Arkitektura

Alava-Eskibel Jauregia

Aro Berriaren lehen aldian, estilo artistiko berri bat, errenazimendu edo berpizkunde izenekoa, zabaldu zen Europan zehar. Italian hasi zen XV. Mendean, baina XVI. mendean gainerako lurraldetara hedatu zen. Korronte artistiko honek mundua eta bizitza ulertzeko era berria ekarri zuen eta antzinako greko eta erromatarreko eredu klasikoetan inspirazioa bilatu zuen.

Prozesu honekin lotuta, izugarrizko bilakaera politiko, ekonomiko eta sozialak sortu ziren. Politikaren aldetik, gerra gehienak amaitu edo gutxitu ziren. Ekonomiaren ikuspuntutik, gorakada garrantsitzua bizitu zen, bai merkataritzan bai nekazaritza-ekoizpenean, eta, gizarte alderdiari dagokionez, hirietako gizarte klase nagusia, hau da, burgesia, berpiztu eta burges bizimodua eragin zuen. Gertakari guzti hauek iharduera artistiko handia ekarri zuten eta eraikuntza arloan adibidez, argi nabaritu zen eraikin ugari altxatu baitziren.

Arabaren kasuan, aipatutako gertakariaz aparte, kokagune geografikoa lagungarria izan zuela aipatu behar da, Gaztelatik Frantziaraino itsasorako bidean baitzegoen. Gainera, bere kokapenari esker ere, Gaztelako artegune garrantzitsuekin, Burgos eta Valladolid nagusiki, harremana zuzena zeukan.

Testuinguru honetan, Arabako berpizkundeko arkitekturak, bai erlijioso bai zibil arloan, hazkunde garrantsitzua izan zuen, eta, bereziki, hiriburuan, Gasteizen, garatu eta errotu zen estetika berria.

Horretaz gain, jakina da garai hartako Gasteizko nobleek harreman onak eta zuzenak zeuzkatela enperadorearekin, izan ere, Carlos I.aren gortean Gasteizen bizi ziren noble ugari karguak zituzten eta beraien aginduz eraiki zituzten jauregi garrantzitsuenak.

Hori dela eta, anitz dira garai honetako eraikuntzak eta Alava-Eskibel jauregia horietako bat da. Bere sustatzailea Diego Martinez de Alava y Esquibel, Carlos I.aren errege kontseiluan kargu bat izan zuena izan zen.

Eraikuntza hau XVI. mendearen lehen hamarkadetan altxatu zuten, agirien arabera, 1535 urtearen inguru, eta Gasteizko hirigune historikoan kokatzen da, Zapateria eta Herreriaren kaleen artean, hain zuzen.