Kontzeptua

Alardeak

Alarde

Zentzu folklorikoan, bereziki garaipen militarrak urtero ospatzen dituzten desfileei egokitu zaie alarde hitza: Antzuolan, 920an Nafarroako Junkarian Kordobako kalifaren aurkako batailan antzuolar konpainiak mairuei bandera bat erauzi zielakoan (uztailaren hirugarren larunbatean); Elorrion (Bizkaia), bertako batzuek Lepantoko borrokan (1571eko urriaren 7an) turkoen aurka parte hartu eta Arrosarioko Amabirjinaren omenez; Hondarribian, frantsesek ezarritako setioaren altxatzea 1638ko irailaren 8an, bertako Guadalupeko Amari esker onez; Irunen, 1522ko ekainaren 30ean (San Martzial egunean) bertakoek etsaiengandik herria askatu izana; Tolosan, San Joan egunean, Beotibarren 1321eko irailaren 19an gipuzkoarrek nafarren aurkakoa.

Irun eta Hondarribian argi dago garaipen militarraren eta ospakizunen arteko harreman zuzena. Besteetan, zalantzan da, borroken ospakizunak direla ez ezik, herritar haien partaidetza historikoa bera ere. Elorrion alarde hitzaren erabilpena berri samarra da. Lehenago errebonbilloak deitzen zitzaien partaideei, eta gaur egun ere "errebonbilloen alardea" esamoldea erabiltzen da, seguru asko gainerako alardeen antz formala (armadunak) eta jatorri belikoa (benetakoa edo mitifikatua) duelako.

Alarde

Dena den, desfile folkloriko hauetan armadunen presentziak ez du zerikusirik garaipen militarrak ospatzearekin, ez behintzat haien jatorrian. Antzinako Erregimenean oso normalak ziren armadunen konpainiak edonolako prozesioetan. Adibidez, Irunen 1769ean, euritea atertzeko Ama Birjinari egindako eskaera-prozesioan, ohorezko eskolta eta mosketezko salbak egiteko, 25 lagun bazeuden, "ongi jantzita" (uniformatuta?), "militar erara, Unibertsitateko" (hiribildu ez zen herri mota) "bandera, ziztua, danborra eta guzti": alegia, alardeetan bezalaxe, baina askoz ere armadun gutxiago. Armadunen presentzia ez zen mugatzen izaera instituzionaleko desfileetara. XVII. mende bukaeran Oiartzunen (Gipuzkoa), San Nikolas (abenduaren 6an) bezperan ohitura zen gizonezko armadunen tropak gauez eskean eta kantuan ibiltzea. Goian aipatu bezala, askotan nekez bereizten ziren alarde militarrak eta desfile folklorikoak, alarde izenez aipatu edo gabe. Markinezen (Araba), Corpuseko prozesioan bi baleztarik parte hartzen dute: funtzio militarra zuen XVI. mendeko kofradia baten aztarna.

Alarde
Lapurdi eta Nafarroa Behereko Besta Berrietan ere armadunen presentzia ohikoa izan da.

XIX. mendean, Iparraldeko Besta Berriek eta Gipuzkoako alardeek antzeko eboluzioa ezagutu zuten: koreografiaren eite militarraren areagotzea. Xabier Itzainak dioenez, Besta Berrietan suzko armadunen presentzia Antzinako Erregimenean dokumentatua egon arren (badirudi han ere derrigorrezko erakustaldi militarrekin nahasian), gaur egun gehienek uste dute osagai militarrak Napoleonen "Grande Armée" delakoaren eraginez txertatu zirela. Su-armadunen gainbehera koreografikoak lagundu ahal izan du pertzepzio horretan, apika.

Alarde
Izan ere, gainerako osagai "militarrak" bai omen datoz orduko armadetakoekin, bai azaltzeko ordenan, bai janzkeran: musikari-banda, zapurrak, makilaria (danbor-jole nagusia), suiza, banderariak... Azken hauek, eta "kantiniersak", Zuberoako maskaradetara ere iragan dira. Armadun eta dantzari "arruntek", berriz, ohiko euskal jai-janzkera tipikoa daramate, Gipuzkoako alardeetakoen antzera, baina lore eta zerrendetan apainxeago: galtzak eta atorra zuria, gerriko eta txapel gorriak, palto edo txaketa iluna, espartinak (batzuetan zapatak...), eta abar.

Gipuzkoar Bidasoaldeko alardeetan ere, XIX. mendeko armada baten ordena, osagai eta janzkerak erreproduzitzeko joera nabaria da: banda; hatxeroak (Iparraldeko zapurrak); danbor-jole nagusia (banda oso baten buru, Iparraldean ez bezala); zaldieria eta artilleria (Iparraldean ez bezala: azken finean Besta Berri erlijiosoa da nagusiki); kantinerak, eta abar. Ez dago garbi kronologikoki Iparraldeak Hegoaldeari eragin zion, alderantziz, edo elkarri eragindako prozesu bat eman zen. XX. mendean, alardeetan, Besta Berrietan ez bezala, armadun, musikari eta kantineren presentziak protagonismo handia hartu du, kopuru aldetik eta ospe sozialean.