Pintoreak

Armesto Hernando, Gerardo

Pintore garaikidea, Lazkaon (Gipuzkoa) jaio zen 1919ko urriaren 19an. Gasteizen hil zen 1957ko abuztuaren 28an.

Gerraosteko artista arabarren lehen belaunaldikoa izan zen. Gasteizen bizi zen 1946tik zendu zen arte. Haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa Ordizian, Tolosan eta Donostian pasa zituen. Loma Somera Santanderreko udalerrian ere bolada laburra pasa zuen, gaixotasun arin batetik sendatzen.

Donostian Carlos Lindnerren optikan hasi zen ikasle gisa; aldi berean, Vicente Cobreros Urangaren akademian ikasketa artistikoak egin zituen. Gerra Zibila bukatu ondoren, San Telmo Museoan prestatu zen gela batera maiz joaten zen, eta han Donostiako beste gazte batzuekin elkartzen zen, marrazteko. Gipuzkoako Artista Gazteen XIII. eta XIV. Erakusketetan parte hartu zuen, eta Madrilgo Arte Nazionalerako Probintzia Erakusketan parte hartu zuen (1943ko irailean). Halaber, Diario Vasco egunkarirako marrazkiak eta karikaturak egin zituen. 1946tik behin betiko bizi zen Gasteizen, eta Dato kalean Cali optika zuzentzen zuen.

Casino Artista Vitoriano Pintoreen Peñako kide izan zen, gerraostean sortu zen lehen Arabako taldean, eta lan guztiak Aurrezki Kutxak antolatutako arte lehiaketa guztietara bidali zituen. 1948ko ekainean Donostiako Arte Udal Aretoan erakutsi zituen bere obrak, Enrique Suarez Alba, Juan Diez eta Santiago Pascual artista gasteiztarrekin batera. Lau urte geroago toki berean izan zituen ikusgai, artista euskaldunen erakusketa kolektibo batean. Baionako Artista Espainiarren II. eta III. aretoetara lanak bidali zituen, 1949an eta 1952an.

1952ko apirilean Los Pintores de Vitoria erakusketan hartu zuen parte, Madrilgo Altamira Galerietan. 1953an Madrilhgo Artisautza Erakusketa Nazionalean izan zen, eta Artearen II. Hispanoamerikako Bienalerako Kantauri aldeko prestaketa-erakusketan, Bilboko Arte Ederren Museoan egin zena. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan izan zen 1954an eta 1957an, eta Artearen II. Hispanoamerikako Bienalean, Bartzelonan, 1955ean, besteak beste.

1955eko ekainean Arabako hiriburuan bere bakarkako erakusketa bakarra antolatu zuten. San Prudentzio kaleko Arte Aretoan izan zen. Berrogei lan izan zituen ikusgai: Gasteizko eta inguruko txokoak, Mendotza, Sobron, Lizarra, Pancorbo, Donostia (portua), Otxandioko panoramikak, Paisaje vasco delakoa, bodegoiak, Montmartreko bi gai, erlijio osaera bat (Crucifixion), eta zenbait ikono.

1953ko uztailean Parisera bidaiatu zuen Enrique Suarez Albarekin eta Angel Morazarekin. Hiru pintoreek osatu zuten 1956an Arabako Pintoreen Pajarita Taldea, Enrique Pichotekin eta Jose Miguel Jimeno Mateorekin. Hasierako etapa hartan taldea banatu egin zen, hain zuzen ere Armesto bat-batean eta ustekabean hil zelako; hala ere, taldeak Macarron Aretoan zenbait lan ikusgai jarri zituen urri hasieran, eta 1957ko martxoan Garcia Castañon kaleko Iruñeko Aurrezki Kutxako Ikasketa Zentroan.

1982ko azaroan Arabako Arte Ederren Museoak pintorearen hil ondoko erakusketa antolatu zuen, lan nagusiak hautatuz. Ia laurogeita hamar pieza jarri ziren erakusgai, olio-pinturak eta marrazkiak barne. Hurrengo hilabetean erakusketa antologiko hori Donostiako San Telmo Museoan ikusteko aukera egon zen.