Léxico

uztarri

buztarri.
üztarri.

Abereek gurdi edo lanabesei tira egiteko erabiltzen den zurezko pieza. Abere bakarrarentzakoa zein bientzakoa izaten da, nahiz eta azken hori izan Euskal Herrian gehien erabilia. Bi belarri edo ertz eta lau adar-zulo izaten ditu, lau hede-koska eta bi buru-leku; lotzeko bi hede-zulo eta tira egiteko gurtede-zuloak. Gainaldean, 35 bat zentimetroko tartearekin, bi zulo izaten ditu hagatxo makotu bat ezartzeko eta horren gainean ardi-larru bat zabaltzen da. Bilkua izeneko hagatxo horren azpian aizkora, ardo-zahatoa, arropak eta abar gordetzen dira. Uztarriaren aurrealdean landare eta idi-buru estilizatuzko apaindurak izaten dira. Idientzako uztarria 120-130 zentimetrokoa izaten da; Araban, golderako erabiltzen denak 135-140 izaten ditu; gurdirakoak 120 izaten ditu eta behiarentzakoak 112 inguru. Euskal Herriko uztarriak adarretakoak dira, beste zenbait herrialdetakoak ez bezala. Eta zumar-, intxaur-, haltz- eta urki-zurezkoak ere izaten diren arren, eskuarki pagozkoak izaten dira. Uztarriak bakarrak, luzeak eta motzak izan daitezke. Uztarriaren atal edo osagaiak hauek dira: uztarri-ubala, adar-koskak, ereleku edo hede-lekuak, ganbela, kazola, ubetzak eta uhal-pasaiak.