Jon Kortazarren iritziz, Arregiren poesiak bere barne egituraren sendotasunean, gaiaren hausnarkortasunean eta espresioan du oinarria, irudietan baino areago. Tonu poetikoari dagokionez, berriz: "mantsoa da berea, xumea, sinbolismoak ekarri duena, eta era berean, eguneroko bizitzatik gora egiten jakin dakiena". Esperientziaren poesiaren kutsua izan arren, korronte horretatik urruntzen da klasizismoaren eraginez, begirada ironiko eta urruna lagun. Hain zuzen, Klasizismoa eta estetizismoa uztartzetik datorkio berritasuna Arregiren poesiari, aipatutako kritikariaren aburuz.
Iñaki Aldekoaren iritziz, berriz, 1990eko hamarkadako ahotsik originalenetarikoa da Arregiren Hari hauskorrak. Izan ere, zuzenean konektatzen du Kavafisen unibertso poetikoekin eta Ricardo Reis Pessoaren heteronimoaren tonu neoklasikoarekin. Klasikotasunarekiko gustua erakusten du: helenismoa, antzinaro klasikoa eta arabiar mundua. Antigoaleko iturri horietatik bizitzaren gozamen sentsuala eta amodioaren jolasa jasotzen ditu. Hiriz hiriko ibilbidean dabil, hiria delako mestizaje kulturalaren, amodioaren eta erotismoaren jatorririk behinena. Arregiren poesian, alde horretatik, oroimena paisajea da, baina baita erotismoa eta bizitza, desira eta askatasuna, Pessoa, Gil de Biedma edo Luis Antonio de Villenaren poesian bezalaxe.
Kartografia bigarren liburuari dagokionez, eta Aldekoaren iritziz beti ere, poema batzuetan aurreko liburuarekiko loturak erakusten ditu, baina "Carte-à-figures" ataleko poemetan, bildumako onenak kritikoaren aburuz, klasizismotiko urrutiramendu ironikoari ekiten dio poetak. Hortik aurrera, Grezia klasikoaren mundutik kanpo bada ere, poesia kultuari eutsiko dio, poema mamitsuago eta luzeagoen bitartez. Azken batean, Rikardo Arregi poeta kosmopolita izan arren, ezin izango dio Gasteiz haren jatorrizko hiriari uko egin, beste hiri batzuen mozorropean bada ere.
Kortazarren iritziz, berriz, aurreko liburua baino "itxiagoa, landuagoa, perfektuagoa, koherenteagoa" da Kartografia. Artea irudikatzeko kezka berri bat jaiotzen da mapa eta geografien bitartez; izan ere, "mapa, liburuaren irudikapenik behinena, irudikapenaren irudikapena da". Kritikariaren esanetan, poemategi horretako "66 lerro hiri setiatuan" da 1990eko hamarkadako euskal poesiako poemarik gogoangarri eta hunkigarrienetariko bat.
Koldo Izagirreren arabera, azkenik, Rikardo Arregik ezagunaren eta deskubritzeko dagoenaren arteko oreka zail batean ematen ditu bere urratsak: "kultua erreferentziaz baina ez akdemiko, inguruaz arduratuagatik kosmopolita, ondare unibertsaleko mitoak eta pertsonaiak bertakotasun batera ekarrita". Nonbait, Brecht-ek antzerkirako aldarrikatzen zuen urrutiramendua bilatzen du Arregik bere poemen geografia urrunen edo iraganeko kokapenen bitartez: hemengo eta oraingo historiaz gogoeta bultzatzea. Bigarren liburuaz, berriz, ni pertsonalean sakondu du eta, ondorioz, lirismo eta dramatikotasun handiagoko poemak erdiesteko.