Arkitektura

Narros Jauregia

XVI. mendean garatu zen korronte artistiko berriari errenazimendu edo berpizkunde deitu zitzaion. Estilo honetako jarraibideak Italiatik etorri ziren eta, jakina denez, eredu klasikoetan bilatu zuen inspirazioa. Horren ondorioz, euskal lurraldeetan hizkera arkitektoniko berria sortu zen. Alde batetik, arkitekturaren tradizio klasikoa, klasizismo izenekoa, berreskuratu zen, baina, beste alde batetik, bertako estiloari egokitu zen korronte berria, hau da, proportzioa, simetria eta harmonia nagusitu ziren arren, aldi berean, tradizionalismoa, soiltasuna eta neurrizko estiloa, bertako arautegia, gorde zen.






Arkitektura zibil arloan, jauregia izan zen tipologiarik esanguratsuena eta aipatutako ezaugarriak ondo islatzen dira eraikuntza mota honetan. Garai honetan bi moldetako jauregiak bereizten ditugu: trinkoa eta patioduna. Trinkoak, oinplano aglomeratua daukana, Erdi Aroko dorretxean sorburua du eta Atlantiko aldean altxatzen da gehienetan. Patiodunak, berriz, erdiko atalean patioa edo etxartea du, Italiako eta Espainiako hegoaldeko etxe-arkitekturarekin zerikusia dauka eta Mediterraneo aldean ematen da.

Hala eta guztiz ere, salbuespenak aurkitzen dira eta hauetako bat Narros jauregia da, Kantauri aldean, Zarautzen, hain zuzen ere, kokapenarengatik eta barruko patioen antolaketa izateagatik.

Orube honen lehenengo jabea Zarauztar leinuarena izan zen baina, XVIII. mendean, ezkontza baten ondorioz, Corral familiara pasa zen. Gero, Narros markesgoaren eta Granada de Egako dukeen jabetza izan da. Gaur egun pribatua izaten jarraitzen du, eta jabeak aipatutako familien oinordekoak dira. Honen ondorioz, hainbat izen izan ditu, Zarauztarron jauregia, Corraldarren jauregia eta, agian, ezagunena, Narros jauregia.