Kontzeptua

Artearen Historia

Euskal Herrian Historiaurreko sorkuntza artistiko zaharrenak Goi Paleolitoko garaikoak dira. Berez, zenbait tresnatan eginiko apaindurak dira, hasieran harrizko tresnak izanik eta jarraian egurrezkoak zein hezurrez egindakoak. Horiez gain, haitzuloetako pinturak ditugu. Gero, Neolitora igaro ostean, alde batetik zeramika bezalako euskarriak agertu ziren, eta bestetik, bestelako adierazpen forma berriak, esaterako, eraikin megalitikoak, harrizko bloke handiez eginiko lehen eraikinak alegia. Jarraian, Metalen Aroarekin batera, lehenengo herrixkak sortu ziren; horrelako adierazpen artistikoak Euskal Herrian ere sortu eta garatu ziren, baina gizakien bilakaeran gertatu zen bezala, gure lurraldera berandu heldu ziren eta Europako barrualdetik iritsi zitzaizkigun, eremu hartako iparralde eta sortaldetik. Gainera, garai horretatik aurrera lurralde batetik bestera garapenean desberdintasunak sumatzen hasi ziren; hala, Paleolito eta Mesolito garaiko artea, nagusiki, gure lurraldeko iparraldean garatu zen neurrian, Neolitoa eta Metalen Aroko artea, berriz, gehiago nabarmendu zen Euskal Herriko hegoaldean.

Arte

Euskal Herriaren historiaren lehen aro honetatik iritsi zaizkigun aztarna gehienak Goi Paleolitoko azken aldikoak dira, eta kantitatez urriak badira ere, garaiko Europako testuinguruan adierazgarriak eta garrantzitsuak dira. Honako lau haitzulo hauetan daude aztarna garrantzitsuenak: Galdamesko Areatza (Bizkaia), Kortezubiko Santimamiñe (Bizkaia), Aiako Altxerri (Gipuzkoa) eta, batez ere, Debako Ekain (Gipuzkoa), Santillana del Mar-eko Altamira (Cantabria) haitzuloarekin batera, Europa mendebaldeko labar-pintura multzo garrantzitsuenetakoa osatuz. Haitzuloetan grabatutako irudien eredu onenak Alkerdiko (Urdazubi, Nafarroa) eta Isturitzeko (Nafarroa Behera) haitzuloetan aurkitzen ditugu.

Nolanahi ere, Euskal Herriko lurraldetan garai honetako ekoizpen artistiko adierazgarrienak eraikin megalitikoak izan ziren, bai kopuruagatik eta barietateagatik -trikuharriak, harrespilak eta menhirrak- bai denboran tarte luzea iraun zutelako -Metalen Aroan horrelako adierazpenek egiten jarraitu egin zuten-

Arte
baita aldez aurretik finkatutako espazioaren kontzeptu baten arabera eraikitako lehen eraikin arkitektonikoak izan zirelako, eta haien diseinuak xede praktikoari baino xede sinbolikoari erantzuten diotelako. Jatorriz era horretako eraikinak Europako iparraldekoak ziren, eta artzaintzarekin harremana zuten bizimodu berriekin izan zuten lotura.

Azkenik, Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, material berri hori aurkitzeak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakion bizitzako esparru guztietan, esaterako, merkataritza sortu zen eta horrekin batera lehendabiziko herrixkak. Herrixkei dagokionez, Euskal Herriko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ondoen kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira.