Kontzeptua

Artearen Historia. Prehistoriako Artea

Prehistoria deritzogu gizakiaren historiako lehen aldiari, gizadia sortu zenean hasi eta lehen dokumentu idatziak agertu zirenean amaitu zenari. Garai horren zehar, gizakiaren bizimoduan pixkanaka hainbat aldaketa eman ziren, eta horrela, gizakiak nomada izateari utzi zion eta sedentarioa egin zen, ehiza egiteari eta fruituak biltzeari utzi eta nekazaritzari eta abeltzaintzari egiteari ekin zion, eta haitzuloetan bizitzeari utzi eta lehenengo eraikuntza arkitektonikoak altxatzen hasi zen. Prozesu honetan, behin behar oinarrizkoenak eta nagusiak beteta, gizakiak beste motatako sorkuntzak asmatzen hasi zen, behar materialekin baino gero eta garatuagoa zegoen pentsamenduarekin harremanetan zeudenak. Sorkuntza berri hauen artean adierazpen artistikoak nabarmendu ziren, eta batzuetan soilik helburu dekoratiboa bete bazuten ere, bestetan betekizun konplexuagoa betetzen hasi ziren, gizakiaren pentsamendu garatuarekin bat eginez. Horregatik, nabarmendu beharreko lehen adierazpen artistiko garrantzitsu hauek egun guretzako oraindik misteriotsuak dira, ez baitira dekorazio hutsera mugatzen baizik eta transmititu, komunikatzen baitute antolatzen hasia den pentsamendu garatu berria. Hala ere, bilakaera hau mantsoa izan zen eta lau etapetan banatutako garapen geldo baten ondorioa izan zen: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa eta Metalen Aroa.

Arte

Euskal Herrian, Europa mendebaldeko lurralde gehienetan bezala, garai luze honi buruzko berri gutxi ditugu. Aztarnategi antzinakoenak Goi Paleolitikoak (K.a. 30.000-10.000) dira; fase honetan, klima hotza izan zen nagusi, gizakia ehizatik elikatu zen eta haitzuloetan babeslekua bilatu zuen. Mesolitoan (K.a. 10.000-3.500), Euskal Herriko lurraldetan bizi izan zen gizakia haitzuloak husten hasi zen eguraldia epeldu egin baitzen, eta elikatzeko orduan ehizaz gainera basa-fruituen bilketa eta arrantza bezalako aktibitateak gehitu zizkion. Baina benetako aldaketa Neolitoan (K.a. 3.500-2.500) gertatu zen, etapa honetan nekazaritza eta abeltzaintza Euskal Herriko lurraldetan garatzen hasi baitzen, eta horrela gizakia sedentarioa egiteaz gain, eta behar zituen espazio arkitektonikoak eraikitzeaz batera, bai espazioen bai gizakien arteko harremanen antolamendua planteatzen hasi zen. Azkenik, Metalen Aroan, aldi historikoaren aldaketaren aurreko azken milurtekora arte iraun zuen garaian, metalak eta metalen aleazioak -kobrea, brontzea eta burdina, hurrenez hurren- erabiltzearekin batera, lehendabiziko populazio eta kultura konplexuen bilakaera iragartzen duten lehen adierazpen artistikoen ondareak aurkitzen dira. Aztarna hauek, geroago Antzin Aroan garatuko diren zibilizazio konplexuagoen azalpena antzematen duten aldaketa historikoak iragartzen dituzte.

Arte

Hala ere, Prehistorian gizadiaren lehenengo adierazpen artistikoak lehenagokoak dira. Behar nagusiak aseta zituelarik, gizakia gainerako animalietatik bereizten hasi zen berezko kultura garatzen hasi zelako, eta hasiera bertatik, kulturaren bilakaera horretan adierazpen artistikoek funtsezko garrantzia izan zuten. Hain zuzen ere, Goi Paleolitotik aurrera, gizakiari laneko tresnak apaintzea eta haitzuloak margotzea bururatu zitzaionetik aurrera, izaki horiek hominido izateari utzi eta gizaki bihurtu zirela esan daiteke. Horregatik, adierazpen artistikoa gizakiaren ezaugarrietatik berezi eta funtsezkoenetakoa dela esan dezakegu, hizkuntza edota elkarbizitzeko eta antolatzeko gaitasuna gizarte moduan gizakien ezaugarriak ere diren heinean.

Garai hartako sorkuntza artistikoetatik lan antzinakoenak tresna apainduak, aurrena harriaren gainean eta geroago egurrean eta hezurrean eginak, eta haitzuloetako pinturak dira. Geroago, Neolitora igarota, zeramika bezalako euskarriak agertu ziren batetik, eta bestetik, berriz, bestelako adierazpen forma berriak eraikin megalitikoak bezala, harrizko bloke handiez eginiko lehen eraikinak. Aurrerago, Metalen Aroarekin batera, lehenengo herrixkak sortu ziren. Honelako adierazpen artistikoak Euskal Herriko lurraldean ere sortu eta garatu ziren, baina bizitzeko aurrerapenekin gertatu zen bezala, gure lurraldera berandu heldu ziren eta Europako barrualdetik iritsi zitzaizkigun, eremu hartako iparretik eta sortaldetik. Gainera, garai horretatik aurrera lurralde batetik bestera garapenean desberdintasunak sumatzen hasi ziren; hala, Paleolitoko eta Mesolitikoko artea, nagusiki, gure lurraldeko iparraldean garatu zen neurrian, Neolitikoa eta Metalen Aroko artea, berriz, Euskal Herriko hegoaldean gehiago nabarmendu zen.