoak izan ziren elizako agintariekin eta agintari zibilekin, ezmoraltzat jotzen baitzuten. Argi dago garai hartako gizartean dantza hori aukera paregabea zela sexu ezberdinen arteko harremanak finkatzeko. Alde batetik kontaktu fisikoa zegoelako eta, beste alde batetik, bikoteak sentitzen zuen intimitate eta independentziagatik, agian bigarren arrazoi hori zelarik garrantzitsuena: bi gorputzen arteko sintonia hori bilatu nahia, eta soilik bi horiena, (gaur egun horren ohiko eta ezaguna ez dena) hainbat dantzei esker ahalbidetu zen lehen aldiz, esate baterako, mazurka, balsa, polka, habanera edo ezkotixari esker. Horietan, goiztiarragoa den kontradantzan ez bezala, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa.

Ildo horretatik, aski kontu jakina da hastapeneko Euskal Alderdi Jeltzaleak dantza lotu hori kanporatzeko ahalegina egin zuela, izan ere, dantza arrotza zela irizten zuen, Euskal Herriko dantza soltearen aldean. Ikus dezagun, horri dagokionez, 1913an Euzkadi aldizkarian alderdiak emandako arrazoi bat (Baigorri 1913):

"Gizarteko izenarekin izendatzea erabaki dugun dantza horrek, inolako esanahirik ez izateaz gain, lokal itxietan egiten da eta, hori, nahikoa arrazoi da unagarri, asaldagarri eta antihigienikotzat jotzeko; dantza herrikoi edo tradizionalak balio historikoa izan ohi du eta aire zabalean dantzatzen da, horrenbestez, ariketa fisiko, osasungarri eta bizkorgarria da. Ikuspuntu artistiko, historiko eta higienikotik so, txistuaren eta danborraren doinuan dantzatzen diren ezpata-dantza, aurreskua, ariñ-ariña, larrain-dantza eta kalejira ezaguna nahiz Arrasate, Etxarri-Aranatz eta Lizarrako dultzainak tradizionalak balsa edo mazurka baino gehiago dira erruz. Aberriaren ideiako parte dira, hizkuntza bezalaxe; horrenbestez, bere purutasun osoan mantendu behar dira, dantza exotiko edo gutiziazkoekin aldatu gabe".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adibide batera, Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899), Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek 2/4 erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Zehazki esatera, guztira hamalau mazurka agertzen dira bertan, hau da, errepertorio osoaren %10a baino gehiago.

Aitzitik, ezagutzen ditugun danbor-jotzaileen errepertorioetan mazurka pieza bakan batzuk baino ez dira agertzen. Fernando Ansorena Izagirreren errepertorioak 1885eko data du (Ansorena Miner 1996). Bertan seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira guztira eta soilik bost dira polka-mazurka izenez agertzen direnak. Dena den, konpas hirutarrak eta bere erritmoak garai hartan horren arraroa ez zen eredu bat iradokitzen dute, mazurkako musikaren barnean polkako pausuak txertatzearen ondorioz aipatu izena hartzen duena.

Bigarren koadernoa berantiarragoa da (Ansorena Miner 1990) eta polka-mazurka bakarra agertzen da. Azkenekoan, berriz, ez da bakar bat ere agertzen (Apezetxea Aguirre 1991). Horrenbestez, badirudi genero horrek ez zuela arrakasta handia izan txistularien artean. Dena den, horren arrazoia ez da kolektibo hori moralitate publikora gehiago gerturatu izana, izan ere, beste hainbat generok, sekulako arrakasta izan zuten kolektibo horretan, esate baterako, lotuak, balsak edo habanerak. Txistulari aldizkariaren bigarren garaiko lehen sei mila orrialdeetan (1955-1998 bitartean argitaratuak) ere ez da antzematen genero horrek gora egin zuenik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), izan ere, adibide bakarra agertzen da.

Frantziako eredua gertuago zegoelako edo elizak eta gizarte zibilak sortutako aurkako polemika eta presioa ez zirelako hegoaldeko lurretan bezain indartsuak, egia esatera, polkak arrakasta handiagoa izan zuen Iparralden, bereziki, Behe Nafarroan. Musikari ezagun askoren errepertorioan oso ugariak ziren mazurkak, esate baterako, Faustin Bentaberri (1865-1936) biolin-jotzaile eta klarinete-jotzailearenean eta baita bere iloba Jean Otheguy Lanyaburu biolin-jotzailearen errepertorioan ere, zeina 1956an hil zen. Jose Antonio Quijeraren arabera (2004:164-165), zonalde horretako igandetako dantzaldietan aurrezarritako ordena bati jarraitzen zitzaion II. Mundu Gerrara arte. Hala jauzien ostean, polka bat, ezkotix bat, mazurka bat eta bals bat interpretatzen ziren, hurrenkera horretan. Horien ondotik, gutxienez, lau kontra-iantza (hala izendatzen ziren tokiko euskalkian) dantzatzen ziren. Horiek amaitzean, berriz ere, polka batek hasiera ematen zion zikloari.

Gaur egun zaila da mazurka euskal dantzatzat hartzea. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Herrialdean garrantzirik izan ez zuenik. Bukatzeko ikus dezagun adibide bat: Julian Romanoren errepertorioan (Diaz Peñalba 1989:59) 11 zenbakiarekin agertzen dena:

Partitura