Eskultoreak

Alcalde Lomas, Lucas

Eskultorea. 1949an jaio zen Jaenen. Baina bi urte baino ez zituela Ortuellara eraman zuten bizitzera. Artista autodidakta da eta Joaquin Alcalde eskultorearen anaia.

Pinturaren alorrean hasi zen lehen urratsak ematen. Jose Maria Arenaza Urrutiaren hitzetan:

"... es un pintor muy pegado a la realidad. Pinta, sólo, aquello que ha visto. Y lo hace tal como la escena ha transcurrido, sin añadidos de ninguna clase", "... personajes de la vida cotidiana, afanados, inmersos en su quehacer: aldeanos, rederas recomponiendo sus artes de pesca, bailarinas, desnudos...".

Meatze-arroarekin harreman estua izan du eta alor horrekin lotutakoak dira bere erakusketa gehienak. 1980an bere bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuen Portugaleteko Caja Popular Kutxan, eta 1986an beste erakusketa bat egin zuen bertan. 1982. Bilboko Echeva Galerian paratu zuen erakusketa eta 1983an Ortuella eta Sestaoko Kultur Etxeetan. Bi urte beranduago Portugalete eta Lekeitioko Kultur Etxeetan egin zituen erakusketak eta 1987., 1989. eta 1993. urteetan Bilboko Juan Larrea Aretoan. Bilboko Caledonia Galerian bakarkako hiru erakusketa jarri zituen (2000, 2002 eta 2003). Abanto-Zierbenako Udalean ere erakusketa paratu zuen 2004an eta 2007an Portugaleteko Industriaren Museoan.

1981. urtetik hogeita hamar erakusketa kolektibo ingurutan parte hartu du, gehienetan, Euskal Akuarelisten Elkarteko kideekin Bizkaiko lurraldean. Hainbat sari eskuratu ditu, gehienak ezkerraldearekin lotutakoak, esate baterako, Ortuellako Herri Pintura Lehiaketako Lehen Saria 1983an, Meatzari Zonaldeko Pintorearen Lehen Saria 1986an edo Barakaldoko Udaleko Urrezko Domina 2007an. Ingurune horretatik at Ibilbide Artistikoaren Torre Archiff Nazioarteko Saria (Italia) jaso zuen 1998an.

Meatzariak, arrantzaleak eta langileak agertu ohi dira bere lanetan behin eta berriz. Artistak bere inguruneko gaietara jotzen du eta inguruneak ere artistarengana jotzen du eginkizunak islatu edo pertsona edo industria jakin batzuen omenaldiak agertzeko. Horrela bereak dira Ortuellako Meatzariaren omenezko monumentua, Sestaoko Langileen omenezkoa edo Barakaldoko Herriko Plazan kokatuta dagoen Industriaren omenezkoa. Gainera, Gallartako Meatzaritzaren Museoa Kultura Elkarteak meatzeetan lanean aritu ziren 68 emakumeri egindako omenaldia iragartzeko kartela egin zuen pastel erako pinturaz 2001ean.

Gainera, Lucas Alcalderenak dira monumentu publiko hauek: Monumentua Catalina Grijabari eta Monumentua Meatzariari Ortuellan, Torso de Hombre eta Monumentua Dolores Ibarruriri -Pasionaria- Santurtzin, Monumentua Eusebio Glez. Ortuondori Trapagako Ibarreko Belodromoan, Monumentua Industriari Barakaldon, Monumentua Langileei Sestaon, Monumentua Indalecio Prietori Bilboko Abandoko Geltokian eta Monumentua Clara Campoamorri Madrilen. Berak egindako hiru pintura-obra, meatzaritzari buruzkoak, irudikaturik daude Bilboko Itsas Museoko beirategietan.

Bere lanak ikusgai daude, besteak beste, Ataungo Miguel de Barandiaran Fundazioan, Madrileko Dolores Ibarruri Fundazioan edo La Caixan.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 484 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.