Pintoreak

Santafe Largacha, Antonio

Bizkaitar margolaria eta akuarelaria, Bilbon jaio zen 1912ko ekainaren 16an, eta 1985ean hil.

Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen ikasketak, eta Aurelio Arteta eta Isidoro Guinea izan zituen irakasle. 1941ean, Bilboko Alonso Aretoan lehenbiziko erakusketa aurkeztu zuen, eta kritikak eta publikoak harrera ona egin zion. Urte horretatik aurrera, erakusketa ugari egin zituen Bilbon, Madrilen, Gasteizen, Bartzelonan eta Donostian. Bilbao Taldearekin bi erakusketa egin zituen: Bilbon 1968an, eta Donostian 1969an.

1951., 1955. eta 1956. urteetan, Madrilen, La Habanan eta Bartzelonan ospatutako Bienal Hispanoamericana delako erakusketetan parte hartu zuen, eta 1958an, Pauko III. Aretoan (Frantzia). 1964an, Juan March Fundazioak beka bat eman zion.

Sari hauek lortu zituen: Zilarrezko Domina, Bizkaiko Probintzia Erakusketan (1945); Bilboko Urrezko Domina, Probintzia Erakusketan (1946); Madrilgo Udalaren Saria, XX. Salon de Otoño erakusketan (1946); Gipuzkoako Aldundiaren Saria, Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (1957); Cadizko Diputazioaren Saria, Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, mendeurrena ospatzeko Bartzelonan egin zena (1960); Gran Prix margo figuratiboan, Baionako I. Nazioarteko Margo Erakusketan (1965).

Obrarik esanguratsuenak: Puerto, El viejo Mural, Picaraza, Ría de Bilbao, Jarra de chacolí, Flores, Naturaleza muerta, Bañista, Hiroshima, Flores blancas, Paisaje vasco eta Signos eternos.

Luis de Castresanak (Bilbo, 1974) honela deskribatu zuen:

"haren indibidualtasuna, emozioa eta egiazkotasuna, haren grafia eta taupada: azken finean, zehaztugabetasun zehatzez estiloa deitzen dugun hori. Eta Largachak badu ikasketen eta lanaren ingudean landutako estilo bat, eta estilo horretatik euskal margoaren paisaia onenetako batzuk atera dira, eta nire ustez, espainiar margo garaikidearen natura hil landuenetako batzuk baita ere" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Emy Armañanzas (Bilbo, 1978):

"Largacharen paisaiak solidoak eta estilizatuak dira aldi berean. Argirik onena aukeratzen du, eta giza elementua paisaian integratzen du, joera inpresionistak dituela egiaztatuz. Gauza egonkor guztiak metamorfosi batean urtzen ditu, eta errealitateari bukatugabearen eta inperfekzioaren kutsua ematen dio. Marrazketari uko egiten dio, koloreen disoluzioaren erakargarritasun sentsualaren alde, eta argiaren islekin eta argitutako itzalekin jolasten du" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).