Léxico

Olentzaro

Euskal Herriko pertsonaia mitologikoa, Gabon gaua eta neguko solstizioa irudikatzen dituena. Izen eta jatorriari buruzko teoria desberdinak daude eta Lesaka izendatu zaio jaioterritzat. Bere kanpo itxurari dagokionez, Jesusen jaiotzaren berri ematera jaitsitako artzain bezala irudikatu izan da. Kanta eta ohitura ugari (haurrei opari eta jostailuak ekartzearena barne) sortu dituen pertsonaia honi izen desberdinak eman zaizkio: Olentzaro, Olentzero, Onentzaro, Onontzaro, Orentzago, Orantzaro eta Orentzaro. Hala ere esan beharra dago, Olentzaro Beterrin, Bidasoa inguruan, Gipuzkoako itsasertzean eta Nafarroako mendialdean ospatu izan dela batez ere, eta zenbait tokitan Olentzaro haurrak izutzen zituen pertsonaia bezala ere ikusi izan dela.