Musikariak

Armero Etxeberria, Pedro

Udalaren lehendabiziko kezketako bat izan zen organo-jolearen plaza hornitzea eta, kargua behin betikoz hartuko lukeen organo-joleak errespetatu beharko lituzkeen baldintzak ezartzea. Helburuok lortzeko eta denbora irabaztearren, hiru zinegotzik osatutako batzorde bat izendatu zen, maisu etsaminatzaileen izendapena atzeratu bazen ere. Plaza jabetzan, gainditu beharreko oposizioaren ostean, eskuratuko lukeen organo-joleak urtean jaso beharreko ordainketari dagokionean, ezartzen da honek urtean 4.000 erreal jasoko zituela, hau da, Pedro Armerori emaniko soldata baino 500 erreal gehiago.

Gipuzkoako foru-diputazioak eskatu zion 1875eko otsailaren 24an Irungo udalari egiazta zezala dokumentalki irundar organistian gertatutako plaza hutsik zegoela, bai eta lehenen organo-joleak, Rufino Etxaidek, plazaren jabetza hartzerakoan 1860.ean udalarekin sinatutako eskritura ere. Gero, diputazioak berak onespena eman zuen Etxaideren ordezkoari, Junkaleko Andre Mariaren elizako organoa esku izanen zuenari ezarritako ordainketari. Aldi berean, baina, ohartarazten zuen Etxaideri jakinarazi behar zitzaiola plaza hutsik aldarrikatua zela eta etena Irungo udalarekin 1860tik lotzen zuen kontratua. Irungo udalak 1875eko martxoaren amaieran aztertu zuen berriz ere organo-jolearen plaza hutsaren kontua, bai eta kapera artezteko arautegia, karguaren berezko baldintza ekonomikoak eta Juan Maria Mintegui Hondarribiko organo-jolea maisu etsaminatzaile izendatu ere. Honez gain, beste klausula bat gehitu zen adieraziz berdintasunik gertatuz gero, lehentasuna emango zitzaiola ahots hobea lukeen opositoreari, orduko altxamenduan kausa liberalari zerbitzu hobeak emanak zituenari edo Irunen sortutakoari. Alderdi hauek guztiak Salustiano Olazabal irundar alkatearen ediktu batean argitaratzen dira, probintziako buletinean iragarriko zirenak, bai eta hiri horretako tokirik agerien eta ohikoan ere (Irungo udal artxiboa: Valentin Arrese organo-jole jaunaren izendapen eta zerbitzuen inguruko dokumentazioa, E atala, 4. Bulegoa, II. seriea, 4. liburua, 6. espedientea. Gaia: Agintari eklesiastikoekiko harremanak. 1875).

Behin udalak Irungo organistian gertatutako plaza hutsaren berri emanez igorritako jakinarazpena jaso ondoren, Etxaide haserre agertu zen eta protesta bidali zuen Mont de Marsan frantziar herritik, alde egitera bultzatu zuten egoera politikoak aipatuz. Irungo udal korporazioak maisu etsaminatzaile izendatzeko jakinarazpena jasota, Juan Maria Mintegi prest agertzen da agindua onartzeko. Hala ere, Mintegik iritzia aldatu zuen ustekabean, jakin zuenean Irungo organistiari jarritako ordainketa berak Hondarribian jasotakoa baino askoz altuago izango zela. Hamaika egun geroago, etsaminatzaile izateari utzi eta beste izangai bat bihurtu zen. Udalak Mintegiren ukoa onartzea beste hautabiderik ez zuen izan eta hiru zinegotzik osatutako batzorde bat osatu zuen zentsore berri bat izendatzeko, Mintegiren ordezkoaren nortasuna isiltasunik sakonenean gordetzeko erreguaz. Irungo organistiako oposizioa epaituko zituzkeen zentsore berria hautatzeko hautatutako batzordea txostena eman zuen apirilaren 24an baina, maisu etsaminatzaile baten izena proposatu beharrean, erabaki zuen udalari komeniko zela, baten ordez, bi etsaminatzaile izan zitezela. Txostena udal bilera batean irakurrita, udalak erabaki zuen batzordeak iradokitakoa onestea.

Bitarteko organo-joleaz gain, Pedro Armeroz gain, beste bi gurako izan ziren Junkaleko Andre Mariaren elizako organistiarako: Juan Maria Mintegi eta Valentin Arrese, Dulantziko organo-jolea. Lehenengoak Hondarribiko parrokia-elizarako oposizioetan 1869ko abuztuaren 25ean egindako ariketetan lortutako epaia aurkeztu zuen merezimendu moduan, une hartan kargu horretan ziharduela, eta Bernardo Guenaga Hondarribiko komandanteak emaniko gomendio-gutuna, errege-boluntarioen konpainian aritua zela ziurtatuz. Maiatzaren 10, 11 eta 12a izan ziren oposizioko probak egiteko egunak eta etsaminatzaileak Claudio Otaegi, Hondarribiko maisua, eta Jose Juan Santesteban, Donostiako kaperako maisua, izendatuta. Irabazle Valentin Arrese suertatu zen, Pedro Armeroren bitartekotasun-epeari amaiera jarrita, berori azken postuan geratu zelarik. Mintegik, emaitzarekin ados ez, oposizioaren baliogabetzeko eskatu zuen, Armero eta etsaminatzaile baten arteko ahaidetasuna, Claudio Otaegi, argudiatuz. 1875.eko maiatzaren 11ko udal bileran zehar, Arreseren aldeko diktamenak irakurri ziren baina, ustekabean, eta azkeneko postuan geratu zen arren, Salustiano Olazabal alkateak Pedro Armero proposatu zuen Rufino Etxaideren ordezko gisa Junkaleko Andre Mariaren elizako kaperaren buru izan zedin, argudiatuz herriari emanak zizkion zerbitzu onengatik, plaza horretan ziharduenak alde egin zuenetik, bitarteko organo-jole jardun baitzuen, kausa liberala armak hartuta defendatu zuelako eta bertakoa zelako. Horren aurrean, zinegotzi-talde batek, lehenengo alkateordea buru zelarik, ihardetsi zuen ezen Arrese izan zela bi etsaminatzaileek "onen" gisa sailkatua, Gipuzkoako boluntarioen batailoian ere aritu zela ahaztu gabe. Aurkako bi jarrera hauen arteko botazioa eginda, Arrese atera zen hautaturik aldeko sei boturekin, Armerok bost lortu zituelarik. Hortaz, Valentin Arrese izan zen hiribildu horretako parrokiako organo-jole izendatua, erabakitako soldata, ordain eta betebeharrekin (Irungo udal artxiboa: 1875-5-11ko akta, 96. lib., 56a folioa) eta biharamunean jakinarazi zitzaion izendapena.