Arkitektura

Guevara jauregia

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa garrantzi handikoa izan zen; izan ere, garai honetako arkitektura erlijiosoko eta zibileko adibide ugari gordetzen dira lurralde osoan.

Arabaren kasuan, bai Gasteizen, bai landa-inguruetan, aurki daitezke arkitektura zibil gotikoaren adibide esanguratsuak. Hiriburuan, Cordon etxea eta Arrietako jauregia deigarriak dira, hiriburuaren inguruan, berriz,jauregi eta dorretxe ugari dokumentatu dira. Ikasketen eta agirien arabera, lurralde guzti honetan 130etik gora dorretxe edo defentsarako eraikuntza altxatu ziren baina gehienak desagertu egin dira edo aztarnak baino ez dira heldu.

Hainbat argudio eman daiteke eraikuntza mota honen garapena argitzeko, baina lurraldearen kokapena eta orografia dira esanguratsuenak. Kokapenari begiratuz gero, Araba, Gaztelako mesetaren eta Ebro ibaiaren bailararen artean dago, Kantauriko kostalderantz eta Pirineotarantz, hau da, Frantziako helbiderantz kokatuta dago. Bestalde, orografia aztertzen bada, lurralde hau egokia eta pribilegiatua da defentsarako. Hori dela eta, ez da harritzekoa ulertzea, defentsarako helburuarekin altxatu zirela eta, horretaz aparte, pasabide nagusiak eta merkataritzako komunikabide garrantzitsuak sortu zirela.

Zutik dirauten eraikuntzen artean, Guevaratarren jauregia daukagu. Gasteiztik hamabost kilometrotara aurkitzen da, Barrundia udalerrian, Gebara herritik hurbil. Ingurune honetan, tontor batean, Guevaratarren gotorlekuaren aztarnak aurkitzen dira eta muinoaren mendebaldeko magalean altxatu zuten aipatutako jauregia.

Leinuari dagokionez, Arabako nobleziaren familia boteretsu eta nagusietako bat izan zen guevaratarren leinua eta horretaz gain, gogoratu behar da, bandoen arteko gerretan parte hartu zuela ganboatarren bandoaren burua izanez.