Arkitektura

Antzokiak. Arkitektura

Inperio erromatarraren amaierarekin eta kristautasunaren hedapen garrantzitsuarekin, Erdi Aroan itzali egin bazen ere antzinako antzoki klasikoaren tradizioa, Errenazimendu garaian berriro berritu egin zen eta ia mila urte igaro ostean, antzoki erromatarra izan zen Europako antzokien arkitektura berriaren abiapuntua. Horrela, testu klasikoen hedapenak ere antzokiaren indarberritzea ekarri zuen XV. mendearen azken herenean. Antzezlanak jauregietako aretoetan eta patioetako arkupeetan burutzen ziren heinean, antzerki forma berriak sortu ziren. Berez, XVI. mendearen amaieran hasi ziren antzerkiari egokitutako eraikin iraunkor berriak egiten, plazetan inprobisatutako agertokiak ordezkatuz alegia. Andrea Palladio arkitekto italiarra izango da eredu hori finkatzen duena, XVI. mendearen amaieran eraikitako Vicenza-ko Antzoki Olinpikoaren bitartez. Erromatarren antzoki irekia eta handiaren elementuak erabiliz, eta horien printzipioak aintzat hartuz, bertan burutu zuen eraikin itxi berria eredugarria bilakatu zen garaiko beste antzokiak bideratzerako orduan.

Barroko garaian, XVII. mendean alegia, jauregietako loggiak izeneko elementuak aretoetara egokitzerakoan, antzokietan palkoak sortu ziren. Horietan, elkarren jarraian ezarritako hainbat patio ilara hurrenez hurren jartzen dira eta eseraulkiak hartzen dituen patio nagusia beheko aldean hiru aldetatik inguratzen dute, laugarrenean agertokia dagoelarik. Palkoak dituen antzokiak oso hedapen handia izan zuen, ezin hobeto egokitzen baitzitzaion Barroko garaiko gizarte gortesauari. Gizarte horrek antzokira eginiko bisita gorteko festen luzapentzat hartzen zuen. Horregatik ere, antzoki asko dantza egiteko eta maskaradak eta beste zenbait gizarte jaialdi ospatzeko erabiltzen ziren.

XVIII. mendetik aurrera, joera nagusia zera zen: antzokiak publiko zabalagoari begira eratzea eta berauek funtzio bakarra betetzea. Ikusleen artean ere, palkoak zituen eredu berriak gero eta harrera hobea erdietsi zuen. Horrela, patioaren zati batean eserlekuak ere jartzen ziren. Formari dagokionean, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera neoklasizismoaren formek barrokoaren estetika eta apainduren aldeko gustua pixkanaka ordezkatu zituzten.