Pintoreak

Alda Lopez de Munain, Juan Diaz de

1919ko abuztuaren 8an Gasteizen jaiotako akuarelaria. Mendearen azken hamarkadako azken urteetan hil zen.

Arte eta Ofizioen Eskolan lerro-marrazketa ikasketak egin zituen. Aitaren lantegian lan egin zuen altzairuak proiektatu eta diseinatzen. Bertan aritu zen hark erretiroa hartu zuen arte. Berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetan Lanbide Heziketako "Nieves Cano" eskolako irakasle izan zen. Laurogeiko hamarkadan, Arte eta Ofizioen Eskolako batzordekide ere izan zen.

Gasteizko Artista Kasinoko Pintoreen Taldeko sortzaileen arteko azken kideetako bat izan zen. Kolektibo hori izan zen gerraostean Araban sortu zen artisten lehen elkartea, 1945eko ekainean. Pintura arloko ibilbide oparoena berrogeiko hamarkadan eta berrogeita hamarreko hastapenean urratu zuen. Arabako Artista Afizionatuekin egindako lehen pintura erakusketetan parte hartu zuen. Erakusketa horren antolakuntza Udal Kutxa delakoak hartu zuen beregain 1944ko urritik. Beti akuarelari modura parte hartu zuen.

Juan Diazen ekoizpenean paisaia da nagusi. Konposizio aldetiko oreka eta koloreen erabilera fina dira bere ezaugarri behinenak, marrazki arduratsu baten ildoei jarraiki. Bere belaunaldiko adiskide gehienek bezala, Gasteizko txokoak islatzea atsegin zuen, probintziako zenbait panoramika lantzeaz gain. Orobat, inguruko haranak eta Kantabriako kostaldea ere marraztu zituen. Gaztelako goi-lautada ere pintatu zuen.

Enrique Suarez Alba lagunarekin batera Euskal Akuarelarien Elkarteko kide goiztiarra izan zen. Berrogeiko hamarkadaren erdialdera Madril, Bilbo, Gasteiz eta Donostian Akuarelako Sala Nazionalak ospatu ziren. Juan Diazek horietan parte hartu zuen eta, baita garai hartan elkarte euskaldunak antolatzen zituen erakusketetan ere.

1948ko ekainaren lehen hamabostaldian Donostiako Arteko Udal Aretoetan jarri zuen bere obra ikusgai, Suarez Alba, Gerardo Armesto eta Santiago Pascualen aldamenean. Urte hartako abuztuan Baionan ospatutako Artista Espainiarren II. Sala jendetsuan parte hartu zuen. 1949. urtearen amaieran bere akuarelak Arrasaten antolatu zen Eskualdeko IV. Pintura Erakusketan izan ziren ikusgai, eta 1952ko abuztuan GasteizkoUdal Kutxa delakoaren Hitzaldien Aretoetan antolatutako Gasteizko Txokoen Pintura Erakusketan, Olagibel kalean.

  • MARTÍNEZ, Eduardo. Catálogo Exposición Homenaje a Fausto Crespo-Ildefonso Crespo. Luis de Ajuria Aretoa, 1999ko urtarrilaren 4tik-21era. Gasteiz: Vital Kutxa Fundazioa.