Concepto

Redes Sociales

Ver artículo en euskera.

Sare sozialaren ideia aspaldidanik erabili izan da edozein taldeetan bertako kideen arteko erlazioak adierazi ahal izateko. Talde horiek ez dute zertan pertsonaz osatutakoak izan behar, erakundeak, enpresak edo herrialdeak ere izan daitezke sareko kideak.

1930eko hamarkadaren hasieran, Jacob Levi Moreno psikologoak soziograma terminoa erabili zuen. Hori izan zen pertsona-talde bateko erlazioak irudikatzeko lehen saiakera. Morenoren soziograma, lerro zuzenak erabiliz konektatutako banakako puntuen edo nodoen multzoa zen. Lider sozialak, baztertuak eta beste guztiekin konektatuta zeuden pertsonak, berak "izar soziometrikoak" deitzen zituenak, identifikatu ahal izateko tresna oso ahaltsua bihurtu zen.

1954an, J. A. Barnes antropologoa izan zen sare soziala terminoa sistematikoki erabiltzen hasi zen lehenengoa. Norbegiako arrantzale-herri bateko erlazio konplexuak adierazi ahal izateko erabili zuen. Ondoren, bere garaiko beste akademiko ezagunak ere termino bera erabiltzen hasi ziren eta erabat estandarizatu zen.

Sare sozialen analisia, egitura soziala Grafoen Teoria aplikatuz azaltzen duen metodologia da. Bertan entitateak nodo bezala identifikatzen dira eta beraien arteko erlazioak lotura bezala. Analisi hauek egiten dituztenak, sarean gertatzen den guztia aztertzen dute, norbanakoak egiten dituzten ekintzak eta hauek besteengan dituzten eraginak. Sare bezala edozein talde hartu liteke, auzo bat, herri bat edo pertsona komunitate bat.

Analisiak egiteko, grafoak izan dira tresna erabilienak, sare bat errepresentatzeko oso tresna egokiak baitira. Metodologia mota bat baino gehiago erabiltzen dira. Batzuk, gizarteko bloke huts bezala hartu beharrean, zerbait irekiagoa hartzen dute oinarri bezala, webguneetako esteka-erlazioak esate baterako. Beste batzuk, norbanakoa soilik aztertu beharrean, erlazioen egiturak norbanakoan duen eragina aztertzen dute. Eta azkenik, bada arauek sareko partaideengan duen eragina aztertu beharrean, partaide horien portaerak arauengan duen eragina aztertzen duenik.

Oro har, sare sozialen analisiak, sareko partaideen artean zein elkarrekintza eta nola ematen diren aztertzen du.

Sare sozialen egitura ulertzeko garaian, oso lagungarria da Sei Graduen teoria azaltzea. Teoria horren arabera, munduko edozein pertsona beste munduko edozein pertsonarekin erlazionatu daiteke tartean gehienez bost pertsona erabilita. Hau da, gehienez sei jauzi eginez, munduko edozein norbanako beste edozeinekin lotu daiteke.

1930ean Frigyes Carinthy idazle hungariarrak proposatu zuen lehenengoz teoria hau. Ondoren, Duncan Watts soziologoak ere Six Degrees: The Science of a Connected Age izeneko bere liburuan azaltzen du teoria.

Teoria honen arabera, pertsona bakoitzak, familiako kideak, lagunak eta lankideak kontutan hartuta 100 lagun ezagutzen ditu batez-beste. Lagun horietako bakoitza beste 100 lagunekin erlazionatzen bada, lotura 10.000 pertsonekin egingo litzateke. Eta horrela seigarren jauzia ematean, 1.000.000.000.000 pertsona lotzen dira.

Ikusi den bezala, gradu bakoitzeko jauzian lotura kopurua esponentzialki hazten da eta horregatik da posible munduko beste edozein pertsonarengana iristea. Dena den, egiten den lotura hori zenbat eta urrunagoa izan, orduan eta zailagoa izango da bien arteko komunikazioa.

Komunikazio hori errazteko, zer esan handia eduki dute teknologia berriek eta batez ere Interneten zabalkundeak.

Erabiltzaileak beraien lagunekin lotzea ahalbidetzen duten webguneak dira Interneteko sare sozialak. Horietan, laguntasunaren kontzeptua aldatu egiten da, adibidez, zaletasun bat partekatzen duten bi pertsonek beraien arteko lotura egin dezakete ezagutu ere egin gabe. Behin lotura egiten den momentutik, bi pertsona horiek lagunak direla esaten da.

Interneteko sare sozialetan, bertako partaideek edukiak partekatzen dituzte, elkarrekintza egiten dute eta interes eta zaletasun berdinak partekatzen dituztenen artean, horietaz aritzeko komunitateak sortzen dituzte.

Teknologia berrietan sare sozialen eredua inplementatzean, pertsonak elkarrekin komunikatzeko eredu berri bat jarri da abian. Bertan partekatzen den informazioa mota desberdinetakoa izan daiteke eta hori zabaltzeko abiadura, sare sozial tradizionalekin konparatuz gero, oso azkarra da. Ordu edo minutu batzuk nahikoa izan daitezke albiste bat mundu osora zabaltzeko.

Interneteko lehen sare sozialak XXI. mendearen hasieran sortu ziren. Sare horietan, erabiltzaileak bere profila betetzen zuen eta ondoren sistemak antzeko profila zuten erabiltzaileekin lotzen zuen. Lotura hori automatikoki egiten zen, erabiltzaileari ez zitzaion inolako baimenik eskatzen.

Sare sozialetan oinarritutako webgune kopurua handia da, hori dela eta, joera nagusia helburu jakin baten inguruko sarea sozialak sortzea da, sare sozial bertikalak ere deitzen zaie. Aukera oso zabala da: harreman pertsonalak, lan-mundua, kirol eta afizio desberdina, eta abar.

Munduan erabiltzaile gehien duen sare soziala hau 2004an jarri zuten abian Mark Zuckerberg-ek eta beste hiru lagunek. Hasiera batean, Harvard-eko Unibertsitateko ikasleek erabiltzeko sortu zuten eta ondoren unibertsitate gehiagotara zabaldu zen sare soziala.

Gero eta funtzionalitate gehiago eskaintzen ziren eta sareko partaideen elkarrekintza aberatsagoa egin zen. Horietako bat, Facebook-en ez zeuden ikastetxeetako ikasleak gonbidatzeko aukera gehitzea izan zen. Handik aurrera, erabat zabaldu zen bere erabilera AEBko ikasleen artean. 2006ko irailean, nahiz eta erabiltzaile asko ados ez egon, Facebook-ek ikasle ez zirenentzako ireki zuen sare soziala. Edozein pertsonak ireki zezakeen kontu bat Facebook-en.

Facebooken kapitalean hainbat akziodun sartu dira, horietan ezagunena Microsoft izan da. 2009ko amaieran 350 milioi erabiltzaile zituen eta 2011ko hasieran, zifra hori 500 miliotara igo zen.

Eskaintzen dituen funtzionalitateetan horma edo ingelesez wall bezala ezagutzen dena da nagusia. Bertan erabiltzaile bakoitzak bere lagunekin partekatu nahi duen informazioa jartzen du. Argazkiak, bideoak, beste orrialdetarako estekak edo testu hutseko mezuak jarri daitezke horman. Bere lagunak diren erabiltzaileak eduki horiek iruzkindu egin ditzakete.

Erabiltzaile bakoitzak, bere lagunak zerrenda desberdinetan antolatu ditzake. Interes amankomunak dituzten erabiltzaileentzako taldeak ere sortu daitezke. Gertaera baten berri eman nahi bada, horretarako aukera ematen du eta jendeak bertara joango den edo ez adierazi dezake.

Baina Facebook ez da pertsona norbanakoak erabili dezaketen tresna soilik, erakunde eta enpresek ere erabili dezakete marketin tresna bezala. Horretarako orriak sortzeko aukera ematen du, behin orri bat sortu ondoren, bertatik hainbat ekintza egin daitezke interesa duten erabiltzaileengana hurbiltzeko. Erabiltzaileak orri horren zale egin daitezke eta horrela erakunde horren jarduera jarraitu dezakete.

Pribatutasun kontuak direla eta sarearen erabilera baldintzak direla medio, kritikak ere jaso ditu Facebook-ek. Izan ere bertan kontu bat irekitzerakoan onartu behar diren erabilera baldintzatan, sarera igotzen den eduki guztiaren jabetza Facebook-i uzten zaio era esklusiboan eta betirako.

2006an Obvious enpresak sortutako zerbitzua da Twitter, Jack Dorsey izan zen ideia garatu zuena. Microblogging zerbitzua eskaintzen du, bertan idazten diren mezuak tweet izena dute eta gehienez 140 karaktere izan ditzakete. Mezu hauek publikoak dira eta edozeinek irakurri ditzake Interneten.

Erabiltzaileak elkarrekin erlazionatzeko, jarraitzaileen kontzeptua erabiltzen du. Hau da, norbaiti erabiltzaile jakin batek argitaratzen duena interesatzen baldin bazaio, bere jarraitzaile egin daiteke. Horrela, erabiltzaile horrek idazten dituen mezuak bere Twitter kontuan ikusi ahal izango ditu.

Gai jakin bateko mezuak jarraitzeko "#" ikurrarekin hasten diren hashtag etiketak erabiltzen dira. Ekitaldi edo gertakizun baten inguruan idatzi nahi baldin bada, mezuan etiketa jakin bat erabiltzea gomendatzen da. Horrela, gertakizun baten jarraipena egiteko, gertakizun horren hashtag-a duten mezuak iragazi daitezke eta horiek bakarrik irakurri. Mezuak laburrak direnez, gertakizunen jarraipena oso era dinamikoan egiten da.

Aplikazio eta zerbitzu asko jarri dira abian Twitter-ek eskaintzen duen API-a oinarri bezala hartuta. Batzuk Twitter-eko mezuak era desberdinetan erakustea dute helburu. Beste batzuk berriz, mezuak gailu desberdinetatik bidaltzea, bai ordenagailutik edo gailu mugikorretatik.

2005ean PayPal enpresako hiru langile ohiek bideoak era erraz batean igo eta partekatzeko sortutako zerbitzua da Youtube. 2006an Google-ek erosi zuen 1.650 milioi dolarren truke. Interneten bideoak partekatzeko plataformarik ezagunena da.

Erabiltzaile batek bideoak igotzeko erregistratu egin behar du eta horretarako Google-eko erabiltzaile-kontu bat izan behar du. Behin hori eginda, beste erabiltzaileekin hainbat elkarrekintza burutu ditzake, esate baterako, beste erabiltzaile baten bideoetara harpidetu, berari mezuak bidali edo bideo bat gustuko den ala ez adierazi. Bideoen komentarioak ere utzi daitezke nahi izanez gero.

2003an abian jarri zen LinkedIn eta lan-mundura zuzenduta dagoen sare soziala da. Erabiltzaileek harreman profesionalak egiteko erabiltzen dute eta beraiekin elkarrekintzan jarduteko erabiltzen dute sare hau. Erabiltzaile bakoitzak bere profil profesionala jartzen du eta bere sarea zabaltzen saiatzen da.

Erakundeek eta enpresek ere badute sare sozial honetan beren tokia. Izan ere erabiltzaileek non lan egiten duten adierazi dezakete eta aurrez non egin duten ere bai. Horrela, erabiltzaile bakoitzaren profila, bere ibilbide profesionala dela esan daiteke.

Taldeak sortzeko eta eztabaida foroetan aritzeko aukera eskaintzen du. Foro hauek gai zehatz baten ingurukoak izan ohi dira eta profesionalki horretan aritzen direnak izan ohi dira bertako partaideak.

2003an jarri zen abian MySpace sare soziala eta 2005ean News Corporation hedabide-taldeak erosi zuen. Beste hainbat funtzionalitateren artean, erabiltzaileak blog bat sortu dezake, argazkiak, bideoak eta musika ere igo dezake. Erabiltzaile bakoitzaren orri pertsonala konfiguratzeko aukera zabalak eskaintzen ditu. Norberak erabaki dezake zein eduki sartzen dituen eta diseinua ere aldatu dezake.

Baina sare sozial honen ezaugarri nagusia, musikari ematen dion garrantzi da. Bertan, musika talde hasi berriak eta jada ezagunak direnak ere aurkitu daitezke, beraien musika entzun daiteke, azken berriak irakurri eta kontzertuen agenda ere bai. Beraz, musika taldeek beren lanak ezagutzera emateko eta beraien zaleekin harremanetan jartzeko erabiltzen dute plataforma hau.

Google-ek 2004an sortutako sare soziala da Orkut. Beste sareen antzera, lagunak egiteko aukera ematen du eta beraiekin harremanetan jartzeko tresnak. Taldeak sortzeko aukera ere ematen du antzeko gustuak eta interesak dituzten erabiltzeak elkarrekin informazioa partekatu dezaten.

Nahiz eta hasiera batean Orkut ingelesez jarri zen abian, Brasilen eta Indian gehien erabiltzen den sare soziala da. Hori dela eta Brasilgo Google da sare honen kudeatzailea.

  • Barnes, J. A. "Social networks". Addison-Wesley Module in Anthropology. 1972, nº 26, 1-29.
  • Barnes, J. A. "Graph theory in network analysis". Social Networks. 1983, n 5, 235-244.
  • Watts, D. Six degrees: The science of a connected age. New York: W. W. Norton & Company, 2003.
  • Benkler, Yochai. The Wealth of Networks. New Haven: Yale University Press, 2006.
  • Li, Charlene; Bernoff, Josh. Groundswell: Winning in a World Transformed by Social Technologies. Boston: Harvard Business Press, 2008.