Arquitectura

Markina-Xemeingo Hilerria

Jakina denez, estilo neoklasikoa XVIII. mendearen hondarrean heldu zen Euskal Herrira eta XIX. mende osoan iraun zuen. Korronte berri honen sentikortasuna euskal izaerarekin ongi uztartu zen. Hori dela eta, esparru artistiko guztietan arrakasta handia izan zuen.

Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak, hau da, garai hartako gure lurraldeko ekimen kulturalik garrantzitsuenak, Ilustrazioa deritzon pentsamendu kultural berria bultzatu zuen eta gustu artistiko berriaren aldeko apustua egin zuen. Horregatik, Ilustrazioa Neoklasizismoaren mugimendu kulturala dela esaten da.

Ilustrazioaren pentsamenduak barrokoko formak eta ezaugarriak baztertu zituen eta, Errenazimenduan bezala, tradizio klasikora jo zuen. Hala bada, sentimendua ardatz zuen barroko estiloa alde batera utzi eta arrazoian oinarritutako errealitatea antzemateko bide berria planteatu zuen. Kulturaren esparru guztietan eredu klasikoak berreskuratu egin ziren eta, horrekin batera, neurrizko estetika, forma geometrikoak, xumetasuna eta soiltasuna.

Esanak esan, arkitektura arloan, bai esparru zibilean, bai esparru erlijiosoan ere tradizio klasikoan inspiratutako eredu ederrak burutu ziren gure lurraldean, bereziki, erromatarren eta grekoen estetikaz baliatuz.

Bizkaiko probintzian gauzatutako eraikinen artean Markina-Xemeingo hilerria da eredurik onenetakoa.

Mariano Jose de Lascurain ingeniari eta arkitektoari eman zitzaion Markina-Xemeingo hilerria diseinatzeko ardura. 1849. urtean lur eremua erosi zuten eta 1850-1851 urteen artean Jose Sodupek eta Pedro Jose Loiolak burutu zuten lana.

Andra Mariaren Jasokundearen elizaren albo batean dago, ipar aldean alegia. Kokapenari dagokionean, Markina-Xemeingo kanposantua Ilustrazioaren planteamendu higienistetan oinarrituta dago. Kontutan hartu behar da Karlos III.aren agintaldian elizetan ehortzeko ohitura ekiditeko lehenengo arauak eman zirela. Osasun irizpide berriei jarraituz, 1811. urtean hilobiak Jasokundearen elizatik kanpo zeuden jada.

Ezaugarriei begiratuz gero, Markina-Xemeingo kanposantuak Neoklasizimoaren funtsa zehatz-mehatz jasotzen duela esan daiteke, tradizio klasikoan sortuta baitago. Bestalde, egituraren argitasunari eta neurriari esker, arkuz eratutako euskal hilerrien eredu bihurtu da, beste batzuk ez bezala adierazten baitu kanposantu tipologia mota hau.

Eraikinaren materialei dagokienean, Markinako kareharri grisaz egina dago. Aipatzekoak dira sarrera nagusia eta kaperaren kalitatea, apareju isodomoz egina eta maila altuz landuta baitago.

Hilerriko guneak angeluzuzen forma erregularra osatzen du eta esparru osoa horma batez inguratuta dago. Laukizuzenaren alde motz batean, erdian hain zuzen ere, sarrera nagusia irekitzen da eta, pareko aldean, kanposantuaren kapera agertzen da, multzo osoaren burua osatuz. Bi elementu horiek, sarrera nagusiak eta kaperak, eraikinaren erdiko ardatz nagusia osatzen dute.

Barruko eremuan, hainbat osagai nabarmentzen dira, besteak beste, arkupea edo ataria, eta aipatutako kapera. Arkupea perimetrala da eta fuste leuneko zutabe doriarrez hornituta dago. Sarrerako eta kaperako alboetan, hau da, motzak diren aldeetan, sei zutabe agertzen dira; alde luzeetan, ordea, hamar zutabe albo bakoitzean. Atariko estalkia bi isurialdekoa da eta, bertako tradizioari jarraituz, zurezko egitura dauka; egitura osoak horma eta zutabe doriarrak ditu euskarri. Atariko gunean Erromako etxeko tradizioa bistan da, erabilitako zutabe doriarrek Greziako tradizio historizistarraren kutsua izan arren.

Bestalde, kaperan eta sarreran, egituraren aldetik, zenbait osagai egiptoar eta greziar azaltzen dira. Hala nola, kaperaren diseinua, trapezio-formakoa dena eta Egiptoko arkitekturan azaltzen diren pilonoak gogora ekartzen diguna; halaber, gorputz berean agertzen diren frontoi triangeluarrek eta ertzetako elementuek, akrotera izenekoak, Greziako ereduetara jotzen dute. Gorputz honen fatxada gurutze batek koroatzen du. Barruko gunea, kanposantu osoa bezala, angeluzuzena da. Estalkia hormetan eta lau angeluko bi zutabetan bermatuta dago. Horretaz gain, alboetan bi hutsune agerian daude.

Sarrera nagusiaren diseinuan trapezio eskema errepikatzen da, baita frontoi triangeluarra eta akroterak ere. Atal honen erdian irekitzen den sarbidea angeluzuzena da.

Badirudi, jatorrizko lurperatzeko lekua arkupe gunea izan zela, baina gune hori estali ondoren, moldaketak eta etengabeko handitze-lanak izan ditu Markina-Xemeingo kanposantuak. Gauzak horrela, bigarren fase batean, kanpo aldeko espazioa erabili zen ehorzketak egiteko eta panteoiak, mausoleoak eta bestelako hilobi monumentuak altxatzeko. Horietako bat Xabier Maria Munibe XI. Peñaflorida kondearen mausoleoa da. Multzo horrek hilerriaren eskema orokorra eredutzat hartzen du eta Greziako eta Erromako tradiziora jotzen du. Esparrua angeluzuzena da eta ganga batez estalita dago. Hilerriko sarreran eta kaperako fatxadan bezala, hemen ere frontoi triangeluarrak eta akroterak ikus daitezke.

Gero, gerra zibilaren garaian gutxi gorabehera, handitze lanen bitartez gune berria eratu zen ipar aldean eta, horrekin batera, eliza eta espazio berria lotzeko, bigarren mailako zenbait sarrera ireki ziren.

Gaur egun Markina-Xemeingo hilerria Euskadiko Monumentu Nazionala da.

Mariano Jose de Lascurain ingeniaria eta arkitekto gipuzkoarra Donostiako udal arkitekto izendatu zuten 1833. urtean, Pedro Manuel Ugartemendiak dimititu ondoren. Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian ikasi zuen eta, horri esker, Madrilgo korronte neoklasizista zorrotzean murgiltzeko aukera izan zuen. Donostiako berritze lanetan parte hartu zuen eta Silvestre Perezekin lan egin zuen, dizipulu gisa, Mutrikuko Jasokundeko elizaren eraikuntzan (1803-1843). Gainerako lanen artean aipatzekoak dira Azkoitiako iturria (1835), Azpeitiako ikuztegia (1842), Beasaingo San Martin de Loinazen eliza (1847), Arbatzegiko elizaren berritze lana (1848), Ondarroako antzinako udaletxea (1850-1852) eta Zarautzeko kaia (1857-1859).

Lehen aipatu dugun bezala, euskal lurraldean Markina-Xemeingo hilerriaren eraginez, arkuz hornitutako beste zenbait hilerri burutzen dira, hala nola, Abadiñoko eta Elorrioko kanposantuak.

  • HHEE. Una arquitectura para la muerte. Sevilla: 1991.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme; GONZALEZ DE DURANA, Javier; JUARISTI, Jon. Arte en el País Vasco. Madril: Catedra, 1987.
  • BERMEJO LORENZO, Carmen. Arte y Arquitectura funeraria. Los cementerios de Asturias, Cantabria y Vizcaya (1787-1936). Oviedo: 1998.
  • CASTAÑER LOPEZ, Xesqui (ed.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • CENICACELAYA, Javier; ROMAN, Antonio; SALOÑA, Iñigo. Bilbao. Arquitektura metropolitarraren gida. Guía de Arquitectura metropolitana. Guide to metropolitan Architecture. Bilbo: COAVN, 2002.
  • PEREZ DE LA PEÑA OLEAGA, Gorka. Arquitectura religiosa contemporánea en Bizkaia 1865-1875. Del Romanticismo al Movimiento Moderno. Bilbo: Elizbarrutiko Arte Sakratuko Museoa , 2004.