Kontzeptua

Artearen Historia

XX. mendean, Euskal Herrian bertan burutu ziren lehendabiziko adierazpenak arte modernoarekin lotutakoak izan ziren. Hala ere, garai honetan Europako beste lurralde batzuetan zehar garatutako kultura zein arte esparruko abangoardiako mugimenduak hemen ez zuten eraginik izan. Berez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardiako mugimenduak sortu. Aitzitik, kanpotik etorritako artea, berandu ailegatzen bazen ere, moldatu eta egokitu egiten zen, hemen burutzen zenaren berezitasunak oinarritzat hartuz. Europan abangoardia garaia esaten zaio XX. mendearen lehen zati horri, baina Euskal Herrian modernitate aro bezala ezagutzen dugu. Kontua da, esfortzu handia egin zutela Europako arte garaikidearekin bat egiteko, baina euskal gizartea ez zegoen prest berrikuntza horiek bereganatzeko eta bertako adierazpen artistikoen neurrizko berrikuntza besterik ez zuen onartu.

Arte

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektizismoa izan zen Euskal Herrian egindako arkitektura lanetan nagusitu zen estiloa. Hala ere, garai honetako ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Hasieratik honako lengoia honek forma eta funtzioa bateratu nahi izan zituen, material berriak erabili, eraikinetan beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagozkien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria formak erabili. Garaiko gizartearen beharretara moldatzen zen arkitektura-erantzun bezala egituratu zen.

Arte plastikoen alorrean, pintura izan zen aldi honetan zehar garapen handiena lortu zuena. Pinturaren gorakada horrekin batera artista ugariren agerpena ere gertatu zen, eta bestalde hainbat ezaugarri berritzaileak garatu ziren. Edonola ere, aipatu dugun bezala, euskal artearen inguruan ez zen garaiko abangoardiaren alde berehalako erantzunik nagusitu, Frantziatik zetozen zenbait ezaugarri berritzaile piskanaka piskanaka eksuratu zituzten. Horrela, inpresionismoa, sinbolismoa eta postinpresionismoa izan ziren gure artistek Parisera egindako bidaia ugarien bitartez garaiko euskal artea zehaztu zuten hiru mugimendurik garrantzitsuenak. Atzerrian hainbat denbora eman eta gero, gehienek lengoaia berriak azal azaletik egokitzen zituzten, berez joera nagusia ohiko eta betiko osagaiak erabiltzearen aldekoa baitzen.

Arte

Eskulturari dagokionez, arazo tekniko eta ekonomikoak zirela medio, eskulturak ez zuen pinturak adinako garapena erdietsi, eta momentuz, modernismoa edo sinbolismoa bezalako estiloek izen zuten eragina arlo honetan. Horregatik, eskulturak urte horietan garapen handia lortu bazuen ere, hainbat monumentu publiko burutzearren jasotako enkarguen bitartez alegia, kasu gehienetan betiko estiloa bere horretan mantendu zuten.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.