Arquitectura

Palacio Narros

Ver versión en euskera.






Narros jauregia, herriko mendebaldeko itsasertzean, orube preziatu batean altxatzen da. Zarautz leinuaren antzinatasuna ezaguna da udalerrian. Adibidez, beste izenen artean, Fortun Sanchez Zarauz Ganboa nabarmen dezakegu, leinu honen lehenengo pertsonaia ezaguna edo ospetsua Gipuzkoako Justizia Nagusia (1327 urtean) izateagatik.

Jauregiatik hurbil familia honen Erdi Aroko dorretxea zegoela egiaztatu dute zenbait lanek eta agiriek. Izan ere, antzinako eraikuntza honen aztarnarik agerian ez dago baina Erdi Aroko multzoaren materiala erabili zela berpizkundeko jauregia eraikitzeko orduan frogatuta dago.

Juan Ortiz Zarauz Ganboa jauregiaren sustatzailea izan zen eta 1536. urtean, hau da, errenazimenduko garaian, hasi zen eraikitzen jauregi-multzoa. Momentu honetan antzinako dorretxeak egoitza-jauregi bilakatzen ari ziren, ez zegoen jauregi eredu bakarra, eta horregatik askotariko tipologiak aurki daitezke.

Narros jauregia bereizitako jauregia da, bakartua, eta aurrealdeko partean lorategi handi bat dauka. Jatorrizko oinplano karratua du baina, XIX. mendearen handiagotze lana egin ondoren, 1845. urtean, hain zuzen, jatorrizko jauregi-multzoari alboetako gorputzak itsasi zitzaion eta, honen ondorioz, gune karratua multzoaren erdian geratu zen eta protagonismoa galdu zuen.

Estiloari begiratuz gero, jatorrizko eraikina irekia da eta Erdi Aroko defentsazko elementuak desagertu izan arren, garitoiak eta pinakuluak mantentzen dira angeluetan, Erdi Aroko defentsarako eraikuntzaren estetika oroituz.

Lau fatxada ditu eta hareharriz eta harlanduz egina daude. Aurrealde nagusian, hegoaldeko fatxada dena, beheko solairua, solairu nagusia eta ganbara bereizten dira. Lehenengo pisuan, sarbidea azpimarratzekoa da berpizkundeko elementuak agerian baitira, adibidez, atearen erdi puntuko arkua, ingurututako moldura eta markoztatzen duten dobelak, luze, estu eta handiak direnak. Horretaz gain, sarbidearen alboetan, puntu erdiko leihoak irekitzen dira. Gainean, moldura batek ondo bereizten du beheko pisua eta solairu nagusiaren arteko gunea. Pisu honetan, sarbidearen goiko partean eta ardatza nagusia azpimarratuz, familiaren armarri barrokoa nabarmendu behar dugu non Zarauz inskripzio ezaguna, Zarauz antes que Zarauz, (Zarautz, Zarautz baino lehen) agertzen den. Elementu hau, armarria, kareharriz egina dago eta, beheko pisuko sarbidea bezala, moldura batez markoztuta dago. Alboetan lau balkoi irekitzen dira. Goiko solairuan, aldiz, bost hutsune txiki agerian daude eta, apaingarri eta erremate gisa, beste erlaitz bat eta almenak altxatu dira.

Atzeko fatxadak, iparraldekoa, itsasora ematen du eta, lurraren desnibelaren ondorioz, beste solairu berri bat, sotoa, sortu zen, multzoa lurraren desnibelari egokitzeko asmoz. Horregatik, sotoa edukitzeaz gain, beheko pisua, solairu nagusia eta ganbara ditu. Fatxada honen baoen antolamendua irregularra da eta neurri ezberdinetako leihoak eta hutsuneak aldizkatzen dira. Mendebaldeko eta ekialdeko fatxadetan baoen antolamendu ezohikoa errepikatzen da, irregularra eta asimetrikoa baita. Bestalde, lehen aipatu dugun bezala, jatorrizko jauregiari, bi atal angeluzuzen gaineratu zitzaizkion, beste material batez eraikiak, eta honek hasierako disenua indargabetzen du.

Hegoaldeko fatxadaren aurrean lorategi nagusia ipini zen eta atzeko partean, mendebaldeko eta ekialdeko alboetan, irekiak eta itsasora begiratuz, beste bi ezarri dira.

Barruko partean atal deigarrienetakoa ataria da. Multzoaren erdian kokatuta dago, beiraz estalia da, eta gune honen inguruan antolatzen da gainerako eta betiko guneak eta gelak. Beheko solairuko guneak, sukaldeak, jangelak, bisita-gelak, egongelak eta bulegoak ziren. Solairu nagusian, liburutegia, artxiboa, kapera eta jabeen logelak kokatzen ziren. Ganbaran, berriz, zerbitzarien gelak eta logelak zeuden.

Eraikina honek pertsonaia ospetsuei ostatu eman die, besteak beste, Espainiako Isabel II.a erreginaren egonaldia aipatzekoa da. Bisita mota hauek beste pertsonaia batzuen bisita erakarri zuten eta honek herriaren garapen turistikoa ekarri eta bultzatu zuen.

Bestalde, Aita Coloma jesuitak, udaldian egoten zena, 1912 urtean argitaratu zuen El salon azul liburua non adierazten duen jauregi honi lotuta dagoen legenda.

Bukatzeko esan, Narros jauregia 1964ko urtean Monumentu Historiko Artistiko izendatu zutela.

  • AGUINAGALDE, Borja. "Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak". Bertan, nº11. San Sebastián: Gipuzkoako Foru Aldundia. Cultura eta Euskara Departamentua, 1997.
  • ASPIAZU, R. "Arquitectura civil doméstica de Guipúzcoa. La vivienda urbana y la vivienda noble entre los siglos XV y XVI". Ibaiak eta Haranak. Vol. 2: Guía del patrimonio histórico-artístico y paisajístico. Bilbao: Ed. Etor, 1992.
  • DE YRIZAR, Joaquín. Las casas vascas. Biblioteca Vascongada Villar. Librería Villar. Bilbao: 1929.
  • ORELLA, José Luis; ESTÉVEZ, Xosé (coord.). Casas Torres y Palacios de Guipúzcoa. San Sebastián: Colegio oficial de aparejadores y arquitectos técnicos de Guipúzcoa, 1996.