Poetas

Suarez Barrutia, Jon

Elgoibar, 1962.

Jon Suarez Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen 1962an. Irakasle-ikasketak egin zituen, eta Gasteizen bizi da 1983az geroztik, bertan irakasle diharduela lehen hezkuntzan. Haur literaturan egin du bere ibilbide literarioa, poesia eta ipuingintza lantzen, alde batetik; eta liburuak euskaratzen bestetik.

Galtzagorri elkarteko Behinola aldizkariaren erredakzio batzordean dago eta nabari ez diren lan isilak (artikuluen itzulpenak, elkarrizketak,...) egin izan ditu. Eta, hain zuzen, ez nabarmentzea litzateke Suarezen ezaugarri bat.

Bere sorkuntza lanak direla eta, ipuinetan nabaria da gauzak kontatzeaz gain kontatzeko modua zaintzen duela. Narrazioetan poetikotasuna nabari da, eta horregatik ez da harrigarria gertatu Kaixo Mirna (1996), Sagarekin klik (1997), Eta Alkatea? (1998), Ortzadarraren kantua (1999) eta Luzi, Fer! (2002) ipuinen ondoren argitaratzea poesia liburu bat: Ilbetea dilindan (2002).

Azken liburu horren inguruan hona hemen Xabier Etxanizek eta Manu López Gasenik diotena XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura ikerketan:

"Poesi liburu horretan deskribatu ditugun joera nagusietatik aldentzen den poetika original bat eraiki du. Suarezen poemak lanketa zorrotz baten emaitza dira, eta beti ez dira ematen dutenak: ekiboko eta ezkutuko esanahiarekin jolasten du , berdin egiten du aliterazioan oinarritutako poema bat zein jolas intertestual edo metaliterario bat. Hala ere, haren poemak ez dira hotzak; aitzitik, haur munduarekin identifikatzen duten sentsibilitate handia darie. Hona hemen, adibide gisa, haur kanta ezagunen hitzeko jolasten duen poema hau:

Ez dut Txanogorritxo izena
ez naiz Paristik natorren artista bat
ez da Pintto nire txakurra
ez nuen astoa ikusi gabardinarekin
Je m'appelle Fatima
je suis de Marrakex
et je veux être
zure laguna."

Liburu horretan, gainera, idazleak generoen arteko mugekin jolasten du; narratiba poetikoaren eta poesiaren arteko esparruan arituz, "Ipuin bat kontatuko dizut" izeneko lanarekin egiten duen bezala:

Ipuin bat kontatuko dizut
zatika-zatika olatuek ekarri didaten ipuina, pirataren ipuina
altxor bila itsasoratu zen pirataren ipuina
ekaitzak irentsi zuen pirataren ipuina
itolarrian marrazoekin borrokatu zen pirataren ipuina
erasotzaileak garaitu zituen pirataren ipuina
igerian musker-uhartera iritsi zen pirataren ipuina
uharteko zaldunek harrapatu zuten pirataren ipuina
ziegan preso sartu zuten pirataren ipuina
leotzeko leihotik printzea maitemindu zuen pirataren ipuina
printzearen laguntzaz gaztelutik ihes egin zuen pirataren ipuina
portuan ontzia lapurtu zuen pirataren ipuina
berriz ere itsasoratu zen pirataren ipuina
kaian printzea negarrez utzi zuen pirataren ipuina
ontzian printzearen malko kristalduak zeramatzan pirataren ipuina
pirata partxedun ausart tristearen ipuina
malko perlak aski ez eta...
berriro altxor bila itsasoratu zen pirataren ipuina
ipuin bat kontatuko dizut, bai, pirataren ipuina
baina hurrengo batean izan beharko du
orain lo egiteko ordua duzu-eta, piratatxo laztana.

Ilbetea dilindan, Pamiela, 2002, 52-53.

Idazlea, gainera, generoen arteko harreman edo muga saltatuz eginiko idazlanetan haurren psikologiara hurbiltzen da. Idazketa poetikoa eta, era berean, haurren errealitatetik, haurren mundutik hurbil. Hots, hartzailearen ezagutza duen idazle baten aurrean gaudela. Eta hori, jolas moduan planteatuta badago ere, Loa, loa ipuinean ikus dezakegu. Protagonistak, neskato txiki batek, ama sendagilea lanetik datorrenean mimatzen duenean esate baterako:

"Gaur, amatxo etorri denean, sofa gainean etzan da. Egongelan. Nik zapatak kendu dizkiot eta etxeko txapinak jarri. Orduan baba txiki bat ikusi diot orpoan. Oso gorrituta. Eta tirita bat jarri diot. Baso bat esne eman diot. Eta madalena bat. Zazpi antxumetxoen ipuina kontatu diot".

Arestian aipaturiko lan horiez gain (Loa, loa liburua gazteleraz ere argitaratua du: (Duérmete niña, Mensajero, 2006) Ortzadarraren kantua (2008) lana ere plazaratu du.

Baina idazle lanaz gain, Jon Suarez itzultzaile ere bada eta zenbait haur liburu eskuratu ditu (animalia, garraiobide eta abarri buruz) bai eta literatura lanak. Azken hauen artean honako liburu hauek aipa daitezke: Aitatxo balkoian dago (1997), Musikaren plaza (1999), Baleen haranean (1999), Hakemen ametsa (2000), Ipurditxo bihurritxo (2001), Ilbehera (2003), Luxion (2007) eta Marrazkitan blai (2010), Desclée de Brouwer, S.M., Bruño eta Aizkorri argitaletxeetan.

  • ETXANIZ, Xabier. eta LOPEZ GASENI, Manu. XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2011.
  • SUAREZ, Jon. Ilbetea dilindan. Iruñea: Pamiela, 2002.
  • SUAREZ, Jon. Loa loa. Bilbo: Mezulari, 2006.