Arkitektura

Alava-Eskibel Jauregia

Sustatzailaren familiaren orubean eraiki zuten eta mehelin kokaleku bat betetzen du. Fatxada nagusia Zapateria kalean dago eta atzeko aurpegiak Herreria kalera ematen du.

Tipologia aztertzen bada, Alava-Eskibel jauregia dorreduna izateaz gain hiru solairukoa da eta bi isurialdeko teilatua dauka. Oinplano laukizuzeneko ereduari jarraitzen dio. Aurrealdeko fatxada harlanduzkoa da, multzoaren atzeko aurpegiak, berriz, harlangaitzazko paramentuak ditu eta, kasu honetan, harlandua murrizten da atal nagusietara eta baoen errefortzuetara.

Jatorrizko fatxada nagusiaren atal nabarmenena errenazimenduaren ohizko galeria bat zen baina kontserbazio-egoera txarraren ondorioz, XIX. mendean galeria berri bat altxatu zen, gaur egun ikusten dena. Fausto Iñiguez de Betolaza arkitektoak disenatu omen zuen galeria berri hau (erdizirkulu arkuak, kapitel korintoar eta zutabe ildaskatuak dauzkana) eta, dirudienez, berritzeko lan orokorra burutu zuen. Galeriaz gain, jatorrizko erdizirkulu arkuaren sarbidea, dobel handiekin hornituta, eta familiaren armarriak gordetzen dira.

Atzealdeko aurpegia erabat aldatuta dago. Jatorrizko antolamendua eta diseinua desagertu egin da. Bakarrik, goiko partean harrizko erlaitz bat, non ahur eta ganbil elementu kuxindurak aldizkatzen diren, eta XIX. mendeko elementu neogotikoak, lan berritzeko ondorioz, eta erloju baten agerpena, jatorrizko ingelesa omen dena, azpimarratzekoak dira, nahiz eta jatorrizkoak ez izan. Mende honetan ere, eraberritzeko lanekin batera, burdinesi batekin orubea itxi zen eta lorategi bat sortu zuten.