Pintoreak

Bayon Salado, Juan

Bay Sala.

Artista bizkaitarra. Juan Bayón Salado -Juan Bay Sala ezizenaz ezaguna-, Logroñon jaio zen 1913ko ekainaren 24an, eta Bilbon hil, 1995eko apirilaren 2an.

1918an, Bilbora bizitzera joan zen. 30. hamarkadaren hasieran, astoarekin Bilboko Areatzara joan ohi zen eta, bertan, koadroak margotu eta zozketatu zituen, gurasoak laguntzeko. Garai hartan, Bayon izenaz sinatzen zuen, eta denbora gutxian, famatu bilakatu zen. Manuel de Gracia margolariaren hitzetan:

"Oso bihozbera eta solidarioa da. Bermeon, galerna baten ondorioz hainbat arrantzale hil zirenean eta Santurtzin beste arrantzale bat hil zenean, koadroak dohaintzan eman zituen dudarik egin gabe, alagurnen eta umezurtzen funtsak osatzeko, eta gure gatazkak iraun bitartean, Bilboko Areatzan zortzi egunez margotzen aritu zen, goizeko 8etatik gaueko 12ak arte, Euskadiko Gobernuaren Odol Ospitalearentzat dirua biltzeko. Bizitzan zehar, behin eta berriro egin izan ditu horrelakoak, uneko egoerak hala eskatzen zuen bakoitzean: Bilboko uholdeak, Ortuellako leherketa... eta beste hainbat alditan".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1941ean, bakarkako lehen erakusteka egin zuen Bilbon, eta urtebete geroago, Zaragozan beste bat. Bertan, aurreneko aldiz erabili zuen Bay Sala goitizena obrak sinatzerakoan. Urte berean, Logroñon eta Bilbon erakusketak egin zituen. 1943an, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen, Puerto de Motrico koadroarekin, eta Bilbon eta Bartzelonan erakusketak egin zituen. Bi urte beranduago, La Mina Abandonada obra izango zuen erakusgai Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean. Urte horretan, Bilbon, Arte Ederretako Probintziako Lehen Erakusketan lehiatu zen, Riberas Frondosas eta La Mina Abandonada obrekin, eta Bilboko Udalak urrezko domina eman zion. Orduz geroztik, ez zuen inongo lehiaketetan parte hartu.

1945ean, Bizkaiko Arte Elkartearen bazkide-sortzailea izan zen. 1948an, "35 Paisajes Vascos" erakusketan parte hartu zuen, Buenos Aireseko Witcomb galerian, eta Madrilen ere bere obra aurkeztu zuen. 1950ean, Parisera joan zen, eta bertan bizitzen geratu zen 1969 amaierara arte, inpresionismoaren erroen bila. Hogei urte horietan zehar, Juan Manuel Lumbrerasek adierazi bezala,

"maiztasunez egin zituen erakusketak Pariseko Roussard galerian, Madrilgo Cano Aretoan eta jada desagertua dagoen Bilboko Arte Aretoan. Buenos Airesera eta Tokiora joateko gonbidapenak jaso zituen, eta Pariseko Toile Aretoaren 16. eta 17. edizioetarako aukeratu zuten, beste 35 artistarekin batera, horietako batzuk oso ospetsuak, besteak beste: Cocteau, Dali, Dufy, Picasso, Utrillo eta Vlaminck. Bayonen obrak munduko bildumarik garrantzitsuenen parte dira".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1968an, erakusketak egin zituen Tokion eta Parisen. Urtebete beranduago, Bilbora bueltatu zen behin betiko, eta aldizka erakusketak egiten zituen bertan, baita Madrilen eta Bartzelonan ere. Halaber, denboraldi luzeak eman zituen margotzen, hainbat herritan: Holandan, Frantzian, Italian, SESBn, Belgikan eta Irlandan.

1971ean, Juan Bayón semeak 16 m2 eskas zituen galeria txikia ireki zuen Iparragirre kalean, Bay Sala izenekoa, eta erakusketa kolektiboa antolatu zuen bertan, artista askoren obrekin: A. Alegre, Bardasano, Bay Sala, M. de Gracia, C. Gil, Herraez, Largacha, Luzuriaga, Martinez Diaz, Olaortua, R Calpena, J. Quesada eta R Saez. 1975eko urrian, aretoa Poza Lizentziatuaren kalera lekualdatu zuten, 14. zenbakira. Espazio berriaren inaugurazio erakusketak omenaldia egin zien Arte Ederretako Probintziako Erakusketetan dominak lortu zituzten lau artista euskalduni: Bay Sala, Largacha, Merino eta Parraga. Horren ostean, erakusketa indibidual eta kolektibo ugari hartu zituen espazioak, hainbat artista ezagunekin, esaterako: Anglada, Benedito, Madrazo, Pradilla, Martin Rico, Lucas Padilla, Marceliano Santa Maria, C. Pia, Perez Villamil, Picasso, Grau Sala, Puigdengolas, San Vicens, Millares, Amat, Mallol, Pichot, R. Domingo, Muñoz Degrain eta Martinez Vazquez. Erakusketa artean, Juan Bayonek bere obra aurkezten zuen aldizka, galerian.

Bay Salak "La paleta del Nervión" solasaldiak sortu zituen, beraren lagun ziren margolari talde batekin. Ideia hori abiapuntu izanik, "Paleta de Oro del Nervión" trofeoa sortu zen, artista nabarmenei ematen zaiena. Horien artean, aipatzekoak dira Bay Sala bera (1984), Martinez Diaz, Largacha, Juan Manuel Lumbreras eta Manuel de Gracia.

1985ean, "Maestros Actuales de la Pintura Española" erakusketara gonbidatu zuten, Miamiko The Embassy galeriaren inauguraziorako ospatutakoa, (Florida, AEB). 1991ean, Bizkaiko Arte Elkartearen ohorezko bazkide izendatu zuten. Artistaren obrak Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako San Telmo Museoan ikus daitezke, besteak beste.

1905ean hil zen, eta errautsak Antiguako Gure Amaren magalean zabaldu zituzten, Txarlazo mendian, Amurrion zuen etxetik gertu. Bertatik, horrenbestetan margotu zuen Orduñako harana ikus daiteke.