Kontzeptua

Altsasuko zortzikoa

Nafarroako soka-dantzetan ohikoa denez, pausoak ez dira oso zailak, eta edozein pertsonak egin ditzake. Beste alde batetik, halere, oso garbi dago lehen dantzariaren soka-dantzan duen pisua, eta erraz ulertzen da postu hori hartzea historikoki ohoretzat hartu izan dela. San Pedro egunean, kasu, egiten da santu honen baselizaren ondoren erromeria oso ezagun bat, eta lehen zortzikoa udaleko batek dantzatzen du, normalean alkateak edo alkatesak.

Zortzikoa Altsasuko beste jai-egunetan ere dantzatzen da, baina bere garrantzia handiena Santageda astean bereziki ikusten da. Aste honetan lehen aldiz ateratzen dira plazara zortzikoa dantzatzera kinto-kintak, hots, urte horretan hemezortzi urte betetzen dituzten mutikoak, eta azken urteotan, neskak ere. Horretarako, entseguak egiten dira Erregeen egunetik aurrera. Santa Agedaren astean gazte hauek janzkera berezia eramaten dute, txuriz mutikoek eta kashera janzkerarekin neskek, euskal jaka eta zapi ikusgarri batzuekin, normalean haien familiek eginda denbora luzez eta maitasun handiz.

Egun horietan diru-bilketak eta eske tradizionalak egiten dituzte kinto-kintek, eta horiekin bazkariak, afariak eta poteoak antolatzen dituzte. Hala eta guztiz, momentu inportanteena zortzikoa da, non lehen aldiz gazte bakoitzak erakutsiko du bere trebetasuna dantzan jendaurrean, eta horrekin batera bere heldutasuna. Une horretatik aurrera, esan daiteke pertsona heldu eta altsasuar peto-petoa dela. Esan dezakegu beraz soka-dantzak Altsasun, beste leku askotan ez bezala mantentzen duela bere garrantzia gaur eguneko bizitzan ere. Ez da, harrigarria bada ere, bizirik mantentzen den tradizio zaharra hain industrializatu eta immigrazio hain handia jaso duen tokian. Esan daiteke tradizio hauek gainera normaltasun oso handiz mantentzen direla, eguneroko bizitzan sarturik. Eta dudarik gabe, dantza honen pauso errezek badute bere garrantzia prozesu honetan. Altsasun dantza ez da folklorizatu, ezta profesionalizatu ere. Hori dela eta, hemen argi esan daiteke zortzikoa altsasuar guztien ondarea dela.