Abesbatzak

Aiztondo abesbatza

Aiztondo Abesbatza 1995ean sortu zen Astigarragan. Herriko hainbat lagun elkartu, kantatzeko zaletasuna zutenak, eta abesbatza sortzea erabaki zuten. Asmoa elkartu eta kantatzea zen, euskal kanta herrikoiak batez ere.

Urteak aurrera egin ahala bost zuzendari izan ditu abesbatzak (oraingoa, bosgarrena) eta hainbat herritarrek parte hartu dute abesbatzan. Zuzendarien eta abesbatzako kideen musika zaletasunaren arabera, hainbat eratako kantuak landu eta eskaini ditu abesbatzak: Euskal Herriko kanta ezagunak (antzinakoak nahiz gaurkoak), beste Herrialdeetako folklore kantak, Erdi Aroko kantak, Gorteetako kantak, Kanta sakratuak eta abar.

Abesbatzaren helburua, bi hitzetan esateko, kantatzea da. Dena dela, helburu zehatzagoak ere baditu:

  1. Euskal Herriko kantak ezagutu eta kantatzea.
  2. Beste Herrietako herri kantak, nahiz historian zehar ezagun egin diren abesbatza-obrak ezagutu eta kantatzea.
  3. Herriko ekimenetan parte hartzea eta beste elkarteekin herri-bizitza sustatzea.
  4. Kantatuz une atseginak pasatzea eta partehartzaile bakoitzaren musika eta kantu ezagupenak zabaltzea eta aberastea.

Aiztondo Abesbatza mistoa da eta 20ren bat lagunez osatua dago une honetan. Zuzendaria Igor Arroyo donostiarra da. Abesbatzak Zuzendaritza Batzorde bat du, abesbatzako gorabeherak bideratu, emanaldiak antolatu eta gainerako eginkizunez arduratzen dena.

Aiztondo Abesbatzak badu harremana herriko elkarteekin, batez ere musika arloan ari direnekin. Gainera, beti izan du borondatea herriko elkarteek antolatzen dituzten ekimen eta gogoeta saioetan parte hartzeko. Eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko du.

Elkarlanean egindako bidearen adibide dira honeko ekimenak:

  1. Urtero jaien atarian antolatzen den emanaldia (preludioa): txistulari, dantzari, Musika Eskola eta udalarekin elkarlanean egiten dena.
  2. Herrian antolatzen diren omenaldi ekitaldiak: Txomin San Sebastianen omenezko omenaldia (2001).
  3. Txotx Berri Festa: herriko elkarte, tabernari, sagardozale eta Udalak antolatua (2000 eta 2001ean).
  4. Korrika (AEKren ekimena).
  5. Bai euskarari kanpaina (emanaldia Anoetan izan zena).
  6. Astigarraga Donostiatik desanexionatu zeneko 25. urteurreneko ospakizunak.

Taldearen helburua kantatzen gozatzea da, eta kantatzen ikastea. Hori dela eta, 2003an kantu teknika lantzeko ikastaroari ekin zion abesbatzak. Hona hemen bere lan egiteko era:

  1. Ostiraletan: entsegu orokorra, lau ahotsak elkarrekin.
  2. Astearteetan: gizonezkoak, kantu teknika eta soka taldearen lana.
  3. Asteazkenetan: emakumezkoak, kantu teknika eta soka taldearen lana.

Aiztondo abesbatzak, 2007. urteaz geroztik, BAI EUSKARARI ekimenarekin euskararen erabilera sustatzeko konpromezua hartua du.