Arkitektura

Antzokiak. Arkitektura

Euskal Herrian antzerkia eta antzokien inguruan lehen berriak Aro Modernoan aurki ditzakegu. Dakigunez, garai horretan antzezlanak eskaintzeko eraikin berezirik ez ziren gauzatu. Gehienetan hiri eta herrietako plaza nagusietan antolatzen ziren ikuskizun horiek, eta horren ondorioz, ikusleak inguruko eraikinetako balkoietan biltzen ziren. Gehienez jota, zurezko egiturak prestatzen ziren ikusle gehiago gerturatuko zirela antzematen zenean.

Baina XVIII. mendearen amaieran egoera hori aldatzen hasiko da. Hasiera batean Ilustrazioaren eskutik, eta gero Liberalismoaren printzipioen eraginez, antzerkigintzak arrakasta handia ezagutuko du. Gizarte berriak, batez ere burgesiak, antzezlan gehiago eskatuko ditu eta horren ondorioz antzokiak eraikiko dira. Joera hori XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran areagotu egingo da. Berez, Euskal Herriko antzoki gehienak eta garrantzitsuenak garai honetakoak dira.

Antzoki gehienak Euskal Herriko hiri garrantzitsuenetan eraikiko dira -Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea- eta lehenengoak, XIX. mendearen hasieran burutuko dira neoklasizismoa estiloaren eraginpean. Eraikin horien diseinuan parte hartuko duten arkitektoen artean Alexo de Miranda, Agustin de Humaran, Jose de Nagusia, Pedro Manuel Ugartemendia eta Silvestre Perez nabarmendu behar ditugu. Azken hori izango da 1817an Euskal Herrian antzokien inguruko eredua finkatuko duena Gasteizen eginiko Principal Antzokia proiektuaren bitartez. Oinplanoak ferra itxura dauka, perimetroa errektangularra da. Berez, fatxada leuna da baina joniar zutabeak dauzka eta basamenduaren gainean, altuera bikoitza duen apaingarririk gabeko gunea ageri da. Kanpoaldean barruan zer gertatzen den adierazten duen fatxada litzateke.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, antzokien eraikuntzari dagokionean, bigarren bolada bat gertatuko da eta eklektizismoaren eraginpean gure inguruko antzoki ikusgarrienak burutuko dira, adibidez, Bilboko Campos Eliseos eta Arriaga antzokiak, edota Donostiako Victoria Eugenia antzokia. Eraikin horietan forma eta funtzioaren alorrean berrikuntzarik finkatzen ez bada ere, estetika aldetik aipatutako burgesiaren nahiak bertan islatuko dira gehiegizko apainketaren bitartez.