Kontzeptua

Paleolitikoa

Historiaurreari buruzko lehen sistematizazioa Christian Jürgensen Thomsen daniarrak gauzatu zuen XIX. mendearen hastapenean. Bertan hiru arotan banatzen zuen sistema (Harria, Brontzea eta Burdina). Bestalde, John Lubbockek Harriaren Aroa bi fasetan banatzea proposatu zuen Prehistoric Times (1865) izeneko lanean. Hala Paleolitikoa antzinako fasea izango zen eta Neolitikoa, berriz, fase modernoa. Hark asmatu zuen "Paleolitiko" izendapena eta gaurdaino mantendu da, hizkuntza bakoitzean egindako egokitzapen txikiekin. Afrikako Paleolitikoko kulturak "Stone Age" horretan sartu izan dira, zeina Eurasian maizen erabiltzen den "Paleolitiko" kontzeptuaren sinonimotzat jo daitekeen ia.

Gaur egun, Paleolitiko baliatzen da gizadiaren bilakaera kultural eta materialari dagokion egoera antzinakoena adierazteko, kontzeptua Kuaternarioaren hastapenean agertu zenetik (duela 2,5 milioi urte gutxi gorabehera), azken aro glaziarraren amaierara bitartean (duela 11.000 urte gutxi gorabehera). Aro horren ostean iritsiko dira multzo mesolitikoak planetaren zati handi batean. Ohikoa da elkarren segidako hiru fase banatzen dituen sailkapen zehatzago bat (behe-, erdi- eta goi-paleolitikoa). Fase horietan zehar erregistratzen dira Homo generoa osatzen duten espezie ezberdinen bilakaera biologikoa eta teknologia modu ezberdinen garapen materiala.

Behe-paleolitikoak Afrikako kontinentean du abiapuntua, zenbait autoreren arabera, Tertziarioaren azken faseekin lotzen diren adierazpen material oso latzekin. Lehen garapen kulturala Afrikan erregistratzen da esklusiboki, duela 1,8 milioi urte Eurasian gizakien presentziaren lehen datatzeak agertzen diren arte. Harrian agertzen diren lehen forma teknologikoak Olduwayense edo 1. Modu izendatzen dira. Horiek lortzeko harrien ertzak gainetik tailatzen ziren, aho sinple batzuk lantzeko asmoz. Modu horretan, egunerokotasunean bete beharreko funtzio ezberdinak gauzatu ahal ziren. Artean behe-paleolitikoaren barruan, Afrikako kontinentean, duela 1,8 milioi urte askoz ere garatuagoa zegoen industria litikoa agertzen da, Achelense izenez edo tailatzeko 2. Modu gisa ezagutzen dena. Achelense izendapenak pixkanaka sofistikazio garatuagoa zuten tresnen tailua hartzen du. Euskarri bat (kantu bat edo harkoskor bat) abiapuntutzat hartu eta tresna bat lortu arte lantzen zen. Artean tresnen tipologia oso mugatua zen (batez ere, bifazeak egiten ziren, nahiz eta, beste forma batzuen artean, triedroak, karraskagailuak, dentikulatuak edota arrakalatzaileak ere ageri diren). Achelensearen fasekotzat hartutako aztarnategi arkeologikoak edo bestelako multzo kultural homologagarriak Mundu Zaharrean barna sakabanaturik agertzen dira. Multzo horiek sailkatzeko ezaugarri onena bifaze edo eskuzko aizkoren agerpena izaten da. Hori baita Achelensearen ezaugarririk behinena (Geologiatik hartutako terminoetan, fosil gidaria). Egun, bifazerik gabeko multzo arkeologikoak multzo horretan sartzeko aukera aztergai dago. Edozein kasutan, kronologikoki aurrekoen kokapen bertsuan sartuko lirateke.

Mundu Zaharreko eremu ezberdinetan Erdi-paleolitiko deritzona (Middle Stone Age edo MSA Afrikan) hasi zen duela 250.000-150.000 urte. Eurasian Musteriensea da Erdi-paleolitikoaren forma kultural behinena, Neandertal Hom neanderthalensis) erako gizakiekin lotzen dena. Neandertalaren barnean gure espeziekoak diren Cro-magnon gizakien aurreko aro material, kultural eta ekonomikoa sartzen da. Zehazki esatera, Musteriensean agertzen den industria litikoa aurreko aroan zegoena baino askoz ere landuagoa da. Hala, beste tresna batzuen artean, karraskagailu, dentikulatu, punta edo arraspen forma anitzagoa agertzen da, guztiak harri zabalen gainean landuak. Euskarri horiek, harri zabalak, arinagoak dira eta horien gainean ekoizteko prozesuak sofistikazio teknikoa eskatzen zuen. Modu horretan, lehen aldiz mentalki konfiguratzen da lortu nahi den harri zabal mota, harria ateratzea eragingo duen kolpea eman aurretik. Hain justu, Levallois deritzon teknika da. Portaera kultural eta sinbolikoaren ikuspegitik aipagarria da neandertalak taldeko kideetako batzuk lurperatzen hasi zirela. Modu horretan, duela gutxira arte, gure espeziekotzat jotzen zen jokabide transzendente bat agertzen da. Duela oso gutxira arte kontrakoa esan bada ere, egiaztatua dago lengoaia garatu bat baliatzen zutela eta koloratzaileak eta gorputza apaintzeko bestelako elementu batzuk erabiltzen zituztela, nolabaiteko sofistikazio-maila ageri zutenak (itsas maskorrak, lumak, etab.).

Goi-paleolitikoan gizakiaren "ecumene" deritzona bost kontinenteetan barna hedatu zen. Gure espeziea, Homo sapiens, da bost kontinenteetan barna hedatutako kolonizazio horretako protagonista nagusia. Espezie hori Cro-magnon edo anatomikoki modernoa den gizaki (AMH, ingelesezko sigletan emanda) gisa ere ezagutzen da. Goi-paleolitikoa Eurasian abiatu zela uste da, duela 45.000 urte gutxi gorabehera eta 11.000 urtera arte luzatzen da. Orduan, azken aro glaziarra krisian sartu eta Holozenoa (egungo klima-aroa) abiatzen da. Paradoxikoki, epealdi horretan gizakia planetako lurralde nagusietara egoera kultural oso anitzean iritsi zen: Goi-paleolitikoko kultura bakarrak ez zuen erdietsi Achelense edo Musterienseko hedapen geografikoa. Kontinente bakoitzak berezko sekuentzia kulturala izan zuen, zenbaitetan oso hedapen espazial murritza (kasu batzuetan egungo herrialdeen parekoa) ageri duten fase edota kulturak barneratuz. Teknologia litikoan egindako berrikuntzak dira (euskarri luzeak baliatuz, xafla-egiturakoak) Europako Goi-paleolitikoa, Amerikako Paleoindioa eta Afrikako Ateriensea uztartzen dituen ezaugarria. Halaber, epealdi horren ezaugarria da hezurren teknologiaren hedapena. Hala, maskor, adar edo hezurren moduko material organikoak baliatuz hainbat tresna mota lantzen zituzten. Ikuspegi kulturalari dagokionez, adierazpen kulturalak gure espeziearekin lotzen dira, nahiz eta Cro-magnon espeziearekin lot daitezkeen zenbait aurrekari ere badiren. Azken horiek aurreagoko epe batzuetan kokatu behar dira, Afrika edo Asian. Bitartekoaren ustiapen ekonomikoari gagozkiola, Cro-magnon espeziean era guztietako baliabideak kalitate gorenean erdiesteko berariazko portaera agertzen da, nahiz eta horretarako desplazamendu luzeak egin behar izan. Ildo horretatik, esate baterako, aztarnategi bakoitzean erabiltzen ziren kalitatezko lehengai litikoak biltegitik distantzia askora kokatutako azaleramendu-zonaldetatik hartzen ziren. Hala, produktuaren kalitatea areagotzen den heinean, egin daitekeen distantzia ere areagotu egiten da, nahiz eta askoz kopuru urriagoan ageri. Iparraldeko Europaren kasuan, jatorrizko zonaldetik milaka kilometrora erabili eta baztertu izan diren hainbat silex dokumentatzen dira.