Arquitectura

Palacio Guevara

Ver versión en euskera.

Ikuspuntu kronologikotik, XIII. mendearen bukaeran edo XIV. mendearen lehen hamarkadetan hasi omen zen eraikitzen jauregia.

Oinplanoari dagokionez, laukizuzena da, 35 x 40 metro inguruko neurriekin, angeluetan oinplano karratuko lau dorre haundi dauzka, eta erdian atari bat uharka batez hornituta irekitzen dena. Erdiko gunearen inguruan, hau da, atariaren inguruan, antolatzen ziren gainerako gelak eta guneak lau dorreak lotuz.

Badirudi, egoitzako gune hauek beheko solairua eta solairu nagusian antolatzen zituztela baina, gaur egun, behintzat, ezin da baieztatu datu hau. Dena den, gune hauek estalita zeudela eta estalkia bi isurialdekoa zela jakina da. Gorputz hauetako altuera txikiagoa zen, dorreakoekin konparatuz, eta, aztarnen arabera, jauregiaren sarbidea mendebaldeko partean zegoen. Izan ere, alde honetan agerian dagoen baoa, arku nagusia eta zorrozduna izateaz gain, zabalera handiagokoa da eta harlanduzko dobelaz egina dago. Hainbat adituek baieztatu dute ate honen goiko partean Guevaratarren armarria, XVI. mendekoa, zegoela baina gaur egun elementu hau desagertu egin da.

Aipatu den bezala, lau dorre altxatu ziren angeluetan. Ipar-mendebaldeko dorrearen kontserbazio egoera da hoberena, nahiz eta asko ez gelditu, eta honi esker ezagutzen dira eta sumatzen dira dorreen ezaugarri orokorrak. Oinplano karratua daukate, alboetako hamar metrokoak dira eta 1,40 metroko lodiera dute. Hormetako fabrikazioan harlangaitza eta harlandua nahasten dira. Lurralde honetako dorrerik gehienetan gertatzen den bezala, hormak harlangaitzez edo manposteriaz egin ziren, eskantzuak, arkuak eta baoetako zangoak, berriz, harlanduzkoak dira.

Dorrean zabaltzen diren irekidurak oso gutxi dira. Hegoaldeko fatxadan bi sarrera agerian daude, bata, beheko solairuan dago eta erdi puntuko arku dauka, bestea, aldiz, lehenengo pisuan irekitzen da, arku zorrotza du eta dobelaz hornituta dago. Bao honen gainean, leiho txiki batek, erdi puntuko arku bat daukana, urratzen du horma eta bigarren pisuan, berreraikia dagoena, hiru gezi-leihok agerian daude. Ekialdeko aldean, sarbide bat agertzen da, gaineko atalean, beste bao dinteldun bat irekitzen da eta goiko partean, berriro, hiru gezi-leihoak. Bao mota hauek irekitzen dira ere mendebaldeko aurpegian, bai beheko solairuan, bai goiko partean; gainerako solairuetan, leiho dinteldun batek eta beste bao batek, azken honek erdi puntuko arku beheratua daukana, urratzen dute horma. Bukatzeko, iparraldeko aldean, beheko eta lehenengo pisuan bi gezi-leiho agerian daude, eta, goiko solairuan, gainerako alboetan bezala, beste hiru daude. Bigarren solairuan, berriz, arku zorrotz batez hutsune bat dago. Multzo hau lau isurialdeko teilatuez estalita dago eta ondorengo osagai bat da.

Gainerako dorreen egoera ez da oso ona. Ipar-ekialdeko dorrean bi aurpegi gordetzen dira non zenbait gezi-leihok eta hutsune batek, erdi puntuko arku beheratua duena, urratzen dituzte zutik dauden hormak. Horretaz aparte, dorre honetan modiloi bat gordetzen da, egurrezko oholtza muntatzeko seguraski.

Hego-ekialdeko dorrearen egoera ez da oso ona eta altxatzen diren hormetan, antzeko antolamendua errepikatzen da, berriro gezi-leihoak agerian daude. Desnibelari egokitzeko, dorre hau harrizko malkar batean altxatu zutela aipatzekoa da.

Hego-mendebalderantz orientatuta dagoen dorrearen aztarnak oso gutxi dira. Bereizten diren oinplano karratua eta arku zorrotz baten hutsune bat aipatzekoa da.

Barruko parteari dagokionez, sukaldearen gunea (iparraldeko alboan) eta hainbat bao tamaina ezberdinekoak azpimarratzekoak dira, besterik ez.

Lehen esan den bezala, XIII. mendearen bukaeran edo XIV. mendearen lehen hamarkadetako eraikuntza izanik, defentsa-funtzioa lehenesten zen, militarki hornitua zen eta horregatik ez dauka irekidura asko. Guevara jauregiak militar edo defentsarako ezaugarriak betetzen ditu eta goiko atalean, batez ere, pilatzen dira defentsarako osagaiak, hau da, gezi-leihoak eta aipatutako modiloia.

Lehenengo gerrate karlistan, hau da 1839 urtean, Zurbano jeneralak leherrarazi zituen Guevaratarren gaztelua eta jauregia eta horregatik gaur egun hondatuta daude, batez ere gaztelua.

1964. urtean Arabako Foru Aldundiak Guevaratarren jauregia zaharberritu zuen, zehazki, ipar-mendebaldeko dorrea eta 1984. urtean Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuten.

Arabako probintzian honelako dorretxe antzekoak aurki daitezke, Fontechan, Mendietan, Delikan edo Zuazan.

  • ARECHAGA, Susana; VIVES, Francisca. Torres y fortificaciones en Álava. Vitoria-Gasteiz: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, 2004.
  • BEGOÑA, Ana De. Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Vitoria: Diputación Foral de Alava, 1986.
  • DE YRIZAR, Joaquín. Las casas vascas. Biblioteca Vascongada Villar. Librería Villar. Bilbao: 1929.
  • LLANOS, Armando. Defentsarako arkitektura-Una arquitectura defensiva. Euskal Herriko Gazteluak eta Dorre Gotorrak-Castillos y Torres Fuertes del País Vasco. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2006.
  • PORTILLA, Micaela. Torres y casas fuertes en Álava. Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal. Vitoria: 1978.